Adikzioen legearen proiektua onartu du gobernu batzarrak, eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko dute. Horrenbestez, eta lege proiektua onartuko balitz, elkarte gastronomikoetan ezingo da erre, "nahiz eta pribatuak izan".
Jon Darpon osasun sailburuak esan duenez, "adingabeak eta talde ahulenak babestu" nahi ditu legeak, eta egungo gizarteari "egokitua" dagoela esan du. Indarrean dagoen legea 1998koa da eta hiru aldiz berritu da: "Adikzioen ondorioei ez ezik, sortzen dituzten zergatiei ere erreparatu nahi diegu" esan du.
Lege honek ez die soilik elkarteei eragingo. Adingabeek ezingo dute alkoholik edan inon, ezta beren lokaletan ere. Kalean edateari ere muga jarriko zaio, nahiz eta udal bakoitzak zehaztuko dituen mugak. Hasiera batean, taberna barruan eta terrazetan edan ahalko da soilik. Hala ere, salbuespenak egin ahal izango dituzte, jaien hasierako txupinazoetan esaterako. Zezen plazetan eta kirol instalakuntza irekietan ere ezingo da erre.
Legea urratzen dutenek, 600 eurotik 600.000 euro bitarteko isunak ordaindu beharko dituzte. Azken hau falta oso larrien kasuan izango da, ikastetxeen aurrean adingabeei alkohola saltzea, adibidez. Kasu larrietan, 10.000 eurokoak izango dira isunak.