Tolosaldeak ere 'Now Euskal Herrira!' eskatu du

Tolosaldeko Ataria 2015ko urt. 10a, 15:29

Sarek balantze «positiboa» egin du eskualdetik izan den mobilizazioagatik. Entzun Egoitz Luisa Sareko kideari egindako elkarrizketa:

Bilbon larunbatean dispertsioaren aurka egindako mobilizazioaren «balantzea positiboa» egin dute Tolosaldeko Saretik. Egoitz Luisa Sareko kideak azaldu duenez, «kontuan hartu behar da Sare orain gutxi sortu dela. Eskualde honetan ahalegin berezia egiten ari gara gizarte guztiarengana iristeko, eta hor daude Tolosan egindako aurkezpena eta abenduaren 24ean egindako mobilizazioak». Hori horrela, «positiboki» ikusi dute Bilbora joan zen jende kopurua, eta Tolosaldetik 16 autobus joan zirela zehaztu dute.

Modu orokorrean begiratuz gero, Luisak azaldu duenez, larunbateko mobilizazioak «garbi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek une honetan bat egiten duela preso eta iheslarien eskubideekin. Urteetan bizi izan dugun gatazka gainditzeko modu justu eta iraunkor batean uste dugu ondorio guztiak konpondu behar direla, eta horien artean daude preso eta iheslarien eskubideak».

Aurtengo Bilboko mobilizazioak dinamika ezberdina izan du. «Betiko manifestazioetatik pixka bat aldatu nahi izan da, eta horregatik argiarekin jolaste hori», azaldu du Luisak. «Mezu oso argia bidali nahi izan da, oso argi dugulako preso eta iheslarien eskubideak errespetatu gabe ezin dugula egoera hau gainditu». Bestalde, mobilizazioarekin presoen senide eta lagunak babestearena nabarmendu du: «Momentu honetan erakutsi behar zaie babesa, urte askotako zama dute bizkar gainean, eta ezinbestekoa da horri gure babesa erakustea. Bilboko mobilizazioak horri erantzun nahi izan zion. Bi zutabe elkartu ziren Zabalburu plazan, eta plaza bete zen preso eta iheslarien senideekin, eta herritarrak izan ginen babesa adierazi genienak bi kaleak betez».

Bestalde, manifestazioa egin eta bi egunetara Guardia Zabilak egindako operazioa izan du hizpide Luisak: «Tristura handi batekin jaso dugu. Nik uste dut une honetan gizartearen gehiengoa ez dagoela horrelako albisteen zain. Bizi dugun gatazka hau gainditzeko pausoen zain dago gizartea eta Saretik bultzatzen duguna hori da. Ez da ondorio bakarra preso eta iheslariena konpondu beharrekoa baina bai garrantzitsua dena. Horrelako albisteak atzerapausoak dira». Sareko kideak gaineratu duenez, «orain bost-hamar urtetako argazki bat da, hau ez gainditzearena izanik bere helburua. Larunbatekoan, hau gainditzeko bidean badagoela gizartean gehiengo zabal bat argi ikusten da, gaurkoa [atzokoa] horren kontrakoa da».

Aurrera begira, «egoera hau gainditzeko egunero-egunero bakoitzak bere apurra egin» behar duela dio Luisak. «Sareren filosofia ere hortik doa. Gure helburua da ahal den sarekide gehien lortzea, preso eta iheslarien giza eskubideen alde egongo dena. Eta hor bakoitzak bere apurra ematea, eta hori ere irudikatzea. Dispertsioaren aurkako mezua zabaldu daiteke egunero modu askotara, denok baikara errealitate hau mahai gainean jartzeko transmisore lana egin dezaketenak». Larunbateko manifestazioak «indarra emateko» balio duela dio Luisak, «baina gure ustez lan txikiek egiten dute horrelako argazki handiak lortzea». Erronketako bat, beraz, ahal den sarekide gehiena lortzea da, Sareren eskaerak ahal diren esparru gehienetara iristeko. Bigarren erronka dispertsioaren inguruko liburua lau hizkuntzetan argitaratu eta zabaltzea da, ahal den munduko zoko guztietara iristeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!