Aiztondoko sei udaletako ordezkariek manifestazio isila deitu dute

Maier Ugartemendia 2014ko abenduaren 23a

Manifestazioa abenduaren 31n izango da, 'Giza eskubideak, konponbidea, bakea' lelopean eta euskal presoek pairatzen dituzten "eskubide urraketak" salatzea du helburu

Gabon jaietan herritik urrun dauden  edo ondoan ez direnak gogoratzeko egunak izaten dira, eta eskualdean euren herrietatik urrun Espainiako eta Frantziako espetxeetan dauden euskal presoak gogoan izango dituzte datozen egunetan antolatu dituzten ekimen ezberdinetan.

Gaur Adunan bildu dira Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna, Larraul eta Alkizako udal ordezkariak, euskal presoek pairatzen dituzten «eskubide urraketak» gaitzesteko, eta espainiar eta frantziar estatuei  eskubide horiek bermatzeko «beharrezkoak diren neurriak» hartzeko exijitu zieten, eta egoera horren aurrean «erakunde publiko zein herritarrek asko egin dezakegula» uste dutenez, herritarrak mobilizatzea «beharrezkoa» dela adierazi zuten.

Horregatik guztiagatik, Aiztondo bailarako udal ordezkariek, abenduaren 31n, 19:00etan, Villabonako Errebote plazatik irten eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan amaituko den manifestazio isilean parte hartzeko deialdia egin dute.

Manifestazio horretan espainiar eta frantziar estatuei eskaera hauek helarazi nahi dizkiete: "Dispertsioa amaitzea eta euskal presoak euskal herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoen berehalako kaleratzea, 70 urtetik gora dituzten presoak kaleratzea, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoen kaleratzea".

Era berean, urtarrilaren 10ean Sarek Bilbon burutuko duen manifestazioarekin ere «bat egin» zuten.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!