2014. urteko Tolosaldeko triatloilaririk onenak

Ataria 2015eko urtarrilaren 7a

Maider Gaztañaga, Itsaso Leunda, Maialen Muñoz, Aimar Agirresarobe eta Aitor Regillaga izan dira 2014ko Tolosaldeko Triatloi Taldeko kide onenak. Leaburuko Mahala lantegian bertan hartu zituen Jokin Arrospide ugazabak, lehen urtez estreinatu den saria emateko: Mahala Sari Mundiala.

Sariak banatzeko unean bertan,  beste urtebeterako babesa eskaini zion Mahala baserriko produktuen enpresak Tolosaldeko Triatloi Taldeari. «Zazpigarren denboraldia beteko dute biek uztarri berean», adierazi dute, eta «datorren denboraldian Mahala Sari Mundiala ikurrak harro erakutsiko dituzte triatleta hauek», gaineratu dute.
Tolosaldeko Triatloi Taldea, kirol honetan aitzindaria izan da. 1987. urtean sortua, Euskal Herriko eta Espainiar estatuko lehen Triatloi Kluba izan zen. Egun berrogeitik gora kide federatu ditu taldeak eta nazioarte mailako nahiz euskal zirkuituetako probetan nabarmentzen dira kirolariak.
2014ko Mahala Sari Mundiala eskuratu duten bost triatloilariek garaipen eta postu onak eskuratu zituzten iazko denboraldian. Aurten ere, ziur, garaipen bat baino gehiago ekarriko dute eskualdera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!