Adinekoen beharrei erantzuten

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 21a, 10:16

Hirugarren adina iristerakoan, hainbat pertsonek behar bereziak dituzte eta horiei erantzuteko, besteak beste, egoitzak, eguneko zentroak, eta hirugarren adinekoentzako etxebizitza babestuak daude.

Tolosaldeko lau herritan daude eguneko zentroak, Tolosan, Amasa-Villabonan, Zizurkilen eta Bidania-Goiatzen. Azken hau da bereziena, landa eremuan baitago. Aste honetan bete ditu 10 urte, eta martxan jarri zenean «erronka handia» izan zela dio Elena Rikondo Saiaz Mankomunitateko gizarte langileak. «2003 urtean Gipuzkoako Foru Aldundia gurekin harremanetan jarri zen hirugarren adinaren inguruan zaintzarekin lotuta zerbitzu bat osatu nahi zelako», ekarri du gogora Rikondok. «Guk bakarrik etxez etxeko laguntza genuen, eta handik saltoa egoitzetara zen. Ikusten genuen salto handia zela eta zerbait behar genuela. 2004 urtean sortu ziren landa eremuko erabilera anitzeko zentroak».

Hamabi plaza dituzte hitzartuta aldundiarekin. Egun hamar pertsona joaten dira, Bidania-Goiatzekoak, Albizturkoak eta Beizamakoak. «Plaza aldetik gustura gaude, zenbaki polita delako. Gutxi daudenean tristeagoa da giroa, eta talde bat sortzen denean beraientzat ere egokiagoa da», esan du Rikondok.

Zentroak hiru espazio ditu eta denak komunikatuta daude. Espazio batean dago ariketa fisikoa egiteko gunea, eta bertan egunero gimnasia egiten dute. Gune horretan ere bazkalondoko siesta egiteko erlaxatze-aulkiak daude. Jangela guneko mahaian beste jarduera batzuk ere egiten dira. «Sukalde xumea dugu, jana kanpotik ekartzen baita, Errezilgo jatetxe batetik». Egokitutako bi bainugela dituzte, eta horrez gain, bi logela. «Etxebizitza babestu gisara aurreikusi ziren horiek, baina egun larrialdietarako etxebizitza gisara erabiltzen dira batez ere, bai eguneko zentroko osagarri bezala, bai neguan, elurra egiten duenean, baserrian bizi baldintza txarrak direnean, jendea bertan gelditzeko».

Erabiltzaile bihurtzeko lehenengo pausoa menpekotasun balorazioa egitea da. Eskaera udaletik egiten da aldundira, eta bertatik erabakitzen dute pertsona horrek menpekotasuna duen ala ez, eta ea gai den eguneko zentrora joateko. «Jendea eguneko zentrora joatera animatzea lan oso zaila da, luzea, eta askotan elkarlanean egiten dugu medikuarekin eta erizainarekin», azaldu du Rikondok. Bide horretan garrantzitsua da ere eskaintzen den zerbitzua malgua dela azaltzea: «Ez da behartzen egunero etortzera. Astean bi edo hiru egunez etortzea eskaintzen dugu, eta horrela erakartzeko errazagoa da. Oso perfil ezberdinetako jendea dugu eta zerbitzua asko egokitzen da beraien beharretara».

«Konplexua, baina beharrezkoa»
Landa eremuan tradizioz zaintza familian egin dela dio Rikondok, baina, aldi berean, landa eremua bera aldatzen doala: «Familiak ere aldatzen doaz, baserri asko husten ari dira, eta zaintzeko moduak ere aldatzen ari dira. Batetik tradizioa dugu eta jendeari kostatzen zaio aldaketa hori onartzea, baina bestalde errealitate bat dugu, eta hori ikustea batzuetan zaila da eta horrek talka sortzen du». Horrelako zerbitzuak planteatzea «konplexua» dela dio, «baina beharrezkoa»: «Adinekoen nahia bertan bizitzea da. Beraientzako zaharren egoitza azken errekurtsoa da».

Hamar urte hauetan gakoa leku ireki bat izatea izan dela dio Rikondok: «Zentro ireki bat nahi dugu; beraiek konturatzea ez daudela leku itxi eta triste batean. Berehala hasi ginen ekintzak planteatzen bai eskolarekin eta baita liburutegiarekin ere». Haurrek asko ematen dietela esan du Rikondok, eta eskolan ospatu dute hamargarren urteurrena. «Erabiltzaileak ahal dutenean kalera ateratzen dira eta ikusi egiten dituzte, eta sozializazio hori oso garrantzitsua da».

Eguneko zentroa erabilera anitzeko eraikinean dago. Eraikina egin zenean, ikusi zuten interesgarria zela hainbat zerbitzu leku berdinean izatea. «Orain benetan konturatu gara zein garrantzitsua den, zer erraz mugitzen garen gora eta behera: medikua eta erizaina behean daude, eta eskola ondoan dago. Guretzako klabea da».

Egun bat eguneko zentroan
Goizean bederatzietarako iristen dira erabiltzaileak Bidania-Goiatzeko eguneko zentrora. Egunkariak irakurri eta komentatu bitartean, pixkana dutxen txanda hasten da. Ondoren ariketa fisikoekin tartea izaten da eta gero, hamaiketakoa. «Hori sakratua da, gaztetatik ekarritako ohitura da beraientzat», azaldu du Paki Eizmendi eguneko zentroko koordinatzaileak. «Eguraldi ona badago, kalera ateratzen gara, garrantzitsua baita beraientzako aire librean aritzea». 12:30ean bazkaldu, eta gero siesta. Hori ere sakratua da. Siestatik ateratzen direnean, batzuetan idazlana egiten dute, eta eskulanak ere egiten dituzte. 16:30ak aldera merienda eta gero karta jokoa. 17:00ak inguruan etxerako buelta hartzen dute.

Ekintza bereziei garrantzia ematen diote eguneko zentroan. Tarteka goiz pasak egiten dituzte, besteak beste, Azpeitiko azokara. Egun pasa ere egiten dute. «Asko gustatzen zaie itsasaldera egiten dugun egun pasa, urtero egiten dugu», esan du Eizmendik. «Gauza kuriosoa izan zen lehenengo urtean eraman genituenean, itsasoa ezagutzen ez zuenik ere bazen eta. Liluratuta geratu ziren. Beraiek bizi izan duten bizipen hori izugarria izan zen guretzat. Gero horrek egunerokotasunean indar handia ematen dizu aurrera jarraitzeko». Eskolakoen bisita jasotzen dutenean ere oso berezia izaten da: «Sekulako protagonismoa ematen diete. Gero ekintza horiek hurrengo asteetarako hizketarako gai izaten dira».

Hainbat erabiltzaile gazte garaian ezagutzen ziren, eta urte askotako etenaldi baten ondoren, eguneko zentroan berriz elkartu dira. «Elkar topatze hori izugarria izan da», esan du Eizmendik. «Guretzat ere gauza berri bat izan da. Memoria lantzeko, adibidez, ariketa batzuk pentsatu genituen, baina konturatu ginen gaztetako kontuk gogoratzen hastean memoria lantzen zutela eta ikusi genuen prestatutako ariketak baino askoz positiboagoa zela hori beraientzat».

Hamar urte hauetan egindako lana «aberasgarria» izan da Eizmendirentzat: «Pentsatzen dut beraientzat ere horrela izan dela, nahiz eta hori agian ez duten hainbestetan adierazten». Zaintzaileak saiatzen dira erabiltzaile bakoitza bere beharretara egokitutako ekintzetara bideratzen. «Elkar oso ondo ematen gara. Bakoitzari ematen zaion arreta horrek eta elkarrekin orduak pasatzeak..., esan daiteke familia txiki bat osatzen dugula».

Juan Mari Ezeiza albizturtarrak lau urte inguru daramatza eguneko zentroan, eta Jose Ignazio Iraola bidaniarrak ia urtebete. «Jendearekin egon eta beraiekin hizketan aritzen gara», dio Ezeizak egunerokotasunaz galdetzean. Bere aldetik, Iraolak dutxa hartzea eta gimnasia egitea nabarmendu ditu. «Familia duenak gehiago du kontatzeko, nire kasuan lana eta baserriko kontuak komentatzen ditut», gaineratu du.

Ondo ikusten dute biek eguneko zentroak ematen duen zerbitzua. Iraola astean egun batez joaten da: «Etxean egonez gero, ezingo ginateke dutxatu eta hori behintzat egiten dugu. Astean egun bat ondo dago, baina etxea baztertzeko ez dut edukitzen». Bi erabiltzaileek ondo ikusten dute tarteka kanpora ateratzea: «Zer edo zer gehiago ikusten duzu, eta elkarrekin harremanak sendotzeko ere balio du».

25 urteko historia
Asteasun adinekoentzako etxebizitza babestuak Lizardi etxetik Betani etxera lekualdatu berri dituzte. Nekane Zubizarreta gizartea laguntzaileak dioenez, zerbitzu hori udalaren eskumenekoa da, eta «arazo sozialak edota familiarrak» dituztenei zuzendutakoa da. Baldintza nagusiena autonomoak izan behar dutela da.

Etxebizitza babestuen zerbitzua ez da berria Asteasun. 1989an hasi zen, Gipuzkoan lehenengoa landa eremuan, Gainberri izenekoa eta udalak alokairuan zuen etxebizitza batekin. Horren ondoren, 1995ean Lizardi etxea inauguratu zuten, eta bertan zerbitzu horretarako hamabi plaza jarri ziren martxan. Menpekotasunik gabekoak eta printzipioz herrikoak zirenentzako aurreikusi ziren. Urte batzuetan sei edo zazpi erabiltzaile izan dira, baina azken urteetan hirutara jaitsi da. Zerbitzu hau ere eskainita dago inguruko udalei, eta tarteka izan da beste herri batzuetako erabiltzailerik.

«Egun ez dago hainbesteko eskaerarik dirudienez», azaldu du Pili Legarra alkateak. «Hiru pertsonentzako eraikin oso bat baldintzatzea... Urtean 20.700 euroko zuloa uzten zuen. Ikusten genuen udaletik orekatu egin behar zela eskaintza eskaerari». Aldundiak inbertsioetarako laguntza lerro bat atera zuen, eta udalak badu lokal bat Betani etxean eta hura egokitu du lau plazetako etxebizitza egokitzeko. Beharra izanez gero plaza kopurua zabaldu daiteke. «Proiektua aurkeztu genuen, 60.000 euro inguru gehi BEZa aurrekontuarekin, eta aldundiak 50.000 euro eman zizkigun. Ikusi genuen orain zela unea, eta Lizardi etxetik Betani etxera egin dugu zerbitzu horren lekualdatzea», esan du Legarrak. «Horrek gastuen murrizketa bat suposatzen du», gaineratu du alkateak, «eta erabiltzaileek diotenez, askoz ere goxoago daude, pisu bat delako eta bere beharretara egokituagoa daude».

Egun Betani etxean hiru erabiltzaile daude, eta hiruak dira Asteasukoak. «Ordutegi batzuk dituzte bazkaltzeko eta afaltzeko, baina gero autonomia dute bakoitzak nahi duen bizitza egiteko», azaldu du Zubizarretak. Erabiltzaile izateko prozesua gizarte zerbitzuetatik bideratzen da. Bertan ikusten da zergatik egiten den eskaria, eta diagnostiko bat egiten da. Kalkulu ekonomikoak ere ateratzen dute, plaza bakoitzak bere kostua baitu. «Bere diru sarrerekin ez badira iristen plazaren kostu osoa ordaintzera, eta onuraduna Asteasukoa bada, Asteasuko Udalak ordaintzen du diferentzia». Beste herri bateko onuraduna bada, herri horretako gizarte zerbitzuetatik bideratzen dute eta beraiek egiten dira kargu kostuaren diferentziaz. Lehentasuna dute Asteasukoek, eta plazak beteta badaude, itxaron zerrenda egiten da.

Baldintzak 65 urte izatea, beste baliabideren batean ez izatea, arazo sozio-familiarrak izatea eta autonomo izatea dira, baina salbuespenak ere izaten dira, adinaren kasuan adibidez. Zubizarretak dioenez, ireki zenetik orain 25 urte, erabiltzaileak izan dira, eta horrek erakusten du beharrezkoa dela zerbitzua.

«Lehen baino hobe»
Betani etxean lau logela daude, bi komun egokitu, eta sukalde, jangela eta egongela bateratua. Egoiliar bakoitzak bere gosaria prestatzen du. Astero arduradun bat dago eta horrek egiten ditu asteko eta eguneroko erosketak. Bakoitzak bere logelako txukunketa egiten du. 11:00ak aldera iristen da langile bat eta etxebizitzaren garbiketaz eta otorduak prestatzeaz arduratzen da. Bazkarian eta afarian laguntzen die langileak. Jai egunetan ez dute laguntzarik, eta aurretik uzten zaizkie prestatuta otorduak.

Geronimo Goenaga da etxebizitza babestuetako erabiltzaileetako bat. «Gu orain gusturago gaude hemen, ni behintzat. Lehengo aldetik abantaila gehiago ikusten dizkiot. Lehen ez genuen eguzkia ikusten ez baginen kanpora ateratzen, eta orain ohean egonda ere eguzkia jotzen du. Gu bezalakoentzako garrantzitsua da, beste alaitasun bat ematen du». Beste erabiltzaileetako batek, Antonio Iturriozek, bizilagunaren iritzia berresten du: «Hau toki epelagoa da». Bestalde, etxebizitza elkarbanatzea «pazientziarekin» hartu beharra dagoela dio Iturriozek.

Garbi dute biek nahiago dutela herrian bizi, egoitza batera joan baino. «Ez naiz sekula herritik atera, eta samurragoa da herrian bertan bizitzea», azaldu du Iturriozek. Eta Goenagak gaineratu: «Herrian egoteak badu babes bat. Herritik ateratzen bazara, ez zarela bertakoa esatea dute, eta beti ere hobeagoa da herrian bertan egotea».

ZERBITZUAK

Eguneko zentroak
Amasa-Villabona. Santiago. 4 plaza eta guztiak hitzartuak.
Bidania-Goiatz: Bidania-Goiatz zentroa. 12 plaza eta guztiak aldundiarekin hitzartuak.
Tolosa: Uzturre. 40 plaza eta horietatik 25 aldundiarekin hitzartuak. 25 plaza daude asteburuko zerbitzuan.
Madre Maria Josefa zentroa. 40 plaza eta guztiak aldundiarekin hitzartuak.
Zizurkil: Fraisoro. 20 plaza eta guztiak aldundiarekin hitzartuak. 12 plaza daude asteburuko zerbitzuarekin.

Etxebizitza babestuak hirugarren adinekoentzat
Alegia-Altzo: Etxebizitza bat eta lau plaza. Erabiltzaile bat.
Asteasu: Etxebizitza bat lau plazekin. Hiru erabiltzaile daude.
Berastegi: Hiru etxebizitza eta bost plaza. Bost erabiltzaile daude.
Bidania-Goiatz: Etxebizitza bat bi plazekin. Ez dago erabiltzailerik.
Ibarra: Etxebizitza bat eta hiru plaza. Ez dago erabiltzailerik.
Tolosa: Zesio erregimeneko 15 apartamentu eta errenta erregimeneko 7, denak Uzturre Asistentzia Zentroan.
Zizurkil: Etxebizitza bat 5 plazekin. Bost erabiltzaile daude.

Egoitzak
Amasa-Villabona: Santiago. 32 plaza, guztiak aldundiarekin hitzartuak.
Tolosa: Uzturre. 93 plaza, horietatik 68 aldundiarekin hitzartuak. 16 plaza unitate psikogeriatrikoan.
Iurremandi. 147 plaza eta horiek guztiak aldundiarekin hitzartuak.
Zizurkil: Fraisoro. 88 plaza, horietatik 85 hitzartuak. 28 plaza unitate psikogeriatrikoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!