Sakabanaketarekin amaitzeko aldarria eskualdetik Bilbora

Maier Ugartemendia 2015ko urt. 8a, 11:23

Larunbateko Bilboko manifestaziora joateko autobusak aterako dira eskualdetik. Ikusi jarraian nondik eta noiz irtengo diren.

Azken 25 urteetan espetxe barruan zein kanpoan, euskal preso politikoei eta euren senideei, «giza eskubideak urratu» zaizkiela salatu du Sarek. Eta euren ustez «euskal jendartearen gehiengo zabalaren» eskaera da behin betiko sakabanaketa politikarekin amaitzea. Horixe da larunbatean Bilboko kaleetan aldarrikatuko dutena.

Bilbon izango dira eskualdeko herritar ugari ere, Urtezahar egunean eskualdeko hainbat herritan eskatu bezala sakabanaketaren amaiera eskatzen. Abenduaren 31n, manifestaldiak, elkarretaratzeak eta sareak izan ziren euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira ekartzeko eskaria luzatzeko. Alegian manifestazioa egin zuten, baita Amasa-Villabona eta Zizurkilen; eta Anoetan ere. Ibarran giza sarea osatu zuten argi-zuziekin.

Asteburu honetan aldarrikapen hori bera, Bilbora eramango dute eskualdeko ehunka herritarrek. Sarek mobilizazioa antolatu du sakabanaketarekin bukatzea «beharrezkoa» dela aldarrikatzeko. Mobilizazio «jendetsua» eta «parte hartzailea» izatea nahi dute, «jendartearen aniztasunean oinarriturik, non pertsonak izango diren protagonista aktiboak».

Bilbora joan ahal izateko eskualdeko herri gehienetan autobuseko zerrendak jarrita daude eta antolatzaileen esanetan jada «betetzen» ari dira. Gaur arte izango da aukera autobusetarako izena emateko. Gainera, larunbatean mobilizazioa amaitu ondoren norbaitek beranduago itzuli nahiko balu autobusez, Tolosan 00:00etan itzuliko den autobus bat jarri dute. Hortaz, eskualdeko herritarren batek beranduago itzultzeko aukera du nahi izanez gero. Interesa duenak Tolosan eman beharko luke izena eta bertan zehaztu zer ordutako autobusean itzuli nahi duen.

Ibilbiderako oharrak

Sarek urtarrilaren 10ean, Bilbon, antolatutako mobilizazioa ez da ohiko manifestazioa izango. Nagusiki ibilbidean eta bertaratzen diren herritarren parte hartzean izango dira aldaketak, eta horregatik antolatzaileek hainbat ohar helarazi nahi izan dituzte.

17:30ean, Casillatik eta udaletxetik preso eta iheslarien senitartekoek ibilbidea abiatuko dute eta elkargunea izango den Zabalburu plazara abiatuko dira, atzetik bertaratu direnen babesa dutela. Gipuzkoarrak Bilboko udaletxetik abiatuko dira. Zabalburura iristean, ibilbide guztian dauden pertsonek autobusetan edo ibilbidean zehar jasotako bi argi-izpi izango dituzte, eta bozgorailuetatik adierazitako unean erakutsi beharko dituzte, besoak jasoz. Honela lelo hau helarazten saiatuko dira: Argi dugu! Now! Euskal Herrira!

Herria Dugu Arnas

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak egindako zozketaren saridunak jakitera eman dituzte. Zozketako lehen saria tableta, Home Cinema eta liburu elektronikoa dira eta guzti hori eskuratuko du 4.681 zenbakiaren jabeak. Bigarren saria, saski eder bat da, eta 1.088 zenbakia izan da sariduna. Hirugarren.saria, sei lagunentzako bazkari edo afaria da, Pausuko Xaia ostatuan eta 0482 zenbakia da sariduna. Saridun suertatu diren zenbakiek herriaduguarnas@gmail.com helbide elektronikora idazteko eskatu dute.

AUTOBUSAK

ALEGIA
15:00. Autobusa Ferreteritik aterako da. Izena emateko aukera Ixkiñan edo Zaharren Biltokian.

AMASA-VILLABONA
15:00. Autobusa Olaederra kiroldegitik abiatuko da. Izena Iratzar, Erreka eta Xiker tabernetan.

ANOETA ETA IRURA
15:00. Autobusa Anoetako sarreratik abiatuko da, eta 15:15ean Irurako autobus geltokian geratuko da bertakoak jasotzeko. Izena Itzuli tabernan edo Irurako Zahar Etxean eman daiteke.

ASTEASU ETA LARRAUL
15:00. Asteasuko plazan.

BERASTEGI
15:30. Autobusa plazatik abiatuko da. Izena lehenago eman beharko da, Zelai tabernan edo Urepele Biltokian.

IBARRA
15:00. Kultur etxe paretik abiatuko da autobusa. Lehenago izena emateko aukera dago herriko taberna ezberdinetan: Atari, Danon Txokoa, Sendi ekintza eta Zubiaurre.

LEABURU-TXARAMA ETA GAZTELU
14:45. Autobusa lehenengo Leaburutik abiatuko da, eta 15:00etan Txaraman hartzeko aukera ere izango da. Izen ematea Leaburuko Ostatuan egin beharko da.

LIZARTZA
15:30. Joxe Mari tabernatik aterako da autobusa. Izena Joxe Mari, Itzala eta Ostatuan eman daiteke.

TOLOSA
15:00. Santa Klaratik abiatuko dira autobusak. Izena Raku, Denak, Orbela, Ikatza, Amets eta 66 tabernetan eman behar da. Itzultzeko bi ordu desberdin egongo dira; bukatutakoan edota 00:00etan. Izena ematerakoan zehaztu beharko da noiz itzuli nahi den.

ZIZURKIL ETA ADUNA
15:00. Autobusa Zizurkil Goiko plazatik abiatuko da, 15:15ean Joxe Arregi plazan geldituko da bertakoak jasotzeko. Izena Zizurkilgo Iriarten, Egarrin edo Atxulondon eman daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!