Alegialdeko pilotarien harrobia

Imanol Garcia Landa 2014ko abenduaren 30a

Gabonetako Pilota Topaketaren finalak jokatu dira gaur Alegiako Elorri frontoian.

Pilotaren harrobia da Gabonetan ospatzen den topaketa. Aurtengoan, hamahirugarren edizioa lehiatu den honetan, 104 neska-mutilek pilotan aritzeko duten trebezia erakutsi dute. Topaketen arrakastaz jakitun parte hartzaileen senide eta gertukoek harmailak bete dituzte.

Finala Alegian jokatu bada ere, aurreko kanporaketa guztia Alegian, Altzon, Ikaztegietan eta Amezketan burutu da. Herri horietako neska-mutilek parte hartzeaz gain, topaketetan Abaltzisketako eta Baliarraingo gazteek ere parte hartu dute.

Irabazleak, bost mailatan

Arratsaldeko 16:00etan hasita jokatu dira bost mailatan sailkatutako finalak. Partidu guztiak 12 tantora lehiatu dira.

Benjamin aurrekoetan, Egoitz Agirrek (Alegia) eta Arkaitz Muruak (Altzo) garaipena lortu dute Unax Gorostiaga (Altzo) eta Eusko Kaminosen aurka, 4-12ko emaitzarekin.

Benjaminetan, Naroa Galarragak (Amezketa) eta Joseba Rojasek (Alegia) osatutako bikoteak Oihane Sarasola (Amezketa) eta Jon Zabalari (Alegia) 12-9 irabazi dio.

Alebinetan, txapela jantzi dutenak Maddi Altuna (Abaltzisketa) eta Unai Altuna (Alegia) izan dira, Aseisa (Amezketa) eta Amets Uzkuduni (Altzo) 4-12 irabazi ostean.

Infantil mailan, partida parekatua jokatu dute Iñaki Tolosak (Abaltzisketa) eta Iker Zubeldiak (Altzo), Xiker Seoane (Abaltzisketa) eta Aitor Galartzaren aurka. Lehenengo bikoteak garaipena lortu zuen, 12-11 emaitzarekin.

Beste horrenbeste gertatu da kadete mailan. 12-11koa eskuratu dute Kepa Mendezek (Alegia) eta Iker Arandiak (Alegia), Mattin Lakuntza (Ikaztegieta) eta Enaitz Aizpitarteren (Altzo) kontra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!