Autobus zerbitzu berria, eskualdeko bizkarrezur

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 18a, 16:07

Astelehenean martxan jarriko dituzte linea eta zerbitzu berriak. Kontsultatu linea berri guztiak zeintzuk diren.

Esperientzia pilotu gisa abiarazi zuten, Tolosaldeko garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesua. Urtetako lanaren ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosaldea Garatzenek eta eskualdeko udalek 28 herrien arteko sare berria aurkeztu dute.

Astelehenean bertan jarriko dute martxan eta, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide azpiegituren diputatuak azpimarratu duenez, «zerbitzua nabarmen hobetuko da».

Orain arte, Tolosaldeko autobus publikoek 308.000 kilometro egiten zituzten; txertatutako berrikuntzekin, berriz, gehienezko eskaria kontuan hartuta, 811.000 kilometro egingo lituzkete autobusek, aurrerantzean. Horrela, %163ko igoera izango du zerbitzuaren kilometro kopuruak.

Bide beretik, Tolosaldeko garraio publikoa hobetzeko apustu ekonomikoa ere hazi egin dela azaldu du Ugartek: «Zerbitzu berriarekin 1,8 milioi euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak».

Azkenik, giza-baliabideei dagokienez ere, hobekuntzak ekarriko ditu egitasmo berriak. Izan ere, orain arteko 8 gidarien lekuan, 17 ariko dira aurrerantzean; garraio sarea kudeatzeko bulegoetan, berriz, beste 3 lanpostu sortuko dituzte.

Gainera, eskualdeko 9 taxilari ere garraio publikoaren sare berrian sartuko dira, eskaripeko zerbitzuak eskaintzeko. Azken berrikuntza hori «erronka handia» izan dela azaldu du Larraitz Ugartek: «Herri txikienetan autobus zerbitzu erregular bat izatea ez da errentagarria, askotan ibilgailu horiek hutsik joaten direlako. Halaber, kudeaketa publikoari dagokionez ere, ez da egokiena».

Horrenbestez, diputatuak «Tolosaldeko proiektua beste eskualde batzuetan eredu gisa» erabiltzen ari direla gaineratu du.

Lehiberri zentroan egindako aurkezpenean, Ugarterekin batera izan dira Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakari eta Tolosako alkatea, eta Jon Umerez Alkizako alkatea ere, eta, biak ala biak bat etorri dira garraio sare berriak eskualdeari ekarriko dion onura nabarmentzerakoan.

«Herri txikietako biztanleontzat guztiz beharrezkoa da garraio publikoa eta, zerbitzu on bat posible izan zitekeenik ere ez genuen uste, jada etsita geunden, egia esan, ibilgailu pribatuarekin ibiltzera kondenatuta».

Hala azaldu du Jon Umerez Alkizako alkateak, haurren nahiz adinekoek menpekotasunaz ohartaraziz. «Gurpil zoro» horretatik irteteko, erakundeek «esfortzu handia» egin dutela azpimarratu du, eta zerbitzua aurrerantzean askoz ere eraginkorragoa izango dela baieztatu: «Inori ez dio graziarik egiten autobusak gora eta behera ikustea, hutsik».

Bizi kalitatearen aldeko apustua

«Herritarrengana gerturatzen saiatu gara, haien beharretara egokitzen eta, horrekin batera, eraginkortasun ekonomikoa ere bereziki zaindu dugu», azaldu du Ibai Iriartek. Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eskualdeko saretzean pauso bat gehiago emateko tresnatzat ere ikusten du zerbitzu berria: «Tolosaldea hobeto egituratzen lagunduko du honek, eskualdearen bizkarrezurra hobeto josten. Herri txikiei bizi kalitatea hobetuko die, eta Tolosarekin ere harreman zuzenagoa izatea ahalbidetuko die zerbitzu berriak».

Azkenik, «pazientzia» ere eskatu nahi izan die herritarrei, «garraio publikoa erabiltzeko ohitura aldaketa» ekarriko baitu zerbitzu berriak.

Lanerako nahiz aisiarako, linea berrien sorta

Aurrerantzean zortzi linea erregular izango dira eta, horietan, 10 autobus ibiliko dira; bost berriak izango dira.

Ohiko zortzi linea horiez gain, ordea, bi motatako eskaripeko zerbitzuak martxan jarriko dituzte astelehenetik aurrera. Batetik, linea arruntak luzatzeko aukera izango da eskaripeko geltokietaraino. Zortzi lineatatik lauk izango dituzte eskaripeko geltokiak eta, herritarren batek hala eskatuko balu, zerbitzua eskaripeko herri horietako batean hasiko litzateke; aldiz, autobusa geltoki arrunt batean hartu, baina eskaripeko geltoki bateraino iritsi nahi duten erabiltzaileek, gidariari esan besterik ez dute egin beharko.

Luzapenak iristen ez diren herri txikietako erabiltzaileek, erabat eskaripekoa den zerbitzua izango dute eskuragarri, eta herritarren batek eskatutakoan jarriko da martxan.

Adibidez, T020E Tolosa-Anoeta-Alkiza zerbitzua eskaripekoa izango da osorik, eta aurrez eskatu beharko da geltoki horietakoren batera garraio publikoa iristea; aipatzekoa da, erabat eskaripean funtzionatuko duten lineen izenek E bat izango dutela amaieran.

Autobusa hartzeko moduarekin batera, gaueko zerbitzuarena ere beste berrikuntzetako bat izango da: 03:00ak arte garraio publikoa izango da asteburuetan. Halaber, Apatta industrialdera igotzeko ere autobusa hartu ahal izango da aurrerantzean.

Zerbitzu berri honek behar bezala funtziona dezan, hainbat baliabide eskura jarri dituzte erakundeek; aldi berean, ordea, herritarren ardura eta konpromisoa ere beharrezkoak izango dira funtzionamendu egokirako.

Horrela, ordubeteko aurrerapenarekin jakinarazi beharko da eskaripeko zerbitzuen beharra eta, lineak luzatzeko kasuetan, berriz, 15 minutuko aurrerapena nahikoa izango da. Hori bai, 08:00etako zerbitzua eskaripekoa izan dadin, bezperan jakinarazi beharko da, 23:00ak baino lehen.

Eskaerak egiteko hiru bide martxan jarriko dituzten arren, hasiera batean bakarra erabiltzeko deia egin dute: telefonoa. 900 234 555 zenbakira deitu beharko dute horretarako. Aurrerago, berriz, SMS zerbitzua eta webgune bidezko jakinarazpena ere erabili ahal izango dira: «Horretarako gidariak formatuko ditugu».

Garraio publiko zerbitzu berria linea arruntetan, luzapenetan nahiz eskaripekoetan erabiltzeko, ohiko tarifak izango dira indarrean eta, beraz, MUGI txartelarekin bidaiatzea gomendatu dute

Informazioa zabaltzeko, berriz, eskualdeko etxe guztietan eskuorria banatuko dute, eta Tolosako Barrena kaleko 3. zenbakian informazio bulegoa ere zabalduko dute, astelehenetik larunbatera, 08:00etatik 14:00etara. Azkenik, urtarrilaren 9ra bitarte bi hezitzaile ariko dira, herri nahiz autobusetan, herritarren zalantzak argitzen.

 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!