Guardia Zibilak Tolosaldeko hainbat herritarrei egindako jazarpenak salatu ditu Gipuzkoako Sortuk

Mikel Iraola 2014ko abe. 15a, 13:26
Agurtzane LarraƱaga kalean geratu zuteneko irudia

Euskal Herri osoan eta bereziki eskualdean errepikatzen ari diren "erasoak" gaitzetsi ditu Joxean Agirre Gipuzkoako Sortuko Koordinatzaileak. Xabat Laborde, Agurtzane Larrañaga eta Iñigo Zapirainek, beren jazarpen kasuak kontatu dituzte.

"11:25 aldera, Zizurkilgo Oria ibaiaren pasealekuan bi pertsona gerturatu zitzaizkidan nire izenez deika. Esan zidaten niri fabore bat egitea zela beren asmoa eta nire hobebeharrez beraiekin hitz egiteko, Guardia Zibila ni atxilotzeko prest zegoelako". Xabat Laborde billabonatarraren kontakizuna da, uztailaren 10ekoa.

Iñigo Zapirain tolosarrari eta Agurtzane Larrañaga ibartarrari, aldiz, duela gutxi, abenduaren 5ean, Guardia Zibilek egun berean, 15 minutuko denbora tartean, geratu eta galdeketa luzeak egin zizkieten. Zapirain Leaburun izan zuten "denbora luzez" eta Larrañaga, berriz, Tolosan, Kondeko aldapan. "Inork ikusi ezin zidan leku batera eraman ninduten". Tarte horietan ez zieten mugikorra erabiltzeko baimenik eman.

Poliziaren "oldarraldi eta mehatxu" hauek salatu ditu Sortuk eta horien aurrean "elkartasuna eta babes osoa" helarazi dizkie. Era berean, azaldu dute aipatutako hauek "hiru adibide besterik ez" direla eta "kasu gehiago" dituztela mahai gainean. "Izua zabaldu nahi dute" azaldu du Haimar Altuna, Tolosaldeko Sortuko ordezkariak.

Tolosaldeatik kanpo izan dituzten gainontzeko kasuak ere gaitzetsi dituzte: Gipuzkoako errepideetan nahiz aurreko asteotan Txindokiko magalean egindako kontrolak kasu.

Gertakari horien helburua "euskaldunoi arrotza zaigun sistema politiko eta legala indarrez jartzea" dela esan du Agirrek: "Espainiar poliziak ez daude hemen herritarrak defendatzeko, proiektu politiko zehatz bat indarrez sostengatzeko baizik".

Egoera honekin amaitzeko soluzioa "indar espainiarrak euskal lurraldeetatik ateratzea" dela esan du Sortuko ordezariak, eta irteera hori "adostu eta lantzeko prestutasuna" dutela azaldu du.

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzari ere luzatu dio mezua Agirrek: "hitz garbiak ez ezik, ekintzak ere espero ditugu".

Xabat Laborde, Iñigo Zapirain eta Agurtzane Larrañagaren testigantza osoak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!