Maider Mendizabalek beste behin jantzi du txapela

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 29a, 21:26
Finalak jokatu dituzten pilotariak eta txapelketan parte hartu dutenak.

Emakumea Pilotaria txapelketan, anoetarrak eta Perezek Garmendia alegiarrari eta Huiziri irabazi diote; bigarren mailan, Maiza zizurkildarra azpitxapeldun geratu da.

IX. Ezker Hormako Emakumea Pilotaria Txapelketako finalak jokatu ziren larunbatean Hernanin, eta zortzi finalisten artean hiru eskualdekoak ziren. 1. mailakoan Maider Mendizabal anoetarrak beste behin jantzi zuen txapela, oraingoan ondoan Perez aurrelaria zuela. 30-18 irabazi zioten Garmendia alegiarrari eta Huiziri. 2. mailakoan, Gutierrez irurarrak ezin izan zuen finala jokatu, ostiralean lesionatu baitzen, eta bere ordez Gutierrez hernaniarrak jokatu zuen eta Eizmendirekin batera Aldai eta Maiza zizurkildarrari 30-18 irabazi zioten.  Hori bai, irurarra ere saritua izan zen.
Garmendia alegiarrak esperantzak zituen Perez-Mendizabal bikotea zerbait estutzeko finalean, baina azkenean ez zen posible izan: «Ez genuen ondo jokatu. Txapelketan zehar erakutsitako lasaitasunik ez genuen izan». Zapore gazi-gozoa geratu zaio aurten txapelketak emandakoarekin Garmendiari: «Ligaxkan lehenengoak geratu ginen, eta ustekabean, finalera iritsi ginen. Espero genuen gerra gehiago ematea finalean, baina ez da posible izan».
Finala galtzearen arrazoi nagusietako bat Maider Mendizabalek erakutsitako jokoa izan zela ere gogora ekarri du Garmendiak: «Gaur egun ez dago Maider hausterik. Koxka bat edo bi gorago dago beste pilotariengandik. Pentsatzen genuen  gehiago estutuko genuela, baina ez da hala izan».
2. mailako finalari dagokionez, Gamendiak espero zuen parekatuagoa izango zela neurketa: «Ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten, eta orduan Maizak eta Aldaik irabazi zuten 25-24».
Garmendiaren ustez Maiza zizurkildarrak ez zuen ahal duen guztia erakutsi finalean: «Urduri aritu zen, eta, bestalde, Eizmendik sekulako partida jokatu zuen eta ez zuen ia hutsik egin».
2. mailako finalera iritsitakoek erakutsitako joko mailarekin «oso gustura» dago Garmendia: «Gazteak dira, finalistetatik hiru 18 urte azpitik dituzte. Ziurrenik urte gutxi barru lehen mailan ariko dira eta hori pozgarria da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!