Adunak eta Amezketak aktak euskaraz bidaltzen jarraituko dute

Maier Ugartemendia 2015ko urt. 17a, 11:00

Uemak Zumaian egin du gaur Batzar Nagusia; UEMAko ordezkari politikoek, aho batez, Urkijoren oztopoen gainetik euskararen sustapenean aurrera egiteko konpromisoa hartu dute eta baita aktak euskaraz bidaltzen jarraituko dutela adierazi ere

Gaur Uemako udal ordezkariek Zumaian egin duten Batzar Nagusian 13 udalek jasotako helegiteen ostean, egoera "larria" dela adierazi dute: "Euskararen ofizialtasuna bera ari dira zalantzan ipintzen".

Mankomunitatearen esanetan, Eusko Jaurlaritzari dagokio "euskararen ofizialtasuna defendatzea" eta horregatik, Jaurlaritzari babesa eskatu diote. Izan ere, afera hau lantzeko urtarrilaren 2tik bilera bat eskatua duten arren, erantzunik ez dutela jaso adierazi dute. Erabaki bat hartzeko epea, ordea, amaitzen ari zaie: "Erabaki bat hartu beharrean gara".

Helegiteen aferan aurrera egin ala ez aztertu dute gaurko batzarrean, eta aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea erabaki dute, eta helegiteei aurre egiteko bideari ekingo diote epaitegietan. tartean dira Amezketako eta Adunako Udala, eta Uemak "babestu" egingo dituela adierazi die. Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidaltzea "legezotzat joaz udaletara bidalitako txosten juridikoa" erabiliko dute udalek defentsarako oinarri bezala.

Horrez gain, gaurko batzarrean Zerain Uemako kide izatea onartu dute. Nahiz eta Espainiak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, helegitea jarri zuen Berastegiko Udalaren aurka, 2014ko martxoaren 31n osoko bilkuran  Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, sartzeko erabakia hartzeagatik. Errekerimenduei erantzun arren, irailaren 1ean helegitea jarri zion Urkijok hartutako erabakiari.

Egoera honen aurrean, "erasoei ikuspegi eraikitzaile batetik" erantzuteko konpromisoa hartu dute. Udalerri euskaldunak euskararen arnasguneak "indartzeko", politika "eraginkorrak" abian jartzen saiatuko direla adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!