«Martxa ezin hobean hasi da»

Mikel Iraola 2015eko urtarrilaren 9a

Tolosaldeko 3 Tontor mendi lasterketa aurrera doa. Atzo zabaldu zuten izena emateko aukera, www.kirolprobak.com webgunean, eta antolakuntzatik esan zutenez, «martxa ezin hobean hasi da».

T3T-en lehen edizioa ekainaren 13an izango da, larunbatez, eta 42 kilometroko ibilbidea prestatzen ari dira. Penditza, 2.800 metrokoa izango da. Probari irteera 09:00etan emango diote Tolosatik, eta helmuga, puntu berean egongo da. 18 urtetik gorako kirolari orok parte hartu ahal izango du, federatua izan edo ez. Antolakuntzak, proba aurretik azterketa medikua egitea gomendatu dute, izan ere, «parte hartzaileek euren gain hartuko dute gerta litekeena».
 Haize-babesgarria, eta eguraldi txarra eginez gero txubaskeroa, derrigorrezkoak izango dira, eta korralitoan sartzerakoan aurkeztu beharko dira. Irteerako material berberarekin amaitu behar da ibilbide osoa, esaterako, bastoiekin.
Gizon nahiz emakumeetan ondorengo kategoriak egongo dira lasterketan: seniorrak, 40 urtetik gora beteranoak, 23 urtez azpikoak eta eskualdeko lehena. Maila guzti horietako lehenentzat garaikurrak egongo dira. Maila absolutuan ere, gizon eta emakumeentzat, sariak emango dituzte: lehenari 1.000 euro, bigarrenari 500, hirugarrenari 300, laugarrenari 200 eta bosgarrenari 100 euro.
Izena azkar ematearen garrantzia
Antolakuntzatik azaldu dutenez, gehienez 500 pare hartzaile izango dira. Ondorioz, «izen-emate ordena zorrotz jarraituko da». Maiatzaren 30a bitarte egongo da apuntatzeko aukera. Hasiera batean 40 euro izango da inskripzioa, baina maiatzaren 1etik aurrera, 50eko kostua izango du.
Lasterketa egunean, ibilbidea kartelekin, zintekin eta banderinekin markaturik egongo da. Helmugakoaz gain, sei anoa gune jarriko ditu antolakuntzak, eta baita hainbat kontrol puntu ere. Horietatik pasatzea beharrezkoa izango da. Bestalde, helmugan sartzeko gehienezko denbora 10 ordukoa izango dela azaldu dute antolakuntzatik, eta aurreikuspen hortik gora dabilen parte hartzaileari ez diote proba amaitzen utziko, helmuga puntura garraiatuz.
Denbora txipen bitartez hartuko da, eta amaieran 30 minutu egongo dira erreklamazioak egiteko.
Dortsalen banaketa Tolosan egingo da, ekainaren 12an 17:00etatik 19:30era, eta probaren egunean, 06:00etatik 08:00etara.
Ingurugiroari garrantzi handia eman diote antolakuntzatik, neurri zorrotzak hartuz: «Lasterketa, ia osotasunean, natura gune zoragarri batean zehar korrituko da. Hori dela eta, ingurua babestea derrigorrezkoa izango da, eta debekatuta egongo da edozer gauza lurrera botatzea. Horretarako, hondakinak biltzeko tresnak jarriko dira anoa gune amaiera guztietan. Arau hau hausten duena kanporatua izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!