Leaburu-Txarama eta Ibarraren arteko mugarriak jarri dituzte

Maier Ugartemendia 2014ko abenduaren 12a

Apatta industrigunean mugarri berriak jarri dituzte mugak ondo zehazteko

Ostiralean Leaburu-Txarama eta Ibarraren arteko mugarriak jarri zituzten. Bi herrietan osatutako komisioetako kideak eta lurjabeak ere bertan izan ziren.

Ibarrako Udalaren ekimena izan zen mugarri hauek berrezartzearena. Leaburu-Txaramako Udalari proposamena egin ostean, bi herrietan komisioak osatzea erabaki zuten. Komisio hori pertsona hauez osatu behar zituzten bi herrietan: alkatea, bi zinegotzi, idazkaria, arkitektoa eta bi testigu. Behin komisioak osatuta, mugak adostu zituzten bi herrien artean, eta Apatta industrigunean erdituta geratzen ziren zenbait enpresa banatu zituzten.

Horiek izan dira egin diren aldaketa bakarrak, gainerako mugarriak ez dira aldatu, bere horretan jarraitu baitute. Ondoren, prozesuaren hurrengo pausua komisioen eta mugakideen artean bilera bat egitea izan zen, eta ondoren, mugak non eta nola jarri erabaki zuten.

Adostasuna lortuta, ostiralean komisioetako kideek beharrezko agiriak sinatu zituzten, eta mugarrietan barrena ibilbidea egin zuten. Lehen mugarrian Tolosako ordezkariak ere izan ziren, hiru herrien muga zehazten baitzen. Hortik aurrera, Ibarra eta Leaburu-Txaramakoek ekin zieten mugarri guztiak bisitatzeari eta beharrezko agiriak irakurtzeari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!