Virginia Imaz: «Emakumeon jabetze bidean umorea oso garrantzitsua da»

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 14a, 11:47

Emakumea eta umorea tailerra emango du Virginia Imaz umoregile eta klownak, Saiaz Mankomunitateak antolatuta Berdintasun Planaren barruan, Bidania-Goiatzeko Txinkorta eskolan.


Bidania-Goiatzeko, Albizturko eta Errezilgo emakumeei zuzenduta dago tailerra, eta hiru saio izango dira: urtarrilaren 18an eta 25ean eta otsailaren 1ean, 16:00etatik 20:00etara. Doako da tailerra eta izena emateko 943 68 11 28 zenbakira deitu edo saiaz@udal.gipuzkoa.net helbidera idatzi behar da.

Zertaz izango da tailerra zehazki?

Horrelako tailerrak berriz hezte moduan planteatzen ditut. Niretzako umorea oso garrantzitsua da jabetze bide bat bezala, gure buruari barre egiteko, eta hori oraindik faltan dugu, batez ere emakumeok. Gure bizitza guztian jaso duguna da sufritu egin behar dugula, eta horri dramatismoa kendu behar diogu.

Tailerra parte-hartzailea izango da. Nolako dinamika izango du?

Horrelako tailerretan hausnarketa egiten dugu umoreari buruz. Umoreak erreferente bat dauka, hau da, guri grazia egiten digun guztia normalean erreferente batean oinarrituta dago. Erreferente horren gehiegikeria edo transgresioa da barrea eragiten diguna. Beti ez ditugu erreferente berdinak izan. Hausnarketa horretan teoria izango da, baina teoria guztia josita dago ariketekin, barrea egiteko, erlaxatzeko, desestresatzeko, arnasa egiteko,... Nolabait hobeto bizitzeko. Nola erabili dezakegu umorea gure harremanetan, gure familian, gure lanean... Hobeto egoteko hausnartuko dugu. Eta hori oso garrantzitsua da, nire ustez, eta jendeak ikastaroa estimatzen du.

Emakumeei umorearen esparrua eragotzi egin izan zaizue? Hausnarketarik egin duzu horren inguruan?

Pailazo profesionala naiz orain dela urte asko eta ni hasi nintzenean ez zegoen emakume pailazorik. Umoregile pare bat baziren telebistan edo zinema munduan, neskamearena egiten eta hiru edo lau estereotipoetan, eta hori kenduta ez zegoen beste eredurik gure buruari barre egiteko. Niri kostatzen zitzaidan ideiak aurkitzea, eta pixkana konturatu nintzen, eta feminismoari esker ulertu nuen nola emakumeok jaso dugun heziketa izan dela batez ere zainketarako, arduratsuak izateko, eta bizitza jokoan dagoenean sekulako estresa sortzen zaigu. Kostatzen zaigu umorea sartzea, eta batzuetan oso zurrunak eta intoleranteak jartzen gara, «hau egin behar da» eta «horrela direla gauzak» esanez. Ikastaroetan esaten dut une bat iristen dela osasunagatik erabaki behar dugula ondo egon nahi dugun ala arrazoia izan. Gero, kontuan izan behar da umorea egiteko erreferente garrantzitsuenetakoak izaten direla jendartean ezagunak direnak, hau da, politikoak, kirolariak,... Normalean gizonak izaten dira, eta nola orain arte emakumeok ez garen izan publikoki oso garrantzitsuak, zaila zen guri garrantzia kentzea parodiak eginez aurretik ez bazitzaigun garrantzia hori eman. Beraz, egin behar den bidea da lehendabizi gure burua baloratzea, eta gero distantzia hartzea batez ere arazoetatik. Nik umorea planteatzen dut bide bat arazoarekiko distantzia hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!