Gutuna: "Zubimusu ikastolako hauteskunde sindikalak bertan behera gelditu dira"

Zubimusu Ikastolako enpresa komitekide ohiak 2014ko abe. 18a, 12:00

Zertan ari da ELA sindikatua? Hauxe da, behin eta berriz, geure buruari egiten diogun galdera. Zergatik inpugnatu ditu Zubimusu ikastolako hauteskunde sindikalak? Hori al da langileak defenditzeko duen modua? Langileak ordezkaritza sindikalik gabe utziz?

Ulertezina eta lotsagarria da hainbat ikastoletako hauteskunde sindikalak inpugnatzeko ELAk hartu duen erabakia, tartean Villabona/Zizurkilgo Zubimusu ikastolakoak.

Zubimusu ikastola, ikastola jaio berria da. Lehen Jesusen Bihotza ikastola zena kooperatiba bihurtzea erabaki genuen hainbat eragilek, tartean bertako irakasleok. Kooperatiba bihurtzeko nahian Villabonako errealitate sozialari hobeto erantzuteko eta ikastolen izaera indartzeko asmoekin eratu zen. Eta aurten, beste hainbat enpresetan ari diren bezala, hauteskunde sindikalak egitea erabaki genuen. Baina gure sorpresarako ELA sindikatuak inpugnatu egin zituen kooperatiba bat dela argudiatuz. Arbitraje laudoa atera da eta bertan behera gelditu dira hauteskunde sindikalak.

Kooperatiba eratzea adostu genuenean, jakin bagenekien hau gertatu zitekeela, baina besteak beste, langileen egonkortasuna eta etorkizuna lehenetsi genituen. Inondik inora ez genuen pentsatzen sindikatu batek halakorik proposatuko zuenik. Benetan ulergaitza, pentsaezina egiten zaigu. Nolatan da posible langileen defentsa helburu duen sindikatu batek, langileak ordezkaritzarik gabe utzi nahi izatea? (Gainera, beraiek gure ikastolan hautagai zerrenda aurkezten ahalegindu ondoren. Lortu ez, eta inpugnatu!). Lotsagarria eta oso larria!

Langileok gure eskubideak eta lan baldintzak defendatzeko tresna garrantzitsu bat gabe uzten digute: langile ordezkaritzarik gabe. Larria izateaz gainera, nork inpugnatu duen ikusita, lotsagarria ere bada.

Ez dugu zalantzarik, muinean, LABek «Ikastolen esparruan erdietsitako akordioa» (akordio integrala: lanpostuak mantendu, lansariei buruzko akordio ekonomikoa, salbuespen egoeretarako irteera klausula, izaera parte-hartzailea eta Hezkuntza Lege Berri baten interpelazioa) eta ELAk eramandako estrategia sindikalaren (proposamen ekonomiko soila) ondorio dela inpugnazioa. Ez zaigu ahaztu behar Ikastoletako Akordioak langileen gehiengoaren babesa izan duela eta, askotan, ELAko ordezkarien babesa ere jaso duela. Hau, ELAk ez du barkatu.

Dena dela, LABeko kideok, oztopo guztien gainetik, orain arte egin dugun lana egiten jarraitzeko konpromisoa azaltzen dugu; hau da, langileen lanpostu eta egonkortasuna, eta hauen lan baldintzak defendatzen jarraituko dugu gure ahalmen eta indar guztiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!