Merkealdia «itxaropentsu» hasi da

Maier Ugartemendia 2015ko urt. 14a, 11:30

Amaitu berri den Eguberrietako kanpaina «positiboki» baloratu dute merkatariek. Merkealdiei dagokienez, Espainiako Merkataritza Konfederazioaren arabera, hego euskal herritarrek ia 90 euro gastatuko dituzte.

Merkealdi garaiak bat egin du Gabonen amaierarekin. Olentzerok edo Errege Magoek ekarri ez duten hori, baina aspalditik begiz jotako hori erosteko aukera izango da askorentzat. Izan ere, badirudi aurten eskualdean Olentzero eta Erregeak lanean buru belarri ibili direla, zeren salmenta kopurua «igo» egin da Eguberri garaian, Agustin Aduriz, Tolosaldea Garatzeneko Merkataritza saileko arduradunaren arabera.

Eguberrietako kanpainaren balorazio «positiboa» egiten dute orohar merkatariek, Adurizek neurtutakoaren arabera. «Oso pozik» nabaritu ditu merkatariak, aurreko urteetako salmentekin alderatuta aurtengoan kanpaina «hobeagoa» izan delako.

Tolosaldean, hiru merkatari elkarte daude: Ibarrakoa, Tolosakoa eta Villabonakoa. Eta salmentak hiruretan izan dira onak Adurizen esanetan, betiere kontuan izanda herri bakoitzak duen merkataritza «mota ezberdina».

Erosketak egiteko egunei dagokionez, Olentzero erosketak egiteko «joera» badagoen arren, salmenta kopururik handiena Errege Magoetarako egiten dela adierazi diote merkatariek Adurizi: «Errege Magoak dira nagusi oraindik Tolosaldean».

Gainera, Tolosaldeko Merkatari Elkarte ezberdinek Eguberri hauetarako martxan jarri dituzten kanpaina bereziek herrietako eta eskualdeko jendea «erakartzeko» baliogarriak izan direla uste dute. Aurten garai horretarako bereziki egin diren kanpainak ere «positiboki» baloratu dituzte, espero bezala jendea «erakarri» dutelako, eta bestalde, herri bakoitzean ere bestelako agendak osatzeko balio izan duelako.

Ekimen gehienak haurrei zuzendutakoak izan dira, eta horrek gurasoek edo zaintzaileek erosketak egiteko denbora librea izaten «lagundu» du. Horrez gain, «kaleak girotzeko» ekimen desberdinak ere antolatu dituzte. Eta opari txeke ezberdinak ere jada zozketatu dituzte hiru elkarteek.

Eguberrietatik merkealdira

Eguberrietan zer edo zer erosteko geratu zaion horrek, merkealdia du aurretik orain. Errege eguna igaro ostean, urtarrilaren 7an hasi zen neguko merkealdia. Adurizen esanetan, «buru-belarri» eta «gogoarekin» hasi dira lanean merkatariak.

Eguberrietako kanpaina «pozik» amaitu dutenez, merkealdia ere «positiboki» hasi dute merkatariek. Merkealdiko lehen egunetan Adurizen esanetan «jendea ikusten da dendetan, jendea ikusten da erosketak egiten, eta merkatariek horrela izaten jarrituko duela aurreikusten dute».

Izan ere, badirudi Tolosaldean ere badela merkealdiari itxaroteko ohitura hori, eta badela jendea merkealdia noiz iritsiko zain egoten dena, gehienetan lehenagotik begiz jota duen hori erosteko. Adurizek hori uste du: «Hortara ohituta gaude, eta gustatu egiten zaigu merkealdira joan eta erosten ditugun produktuetan deskontuak lortzea».

Adurizen esanetan, Gabonetako opariak egiterakoan «ez zaigu inporta» diru gehiago gastatzea, baina bere ustez «behar-beharrezkoak» ez diren gauza horiek begiz jota izaten ditugu, eta itxaron egiten dugu merkealdia iritsi arte. Batez ere, «ehunetan, oinetakoetan eta osagarrietan» nabaritzen da gehien hori.

Agian, merkealdian duela urte batzuk produktu horiek jartzen zirelako izango da. Zeren Adurizek, nabaritu du azken hamar urtetatik hona merkealdia produktu desberdinetara eta gehiagora iristen dela: «Merkealdiari buruz hitz egiten genuenean duela dozena bat urte ehungintzarekin eta oinetakoekin lotzen genuen, baina orain, esate baterako, altzari dendek ere jartzen dituzte beherapenak. Orain ia produktu edo sektore gehienek jartzen dituzte produktuak beherapenekin». Hortaz, produktu jakin batzuetatik ia produktu guztietara zabaldu da produktuak merkeago jartzeko ohitura. Jendearen ohiturak aldatzen doazen heinean, sektoreak ere horretara «egokitu» behar duela uste du Adurizek.

2015erako aurreikuspenak

Datu zehatzik ez badute ere, Tolosaldea Garatzeneko Merkataritza sailetik Adurizek «kontsumoak gora» egingo duela uste du. Hortaz, 2015a «poztasunarekin» hastea eta bukatzea espero dute.

Gainera, 2015ean merkatari txikien alde lanean jarraitzeko asmoa ere badute, eta horretarako «kontzientziazio» lan bat egingo dute. Izan ere, «merkatariak bezeroaren beharra du, eta alderantziz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!