Urteko azken lasterketa iritsi da

Maier Ugartemendia 2014ko abe. 18a, 11:00

Eskualdeko sei herritan korrika  eginez agurtuko dute 2014. urtea. Jarraian kros guztietako xehetasunak.

Urteetan urtarrilaren 1ean mendira igotzeko ohitura izan da nagusi eskualdeko herritarren artean. Baina, azken urteetan urtea kirola eginez agurtzeko ohitura ere gero eta zabalduago dago. Gauzak honela, Alegian, Berastegin, Ibarran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen urte zaharreko krosekin emango diote amaiera urteari.

Ibarran atzo aurkeztu zuten Hauspoa elkarteak aurten hirugarrenez antolatu duen krosa. Elkartearekin batera «herritar multzo handi batek boluntarioki» lan egin behar izan du edizio hau prestatzeko. Gainera, urtean zehar antolatutako ekitaldiek «arrakasta» izaten «herriko taberna eta merkatariek» laguntzen dutela ere aipatu zuten. Hain zuzen ere, eurak izango dira krosaren amaieran parte hartzaile helduen artean zozketatuko diren saskiak eskaini dituztenak.

Aipatu behar da ibilbidea aurreko urteetako «bera» izango dela. Helduena San Bartolome plazatik abiatuko da eta Euskal Herria kalea, San Inazio auzoa, Emeterio Arrese, Arane, Zaldune eta Azkuetik igaro ostean, plazara iritsiko dira berriz. Bi buelta eman beharko dituzte. Gaztetxoen ibilbidea, ordea, plaza eta Azkueren artean mugatuko da.

Izen emateari dagokionez, Ibarrako krosak badu berezitasun bat. Izena emateak «janari pakete baten balioa» izango du, eta biltzen den janaria elikagai bankura eramango dute. Iaz, esate baterako, «180 kilo janari» bildu zituzten.

Azkenik, «eskerrak» eman nahi izan zizkieten «Shanti kirolak dendari dortsalak uzteagatik, Ibarrako Udalari azpiegiturengatik eta bereziki egun horretan lanean eta korrika ibiliko diren ibartar guztiei».

Tolosan sari berezia, mozorro onenari

Tolosan urtez urte harrera hobea eskuratzen ari den egitasmoa hamazazpigarrenez ospatuko dute aurten, eta hastapenetatik izan duen kutsu solidarioari ere eutsiko diote.
 
Izan ere, Kolonbiako bi eskualdetan irakurzaletasuna eta hezkuntza zabaltzeko Mando liburuzaina proiektura bideratzen du, Samaniego-Orixe ikastetxeak, kroseko izen-emateko dirua.

Azken urteotan kirolari gailendu egin zaio ondo pasatzeko grina; gero eta ugariagoak dira Tolosako kuadrillen mozorro eta umore ukituzko jantziak, ibilbidea osatzerakoan. Horregatik, eta «lasterketaren izaera herrikoia indartzeko asmoz», aurten sari berezi bat banatuko dute, lasterketako ohiko sariekin batera: mozorro originalena saritu egingo dute. «Jai giroa sortzea oso interesgarria da eta, beraz, herritarrak animatu nahi ditugu mozorrotzera», azaldu zuen Iban Gallegok aurkezpenean.
Bide beretik, krosa «urtea amaitzeko modu polita» dela azaldu zuen Pello Etxabe kirol zinegotziak: «Galdu ezinezko hitzordu bilakatu da Tolosan, eta iaz 1.200 pertsonak parte hartu zuten lasterka». Halaber, egitasmoaren helburu hirukoitza ere goraipatu zuen eta, beraz, udalak horrelakoak sustatzen jarraituko duela baieztatu zuen.

Nabarmendutako berrikuntzekin batera, ohiko ezaugarriak izango ditu aurtengo Elkartasun krosak.
Azkenik, Iban Gallego antolatzaileak urteroko txokolate jaterako ohar bat ere zabaldu nahi izan zien herritarrei: «Urtero hondakin mordoa pilatzen da Zerkausian, txokolate jatearen ondorioz, horregatik, aurten herritarrek edalontzia etxetik eramateko deia egin nahi diegu, denon onerako».

ALEGIAKO V. SAN SILVESTRE KROSA

Ordua. 16:00etan.
Adina. 6 urtetik aurrera.
Izen ematea. Abenduaren 23ra arte , 16 urtetik gorakoek 3 euro ordaindu beharko dute. Egunean bertan, 14:30etik 15:30era 5 euro ordaindu behar dituzte.
Sari berezia. Mozorro onenak sari berezi bat izango du.

BERASTEGIKO UREPELE ELKARTEKO XI. URTEZAHAR KROSA

Ordua. 18:00etan.
Ibilbidea.
· 2002tik aurrera jaiotakoak 1,25 kilometrotako ibilbidea egin beharko dute.
· 2001etik behera jaiotakoak 5 kilometrotako ibilbidea egin beharko dute.
Izen ematea. 2002tik aurrera jaiotakoak abenduaren 30a bitarte 4 euro eta irteera egunean 6 euro. 2001etik beherakoak abenduaren 30era bitarte 5 euro eta irteera egunean 7 euro.
Sari berezia. Helduetan lehen buelta azkarren egiten duenak urdaiazpikoa jasoko du.

VILLABONA - ZIZURKILGO XXXI. URTE ZAHARREKO LASTERKETA

Ordua eta ibilbidea.
· Benjaminak (8-9 urte) eta txikiagoak: 16:00etan, ibilbide txikian buelta bat.
· Alebinak (10 eta 11 urte), 16:10ean, bi buelta txiki.
· Infantilak (12-13 urte), 16:28an eta 2,15 km, ibilbide nagusian.
· Kadeteak (14 eta 15 urte), 16:28an, 4,3 km, ibilbide nagusian.
· Jubenilak (16 eta 17 urte), 6,5 km ibilbide nagusian.
· Proba nagusia, 16:30ean 6,5 km ibilbide nagusian.
· Beteranoak (35 urtetik gora), 16:30ean 6,5 km, ibilbide nagusian.
Irteera. Villabonako Zunbeltz elkarte parean.
Izen ematea. Doan. www.herrikrossa.com webgunean edo egunean bertan 11:00etatik aurrera, Zunbeltz elkartean.
Sariak. Kategoria bakoitzeko lehenengo gizonezko eta emakumezkoari trofeoa; eta proba nagusian bigarren gizonezko eta emakumezkoak afarirako gonbitea jasoko dute. Bestalde, Zunbeltz elkartean egiteko 10 afariren zozketa egingo da parte hartzaile guztien artean.

LIZARTZA

Ordua. 17:00.

IBARRAKO III. IBARRAKO URTEZAHAR KROSA

Ordua. Haurrak 16:00etan eta helduak 16:30ean.
Ibilbidea.
· Helduak 5,4 km-tako ibilbidea egingo dute.
· Gaztetxoak, adin taldearen arabera sailkatuta, 300 m eta 1,8 km bitarteko ibilbidea egingo dute.
Izen ematea. Dortsalak abenduaren 26an, 29an eta 30ean banatuko dira, 17:00etatik 19:30era, San Bartolome plazan, eta abenduaren 31n, 12:00etatik 13:30era. Izena emateko janari pakete bat eman beharko da, eta ondoren elikagai bankura bidaliko da janaria.
Sariak. Helduentzat saskiak, benjaminetatik infantiletara kamisetak eta txikienek goxoki zakutxoa.

TOLOSAKO XVII. ELKARTASUN KROSA

Ordua. 15:30ean benjaminak aterako dira, eta ordu erdiro talde bat aterako da; helduak, 16:45ean aterako dira; guztiak Zerkausitik.
Ibilbidea.
· Benjaminek 700 m.
· Alebinek eta infantilek 1.400 m.
· Helduek 5050 m.
Izen ematea. Aralar kirolak dendan; 7 euro ordaindu beharko da abenduaren 30era bitarte eta, egunean bertan, Zerkausian, berriz, 12 euro. Haurrek ez dute korri egiteko ordaindu beharko.
Sariak. Benjaminak, alebinak eta infantilak, kamisetak eta garaikurrak. Helduek eta beteranoek kamisetak, opariak eta garaikurrak. Horrez gain, parte hartzaileen artean opariak zozketatuko dira.
Sari berezia. Mozorro originalenak sari berezia izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!