"Ez genekien non sartzen ginen, baina emaitzarekin oso pozik gaude"

Iñigo Terradillos 2015ko urt. 16a, 14:47

Aitor Ormazabal billabonatarra eta Olatz Aldasoro ibartarra 'Gu ta Gutarrak' saioko lehen edizioaren partaide izan dira. Ez hori bakarrik, izan ere, Euskal Herriko kuadrillarik "jatorrenaren" parte dira. Esperientzia "berri" honen inguruan hitz egin dute.

Zer behar du kuadrilla batek jatorrena izateko?

O.A.: Ez da erreza jakitea. Guk programan parte hartu dugu, baina bakoitzak gure kuadrilla du kanpoan eta bere kuadrillarekin gustura dago.
A.O.: Behar den aurreneko gauza guztien artean anbienbte ona izatea da, denen artean ondo pasatzea. Horrela seguru kuadrilla jatorra izango dela.

Kuadrilla jatorrena bai, baina zuek jatorrak al zarete??

O.A.: Noski! Aurpegia begiratzearekin nahikoa da hori jakiteko.
A.O.: Jatorrak bai. Nohizean behin, 'kabroi' xamarrak ere bai.
O.A.: Hori ere izaten jakin beharra dago...

Zer espero zenuten 'Gu ta gutarrak' programatik?

O.A.: Guk ere ez genekien non sartzen ginen. Esperimentu bat izan da denen partetik, dena berria, eta ez genekien zer etorriko zen. Astetik astera gauzak aldatzen joan dira eta pixkanaka pixkanaka joan gara, eramaten uzten. Baina nik uste dut oso ongi joan dela guztia. Ezaugarri oso ezberdineko jendea nahasi gaituzte eta horrek egin du aberasgarri saioa.

Espero zenutena aurkitu duzue?

O.A.: Nik egia esan ez nuen asko espero. Ezer jakin gabe sartu ginen denak eta inork gutxik esango dizu espero zutena aurkitu dutela. Ni esperientzia berri baten bila joan nintzen, lagunak egitera, eta hori lortu dut. Hiru hilabete oso on pasa ditugu, helburua hori zen eta bete dugu.
A.O.: Ni ere esperientzia on baten bila nindoan eta hori baino askoz ere gehiago irabazi dut. Lagun oso onak egin ditut, eta gainera neska bat ezagutzeko aukera izan dut, beraz, ezinhobeto. Aupa Enara!

Nola piztu zen maitasun hori?

A.O.: Programan ezagutu genuen elkar. Eta elkar gutxi ikusten genuen, programan bakarrik, eta kanpoan ere geratzen hasi ginen. Eta pixkanaka bikote bihurtu arte.

Hasierara joan gaitezen. Zerk bultzatuta parte hartu zenuten programan?

A.O.: Nirea berezia izan zen. Fermin Eskudero, kuadrillako lagun batek kastinaren bezperan gaueko hamaiketan deitu zidan ea hara eramateko moduan nintzen, eta hala egin nuen. Ni han egonda, aurkeztea erabaki nuen, eta azkenean ni hautatu ninduten. Nirea asmoa ez zen aurkeztea.
O.A.: Niri telefonoz deitu zidaten. Deitu zioten kastinerako nire ikasle den bati eta adinez kanpo geratzen zen, eta berak esan zien niri deitzeko. Basetxea-n ere izan nintzen duela urte asko, eta deitu zidatenean joatea erabaki nuen.

Asteburu pasak egin behar izan dituzue. Zer nolako esperientzia izan da hori?

A.O.: Giroa itzela izan da.
O.A.: Asteburuak desberdinak izan dira, hori gustatzen zitzaigun gehien. 24 orduak batera pasatzen genituen, telefonorik gabe. Ez zegoen beste ezer, kamerak eta gu.
A.O.: Denak hain desberdinak ginen, lortu dugula ondo eramatea. Hika mikak izan dira.

Elkarrizketa osoa audioan. Beste galdera batzuk:

 Nola sortu zen Aitor eta Enararen arteko maitasuna?

Eta zein ibili ziren Olatzen atzetik?

Erraza izan al da konbibentzia zuen artean?

Nola ikusi zaituztete zuen etxeetan?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!