Gailurrak taldean konkistatzeari, agur

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 15a, 10:55

Mendi taldeen arrakasta gainbehera doa azken urteotan, eta joera orokorra da, gainera; belaunaldi berriek maite dute mendia, baina, taldetik norbanakora, ohiturak aldatu egin dira.

Atzean geratu ziren, aspaldi, kaikua soinean jantzita, lagun artean, mendira igotzeko egunak. Oraindik ere bada zahatoaren soka bularrean gurutzatu eta gailur bakoitza topa eginez biribiltzen duenik. Baina, tontorren konkistak ospatzeko taldearen beroa bezalakorik ez den arren, badirudi belaunaldi berriek bestelako bidezidorrak nahiago dituztela eta, mendi-gainetatik behera kideekin euskal kantutegi osoa errepasatu beharrean, nahiago dutela beren bide-doinu propioa sortu.

Mendi taldeak krisian dira, ekonomia bezalaxe, XXI. mendeko bigarren hamarkada honetan. Adin ertaineko kideak dira, oro har, Tolosaldeko taldeetako motor eragile eta, tamalez, lekukoa hartuko dien gazteen falta sumatzen dute.

Asteasuko Sagain mendi taldea da krisi horren adibideetako bat. Herri txikia izaki, oztopoak ere handixeagoak dira horrelako talde baten jarduna bizi mantentzerakoan. 2014. urteko balorazioa egiten hasita, beraz, zirt edo zart egiteko hautua egin dute arduradunek, eta oinordekotza baten esperoan ekin diote 2015ari; iritsiko ez balitz, taldea bertan behera uzteko tramiteak hasiko lituzkete.

Txomin Isuntza asteasuarrak argi ikusten du, gazteak erakartzeko jarduera eta egitasmo berriak prestatu behar direla, eta Ondarroako eskalada ikastaroen arrakasta darabil adibidetzat. Alegiako mendi asanbladak ere jarduera berritzaileak antolatzeko erabakia hartu du aurten, herritarrak erakartzeko. Horrela, haurrak mendizaletzeko bidera lerratu dira, haien aitzakian guraso gazteak soka horretan lotzeko.

Afera honek, hala ere, badu paradoxa bat. Izan ere, mendi taldeetako parte hartzeak lehengo arrakastarik ez izanagatik, mendiko federatu txartelak barra-barra egiten dituzte, oraindik ere.

Maldan gora, seguruago

Alegiako mendi asanblada, Villabonako Aizkardi, Tolosako Alpino Uzturre, Tolosako Amarotz mendi taldea, Tolosako Oargi eta Asteasuko Sagain Tolosaldeko mendi taldeak dira.

Gehiago ala gutxiago, guztiek errelebo indartsu baten falta dute; nahiz eta, egiazki, eskaladak eta antzeko jarduerek mendizale gazteenak erakartzen dituzten.

Bide horri helduz uler daiteke, mendirako federatu txartelen arrakasta. Besteak beste, mendizaleei segurtasuna eskaintzen die federatu txartelak, istripu edo ezbeharren aurrean aseguru baten babesa jasoz; helikopteroa beharrezkoa den kasuetan ere, erreskatean lagungarri suerta daiteke txartela.

Aipaturiko babes hori, gainera, askotarikoa izan daiteke, norberak egiten duen jarduera motaren arabera: Euskal Herriko eta Espainiako mendietarako txartela; Pirinioetarako txartela nahiz nazioarteko tontorretarako txartela. Halaber, mendiko bizikletan, eskiatzen, snow-ean nahiz espedizioetan aritzen direnentzako gehigarriak ere eskaintzen ditu txartelak.

Ezbehar eta istripuak gertatu aurretik, ordea, prebentzio eta jakintza zabaltzeko ere baliagarria da txartela: Euskal Mendizale Federazioak eskaintzen dituen ikastaro, lehiaketa nahiz laguntza teknikoaz gozatzeko ateak zabaltzen dizkie mendizaleei.

Taldean nahiz taldetik kanpo, beraz, eskualdeko txoko horietan guztietan aukera zabalik da, mendiko federatu txartela egiteko. Alegian, esaterako, Intxurre elkartera bertaratu behar da, datuak eman eta txartela tramitatzeko. Aizkardik, Alpino Uzturrek, Oargik, Amarotzek nahiz Sagainek, berriz, beren web atarietan dituzte mendiaz gozatu eta arriskurik ez izateko bete beharreko jarraibide guztiak.


 

Txomin Isuntza. Sagain mendi taldeko kidea: «Lehen mendi taldeek beste funtzio bat zuten; ez zegoen egungo erraztasunik»

Asteasuko Sagain mendi taldearen etorkizuna kolokan dago, herritarrek haien jarduerei erantzunik ematen ez diotelako. Arduradunek mendizaleen federatu txartelak egingo dituzte, eta urtebeteko epea uzteko erabakia hartu dute, norbaitek aurrera jarraitzeko lekukoa hartuko duenaren itxaropenez.

Sagain mendi taldearen etorkizuna zalantzan dagoela jakinarazi duzue zuen webgunearen bitartez.

Bai, egia esan, denbora daramagu erabakiarekin bueltaka. Duela hiru urte inguru Euskal Herriko kostalde guztia trekking eginez zeharkatzeko martxa antolatu genuen, eta hark jendea erakarri zuen, hasiera batean, behintzat. Gerora, ordea, taldeko mugimendua ez aurrera ez atzera geratu zen, jende kopurua ere nabarmen murriztu zelako. Asteasu ere herri txikia da, eta ezin du talde jendetsua izan, baina erantzunik jasotzen ez genuenez, gogoa ere apaltzen joan da.

Hausnarketa baten beharra ikusi zenuten, beraz.

Bai, hori da. Kontua da 2015a gainean genuela, beraz, federatu txartelak egiteko lanekin aurrera egitea erabaki genuen; bide batez, jende berria animatzeko epe bat uztea egokia izan zitekeela ere pentsatu genuen. Izan ere, pena litzateke Sagain desagertzea, elkarte moduan erregistratzeko paper eta dokumentazio guztia egina baitago.

Gaur egun, zenbat kide ari zarete Sagain-en lanean?

Bospasei lagun aritzen gara. Egia esan, ardurak ez du lan handirik; ideia berriak izatea da kontua eta, ondoren, gutxieneko konpromiso bat hartzea ideia horiek gauzatu ahal izateko.

Jende berriak freskotasuna ere ekar lezake, ezta?

Bai. Jende berriak ideia berriak ekarriko lituzke, eta Sagain-i erantzun ona emango liokeen jendea badagoela iruditzen zait.

Mendi taldeen itzaltze hau ezta Asteasuko kontu isolatua. Zein da, zure ustez, horren arrazoia?

Lehen, mendi taldeek beste funtzio bat zuten, ez baitzegoen gaur egungo erraztasunik mendira joateko. Horrela, taldeek mendizaleak bildu eta mendira joaterakoan segurtasun bat eskaintzen zuten. Gaur egun, berriz, informazio asko dago, erraztasun handiak, eta badirudi jendea gauzak bere kabuz antolatzen hasia dela. Izan ere, herri handietako taldeak ere kili-kolo dabiltzala jakin dugu; ez gara bakarrak, beraz.

Mendiaz gozatzeko bestelako ereduak — lehia, adibidez— nahiago dituzte gazteek?

Ez dakit lehia ote den. Ondarroako kasua ezagutzen dut, eta han gazte asko sartu ziren duela urte batzuk, eskalada egiteko eskaintza zutelako; sekulako mugimendua sortu zuten. Beraz, posible da bestelako jarduera mota bat antolatu behar izatea.

Taldeko giroak ere indarra du, ezta?

Hori da. Azken finean, lagunak izanez gero, taldeak gehiago erakartzen zaitu. Dena den, hainbat arrazoiren nahasketa dago krisi txiki honetan, nire ustez; ez dut uste arrazoi bakarra dagoenik.

Hasi berria den urtea, beraz, probakoa izango da, nolabait.

Bai, Orain, urte hasierarekin, federatu txartelak egiten ari gara, eta gure webgunean gutun bat argitaratu dugu, gure asmoak ezagutarazteko. Gainerakoan zain gaude, eta bada hitz egiteko prest azaldu den jendea; ez zein asmo duten. Bestela, ekaina-uztaila inguruan, elkartea ixteko eman beharreko pausoei ekingo diegu.

 

Roman Gantzarain. Alegiako mendi asanbladako kidea: «30 urtetik beherako gazteak beren gisara ibiltzen dira mendian»

Mendi taldeen gainbeherari haurrentzako irteerak antolatuz erantzuteko lanean dihardute, Alegiako mendi asanbladan; modu horretara, guraso gazteak erakarri nahi dituzte taldera.

Zuen taldean ere jende falta da kezka nagusi, ezta?

Bai, gaur egun, jendea ez da edonola etortzen irteeretara. Duela bospasei urte, adibidez, sei edo zazpi txango, edo gehiago, antolatzen genituen Alegiatik; orain, berriz, hiru edo lau egiten baditugu, gustura.

Berrikuntzaren bat martxan jarri duzue, ezta?

Orain umeentzako irteerak antolatzen hasi gara eta, horrela, gurasoekin-eta egiten ditugu zenbait txango. Baina, esan bezala, hiruzpalau egingo ditugu, gehienez ere. Gero, Pirinioetara urtero antolatzen dugun irteera ere mantenduko dugu, udan.

Zenbat pertsona aritzen zarete, orain, taldean?

Hiru pertsona ari gara gaur egun, ez gehiago.

Horri buelta emateko sekretua zein ote da?

Haurrentzako egitasmoak antolatzea, hortik gurasoei tiratzeko. Izan ere, aipaturiko hiru kideotatik bi haur eta gaztetxoen guraso dira, eta nire ardura, berriz, federatu txartelena da.

Mendi taldeek lehengo arrakastarik ez duten arren, federatu txartelak egiten jarraitzen duzue. Zein da arazoa, beraz?

Aurten ere egingo ditugu txartelak, betiko moduan, Intxurre elkartetik. Gainera, federatu kopurua jaitsiko balitz, azalpen bat emateko aukera izango genuke mendi taldeen arazo honi, baina ez da horrela; iaz 85 inguru egin genituen eta, aurten, jada, 45 egin ditut. Badirudi 30 urtetik beherako gazteak beren gisara ibiltzen direla mendian, ez baitiote mendira edo eskiatzera joateari utzi.

 



 

Eskualdeko zenbait mendi talderen 2015eko egutegiak

AIZKARDI MENDI TALDEA

Urtarrilak 18. Biriatu - Manttale - Larrun - Sara.

Urtarrilak 25. Villabona - Buruntza - Zubieta.

Urtarrilak 31- Otsailak 1. Haurren eski irteeta, Somportera.

Otsailak 15. Villabona - Uzturre - Tolosa (inauteriak).

Otsailak 22. Lekaroz - Alkurruntz - Urdazubi.

Martxoak 29. Aizkardiko 47. ibilaldia.

Apirilak 12. Urrigoiti - Itxiña - Lekanda - Gorbeia.

Apirilak 26. Artikutza.

Maiatzak 10. Laudio - Kamaraka- Ganekogorta.

Maiatzak 24. Aralar.

Ekainak 14. Esterenzubi - Iraukotuturre- Irati.

Ekainak 21. Errenteria - Urdaburu.

Ekainak 27-28. Biados - Eriste-Orus - Posets- Biados.

Uztailak 12. Zuriza - Txipeta - Kimboas - Zuriza.

Uztailak 18-19. Gavarnie - Vignemale.

Irailak 12-13. Panticosa - Ibones de Bachimaña aterpea - Peña Xuans - Batanez - Infiernos.

Irailak 21. Altzo - Otsabio.

Urriak 18. Barrio - Batxikabo (1.200m) - Sobron (Araba).

Urriak 25. Urnieta - Adarra - Onddi - Hernani.

Azaroak 15. VIII. Argazki rallya.

Azaroak 23-29. XXXII. Mendi astea.

Abeduak 13. Erroizpe.

Abenduak 20. Lezea - Aratz - Araia.

OARGI MENDI TALDEA

Urtarrilak 24-25. Eski irteera Cauterets-era.

Otsailak 8. Aiako Harria.

Otsailak 21. Adarra.

Otsailak 23-25-27-28. Orientazio ikastaroa.

Martxoak 14-15. Annie eta Petretxema.

Martxoak 28-29. Lizebar eta Diablozulo arroilak.

Apirilak 2-6. Mulhacen.

Apirilak 18-19. Espeleologia.

Apirilak 20-22-24-25. GPS ikastaroa.

Maiatzak 4-7-8-9-10. Eskalada ikastaroa.

Maiatzak 16-17. Riglos eskalada.

Maiatzak 30-31. Vignemale.

Uztailak 12. Zuriza - Txipeta (2.189m) - Kimboas (2.182m) - Zuriza (Huesca, Aragoi).

Ekainak 6-7. Gorgas Negras arroila.

Ekainak 13. Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi lasterketa.

Ekainak 27-28. Gabietous.

Uztailak 4-5. Via ferratak Cantabrian.

Uztailak 18-19. Astazou.

Uztailak 31- Abuztuak 2. Picos de Europa (Cresta Madejuno - Tiro Llago).

Irailak 12-13. La Zapatilla.

Urriak 3. Euskal Herriko erdigunea.

Urriak 17-18. Aratille.

Azaroak 7-8. Saioa

Azaroak 22. Mugarrako ertza.

Abenduak 13. Artzena mendizerra.

Abenduak 19. Uzturre.

ALPINO UZTURRE MENDI TALDEA

Urtarrilak 18. Soraluze - Egoarbitza - Ermua.

Otsailak 22. Barkoxe - Maidalena - Atharratze.

Martxoak 15. Dima - Leungana - Urkiola.

Apirilak 19. Aldudes - Errola - Ibañetako gaina.

Maiatzak 17. Antoñana - Soila- Apellaniz.

Ekainak 7. Iratiko etxetxoak - Orhi- Otsagi.

Uztailak 18-19. Bielsa - Lustou.

Abuztuak 17. Pass´Aran - Mauberne.

Irailak 13. Santa Engrazi- Lakorra- Juan Pito.

Urriak 18. Artaza - Repico - Berberena.

Azaroak 15. Egozkue - Saioa - Belateko gaina.

Abenduak 13. Etxarri Aranatz - Intxusburu - Etxegarate.

BTT irteerak.

Maiatzak 23. Tolosa - Andoain- Lekunberri - Azpiroz - Betelu - Tolosa.

Irailak 19. Tolosa - Zazpi Bide - Leaburu - Gaztelu - Uli - Berastegi - Belabieta - Uzturre - Tolosa.

Eskalada irteerak.

Uztailak 11. Egino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!