Eskualdeko mendietan txerri vietnamdarrak daudela ohartarazi dute

Mikel Iraola 2014ko abenduaren 17a

Tolosa eta Altzo inguruko mendietan bistaratu dituzte, Ollagon menditik gertu. Kasu honetan txerri bat eta hiru txerrikume ikusi dituzte. Bioaniztasunari kalte egin diezaioketela ohartarazi du Eguzki ekologista taldeak.  

Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez, orain arte Espainiako hainbat lekutan azaleratu dira espezie hauek, abeltzainek libre utzi dituztelako, edo maskota gisa zituzten pertsonek aske utzi dituztelako. Orain Gipuzkoara ere iritsi dira. 

Eguzkik ohartarazi du txerri hauek itxituretatik kanpo libre ibiltzea bioaniztasunarentzat kaltegarria izatera iritsi daitekeela, izan ere, basurdearekin nahastu daitezke, eta ondare genetikoa arriskuan jar dezakete. "Ez dakigu zenbat dabiltzan Gipuzkoan zehar, eta beraz, ez dakigu basati bihurtzeko gaitasuna zenbaterainokoa den. Espainia mailan 42 kasu topatu dira".

Hori dela eta, "egun bakanak diren kasuak benetako arazo bihurtu baino lehen" neurriak hartzeko eskatu die Eguzkik Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun Sailari eta Foru Aldundiko Mendi Sailari. Era berean, txerri hauen jabeei libre ez uzteko ohartarazi diete, herritarrei maskota gisa ez erosteko deia egitearekin batera. 

George Clooney aktoreak jarri zituen modan
Txerri vietnamdarrak erosteko moda orain dela urte batzuk hasi zen, eta zerikusi handia izan zuen George Clooney aktoreak horrelako txerrikume bat maskotatzat hartu izanarekin. Oso denbora laburrean, txerri vietnamdarrak noranahi iritsi ziren.

Txikiak direnean sei kilo inguruko pisua dute, baina txerrikume hori hazten denean dator arazoa: 60 eta 100 kilo arteko pisua hartzen dutenean. Orduan jende askok txerriak libre uzten ditu, eta hortik basurdearekin hibridatzera pauso bat baino ez dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!