Alegiako bulego berriak osatuko du eskualdeko kontsumitzaileen arreta

Ibarra, Tolosa eta Villabonako bulegoetan ere ordutegia zabalduko dute aurrerantzean

Tolosaldeko herritarrek aukera zabalagoa izango dute, aurrerantzean, kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak ezagutzeko eta zalantzak argitzeko. Izan ere, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) gune berria izango du Alegian; bide beretik, jada martxan daude bulegoetako ordutegia ere malguagoa izango da orain.
Eskualdean 2003az geroztik eskaintzen du, Tolosaldea Garatzenek, kontsumitzaileentzako doako informazio zerbitzua. Horretarako guneak Tolosan, Ibarran eta Villabonan dauden arren, egitasmoa eskualdeko herritar guztientzako eskuragarria da eta, aurrez eskatuz gero, arreta pertsonalizatua ere jaso daiteke.
Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakari Ibai Iriartek «behar-beharrezkotzat» jo du halako zerbitzu bat eta, azken urteotako eskaeren gorakadagatik, Alegian bulego berria zabalduko dutela jakinarazi dute, berarekin batera, Jexux Peñagarikano Ibarrako Alkateak, Nora Urbizu Villabonako zinegotziak, Unai Iraola Alegiako alkateak eta Ainhoa Orrantia KIUBeko arduradunak.

Bizitza errazteko kudeaketa

Kontsumoak eguneroko bizitzaren zati nabarmena hartzen du, gaur egun eta, askotan, kontsumitzaileek ez dituzte eskura izaten haien eskubide edo aukerak. Horretarako lan egiten du Ainhoa Orrantiak, kontsumoaren esparruko hainbat adar ukituz.
Horren harira, zerbitzuak azken urteotan izandako gorakada islatu nahi izan dute, datuak erakutsiz. 2013an, esaterako, 573 pertsona artatu zituzten Tolosaldean; horietatik 63 erreklamazioak izan ziren eta, beste 9, berriz, kudeatu beharreko salaketak.
Ibarrako alkatearen ustez, azken urteotako krisi ekonomikoak «kexatzeko kultura zabaldu» egin du: «Jendea konturatzen ari da kontsumitzaile moduan eskubide batzuk dituela».
Eta eskubide horiek gauzatu eta bideratzeko hiru arlo jorratzen ditu Tolosaldeko KIUB zerbitzuak. Informazio eta aholkularitza eskaintzen dute, batetik, telefonoz (616 64 78 35) nahiz posta elektronikoz (kontsumoa@tolosaldea.net). Era berean, kexak nahiz salaketak bideratzeko tramiteez ere arduratzen dira: «Lehen kontsultaren ondoren, adiskidetasun bitartekaritza osatzen saiatzen gara, enpresaren eta kontsumitzailearen artean. Adostasunik ez badago, Kontsumobidek hartzen du kasua eta, beharrezko kasuetan, enpresa zigortzen dute. Aldiz, enpresa Euskadiko Kontsumo Arbitraje Batzordean ez baldin badago, bide judiziala izaten da aukera bakarra», azaldu du Ainhoa Orrantiak. Aipatzekoa da, gainera, telefono, gas eta energia enpresen inguruko kexak izaten direla ohikoena, kontsumo bulegoan.

Ordutegi berria

Astelehenetan Tolosako kultur etxean izango da zerbitzua, 09:00etatik 13:00era eta 14:00etatik 18:00etara. Asteartetan, berriz, ordutegi berari jarraituz, Villabonako udaletxean artatuko dituzte herritarrak. Alegiko bulego berria asteazkenetan izango da zabalik, 09:00etatik 13:00era; arratsaldez Tolosako kultur etxean izango da zerbitzua. Azkenik, ostegun eta ostiraletan 08:00etatik 15:00etarako ordutegia izango du bulegoak, Ibarrako udaletxean eta Tolosako kultur etxean, hurrenez hurren.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!