Hainbat jatorrik herri bakarra osatzeko elkarguneen bila

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 11a, 16:44

Kulturen arteko topaketak antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko migrazio sailak, Etorkinen Nazioarteko Egunaren harira.

Eskualdea etengabe aldatzen ari dela esanez zabaldu du, Tolosako Udaleko zinegotzi Mikel Arreseigorrek, Kulturen arteko topaketen aurkezpen agerraldia. Datorren abenduaren 18ko Etorkinen Nazioarteko Egunaren harira, Mundu bat Tolosaldean proiektuak orrialde berri bat izango du, Tolosaldeko kultura anistasuna gertuagotik ezagutzeko aukera izango da.

Bi helburu ditu egitasmoak: batetik, eskualdera bizitzera bertaratutako hainbat jatorritako pertsonen errealitatea plazaratu nahi dute eta, era berean, bertako nahiz kanpoko herritarrek elkar ezagutzeko guneak sortu nahi dituzte. Jomuga horien bila, Tolosaldea Garatzeneko migrazio sailarekin batera, Amasa-Villabonako Udala, Irurako Udala eta Tolosako Udala ere abiatu dira eta, eurekin batera, Guretzako taldeko emakumeak, Bidez bide elkartea, Baraka taldea, Lita arafu / Elkar ezagutzeko elkartea eta Duo Jade musika talde kubatarra. Horrenbestez, Arreseigorrekin batera honakoak izan dira agerraldian ere: Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikaria; Nora Urbizu Amasa-Villabonako zinegotzia; Ainhoa Ugalde Irurako alkatea; Mounia Maghnaoui, Tarana Karim eta Lourdes Tejera Guretzako taldeko kideak; Bidez Bideko Soraya Ronquillo, Baraka taldeko Idoia Sanchez; Lita arafu elkarteko Jalal Makori eta Abdelillah Krouit eta, azkenik,  Duo Jade musika taldeko kide Yanaysa Prieto eta Maygres Bourricaudy.

Aipaturiko eragile horiek guztiek parte hartuko dute hilaren 13tik 22ra bitarteko egitarauan, eta artea, literatura, musika nahiz gastronomia munduko hainbat txokotako betaurrekoekin ikusi, entzun eta dastatu ahal izango dira.

Bestalde, Lita arafu / Elkar ezagutzeko elkarteak urtarrila amaierarako proiektua plazaratzeko baliatu du Kulturen arteko topaketaren aurkezpena. izan ere, Islama eta musulman kultura ezagutzeko aukera izenburupean, mezkita zabalduko dute eta mintegi bat izango da, estreinakoz, kultur etxean.

ABENDUAK 13, LARUNBATA

10:30. Antzerki foroa Ni ez naiz arrazista baina... Tolosako Trianguloa plazan.

Esaldi hori askotan entzuteko aukera izaten dela abiapuntu hartuta, estereotipo arrazistek herritarrengan zer nolako eragina duten plazaratuko dute foroaren bitartez.  

19:30. DUO JADE emakume kantari kubatarrak  arratsaldeko Tolosako Zerkausian.

Tolosako Berdintasun Sailaren bitartez bertaratuko dira Tolosara eta, azaldu dutenez, 2009. urtean Pirritx eta Porrotxekin ekindako elkarlanaren jarraipenagatik iritsi dira, berriro, Euskal Herrira; pailazoen azken lanean parte hartuko dute, zenbait herritan emanaldiak eskaintzearekin batera.

ABENDUAK 15, ASTELEHENA

17:30. Compañeras de viaje dokumentalaren emanaldia Villabonako Gurea zineman.

Irailaz geroztik, Anoetan, Tolosan eta Villabonan hainbat jatorritako emakumeak elkartzen aritu dira, beren gosara, Guretzako-Para nosotras taldea osatuz. Horrela, beren eskutik ikusi ahal izango da, Gurean, Compañeras de viaje dokumentala; proiekzioa amaitutakoan afari-merienda izango da. 

Compañeras de viaje Oskar Tejedoren lana da, eta menpekotasuna duten adineko pertsonak zaintzen dituzten Gipuzkoako emakume latino-amerikarren esperientziak irudikatzen ditu, besteak beste. Halaber, migrazioaren arrazoiak, migrazio prozesua eta jatorrizko herrialdean dauden seme-alabekin duten harremanaren berri ere ematen du.

ABENDUAK 18, OSTEGUNA

18:30. Zoritxarreko babutxak ipuin antzeztua Baraka taldearen eskutik, Tolosako TOPIC zentroan. 

2011n magrebtar jatorriko eskualdeko gazteek, Kolore Guztiak Kulturarteko Elkartearekin eta Idoia Sanchez ipuin kontalariarekin batera, Christian Andersenen Pizgailu majikoa ipuina euskaraz eta arabieraz lehenengo aldiz antzeztu zuten hainbat udalerritan.  Esperientzia oso positiboa izan zen gazteentzat, hurbildu ziren jatorri magrebtrreko familientzat eta baita, oro har, estereotipoak hautsi eta gazteak rol positibo eta aktibo batean ikusteko aukera zuten guztientzat ere.

2012an, beraz, Nasrudín eta bere astoa ipuina aurkeztu zuten eta, aurten, Zizurkil, Anoeta, Leaburu eta Alegia Zoritxarreko babutxak antzeztu ondoren, Tolosa eta Iruran izango dira hurrengo emanaldiak.

 

ABENDUAK 22, ASTELEHENA

 

18:30. Zoritxarreko babutxak ipuin antzeztua, arabieraz eta euskaraz, Irurako kulturunean.

 

ABENDUAK 20, LARUNBATA

Tolosako Gabonetako azoka berezian, jatorri ezberdinetako gozoak dastatzeko aukera izango da Guretzako taldeko emakumeen eskutik.

 

URTARRILAK 30-31

Lita arafu- Ezagutzeko elkartearen eskutik Islama eta musulman kultura ezagutzeko aukera izango da, Tolosako San Frantzisko kaleko 28. zenbakian. Tolosako mezkitak azken urteotan egin duen moduan, bere ateak zabalduko ditu Islama eta musulman kultura ezagutu nahi duenarentzat. Halaber, mintegi bat ere antolatuko dute kultur etxean, kanpoko nahiz bertako herritarrek elkar ezagutzeko. Aurrerago eskainiko dute informazio zehatzagoa, jakinarazi dutenez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!