Eskubide Sozialen Karta paperetik borrokarako tresna izatera pasatzea nahi dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko urt. 14a, 18:39

Eskubide Sozialen Karta aurkeztu dute jendaurrean gaur, Tolosako kultur etxean. Tolosaldean 5 batzar egin dituzte eta 25 bat pertsonak hartu dute parte prozesuan. Behin gutuneko ardatzak finkatuta, orain, "paperetik borrokarako tresna" izatera pasatzeko garaia dela nabarmendu dute.

Maddi Sarasola kartaren Tolosaldeko dinamizatzaileetako bat da eta Ataria Irratian elkarrizketatu dugu:   

Eskubide Sozialen Karta sindikatu zein eragileek egindako hausnarketatik jaio zen. Larrialdiko egoera batean gaudela diote sustatzaileek, eta horregatik eman behar dela erantzun bat. "Hori da Eskubide Sozialen Kartaren abiapuntua", esan dute Tolosako aurkezpenean.

"Orain arte ezezko borroketan ibili gara eta bada garaia eraikitzen hasteko", esan dute. Era berean, Tolosaldean kartaren erredakzioan 25 bat pertsonak hartu dutela parte esan dute, eta 5 batzar egin dituztela.

Kartak zehazten dituen ideien artean jarduera ekonomikoak interes pribatuetatik atera behar direla esan dute. Baita baliabide naturalak ondasun komunalen osagai izatera pasa behar direla ere. Era berean, emakumeen kontrako indarkeriarekin behin betiko bukatu behar dela esan dute, eta horretarako eredu heteropatriarkala irauli behar dela.

Babes sozialerako sistema publikoa bermatu behar dela ere azpimarratu dute, eta kalitatezko enplegua sustatu behar dela. "Enplegurako arau berriak ezarri behar dira. Enplegu duina sustatu behar da, negoziazio kolektiboa bultzatu eta gutxieneko zein gehienezko soldatak finkatu", esan dute.

Osasun sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde hitz egin dute, eta baita hezkuntza sistema propio bat aldarrikatu ere. "Etengabeko prozesu bat bezala ikusten dugu hezkuntza".

Ideia hauek eta beste batzuekin Eskubide Sozialen Karta gaur egungo sistema irauli nahi duela esan dute, borrokarako tresna bilakatu, eta eredu sozial berri bat eraiki.

Orain herriz herri aurkeztuko dute karta, atxikimenduak lortzen jarraituko dute lanean, eta interpelazio politiko-instituzionala eskatuko dute ere. Bi mobilizazio ere iragarri dituzte. Behin behineko datak hauek dira: martxoaren 14an mobilizazio nazionala eta urriaren 24an Foro Soziala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!