Merkatu txikia, elkartasun bizienaren habi

Tolosaldeko Ataria 2015ko urt. 16a, 11:45

Laskorain ikastolak antolatutako merkatu txikiak sekulako arrakasta izan du, 19.300 euro lortu baititu. Diru hori, Tolosaldea Sahararekin elkartera eta Ibarratik Misio taldera bideratu dute.

Urteak dira, jada, Tolosako Laskorain ikastola eguberrietako elkartasun azoka antolatzen hasi zela. Eskualdeko herritarren babesaren isla, 19.300 euro eman dizkie, ikastolak, Ibarratik misio taldeari eta Tolosaldea Sahararekin elkarteari, Hondurasen (Teguzigalpa-Suyapa) eta Saharan (Midyik) dituzten egitasmoetara bideratzeko. Saldu gabe gelditu den guztia, berriz, Emaus Fundazioak jaso du.

19. Merkatu Txiki honetan, 130 dendari eta erakundek hartu dute parte, eta zabalik egon den egun guztietan, 200 guraso, ikasle, ikasle ohi eta gainerako herritarren laguntza izan du. Hori dela eta, Laskorain Ikastolak "esker ona" adierazi nahi izan die laguntzaile horiei, nahiz bertan salgai egon diren produktuak eskuzabaltasunez eman dituzten herritar eta dendari guztiei.

Partaidetzari dagokionez, "merkatu txikiak jasotzen duen erantzuna areagotzen" ari dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Irudietan, Ibarratik Misio Taldeko eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak, Irene Larrazaren eskuetatik diru-laguntza jasoaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!