Bizitza ematen duten tantak

Maier Ugartemendia 2014ko abe. 8a, 11:18

Odol emaileak beharrezkoak dira pertsona askoren bizitzek aurrera egiteko; bide horretan eskualdeko pertsona askok lan garrantzitsua egiten dute.

«Pena bakarra dut, odola ematen lehenago hasi ez izana». Hori da Margari Urdangarin, Alegiako odol emaileen taldeko arduradunak sentitzen duena. Izan ere, bera, beste asko bezala, gertuko batek odola behar izatearen ondorioz hasi zen odola ematen. Odol emaileen, odol tanta horiek dira jende askori bizitza ematen diotenak, eta beharrezkoak dira, gainera, herritar askok bizitzen jarraitzeko. Horregatik da hain garrantzitsua odol emaileen taldeek egiten duten lana, eta Gipuzkoan guztiak Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartean biltzen dira.

Duela berrogeita hamar urte sortu zen Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea, 1964ko azaroaren 27a zen, hain zuzen ere. Duela aste batzuk bildu ziren odol emaileetako talde ezberdinak euren urteurrena ospatzeko, eta baita urteko balantzea egiteko ere. Odol emaileen elkartea sortu aurretik, transfusioetarako odola, beharra zuten gaixoen senitartekoen edo lagunen odol emanaldiei esker lortzen zen, edo bestela, diruaren truke odola emateko prest zeuden pertsonengana jontzen zen. Baina, erizain batzuk ohartu ziren transfusioak behar zituzten gaixo askok ez zutela horretarako behar zen senitartekorik, ezta beren transfusioetarako beharrezko odol-unitateak erdiesteko nahiko baliabide ekonomikorik ere.

Behar horiei erantzuteko asmoz sortu zen odol emaileen elkartea. Lehen lau edo sei urteetan, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak odol emaileen beharraren mezua zabaldu zuen. Elkartearen esanetan biztanleriaren erantzuna «eskuzabala» izan zen, eta «pertsona kopuru handi bat» odol emaile bihurtzea lortu zen. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen arabera, egun Gipuzkoan 18.000 odol emaile baino gehiago daude.

Elkarteak aurrera egin ahal izateko, eta odola behar duten pertsonentzako odola jasotzeko beharrezkoa izaten da boluntarioen lana. Gipuzkoan bertan, elkarteak 72 ordezkaritza ditu, eta ordezkaritza hauetan 400 pertsonatik gora aritzen dira lanean, odol emateak aurrera atera daitezen, edo beharrezkoak diren lan ezberdinak burutzen. Ordezkaritza horiek funtzionamendurako «autonomia ia osoa» dute Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearen esanetan, eta beren ardura da beren eragiteko esparruan «odol-emanaldiak sustatzea», eta baita sustapen horrek sortzen dituen «gastuei aurre egiteko beharrezkoak diren fondoak» biltzea ere, eta halaber, deiak egitea eta odola eman ondoren odol emaileei mokadutxoak eskaintzea.Eurak dira odol emaileen erreferentzia pertsonak.

Eskualdean urteetako esperientzia
Tolosaldean ere hainbat ordezkaritza ditu Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, eta ordezkaritza hauetan gure herrietako hainbat lagun aritzen dira lanean. Euren denbora librea eskaintzen digute gu guztioi, beste batzuei bizia emateko; eta guri ere goxotasun eta adeitasun osoa eskaintzen digute, zenbaitentzat une ez oso polita izaten den odola ematea erosoago egiteko.

Gure eskualdean odola emateko aukera izaten da Alegian, Anoetan, Asteasun, Berastegin, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Tolosan eta Villabonan. Zenbait talde berriagoak dira, eta beste zenbaitek urte luzeetako esperientzia dute. Edonola ere, garrantzitsuena ahalik eta odol emaile gehien izatea da. Izan ere, arrazoi ezberdinengatik asko dira odola jasotzeko beharra izaten duten pertsonak, eta herri hauetan egiten den lanari esker eta odol emaileen eskuzabaltasunari esker, gure bizitzako minutu gutxi batzuetako tarteak, beste pertsona baten bizitza salba dezake.

TOLOSALDEKO ATARIA-k herri hauetako hiru ordezkariren esperientziak bildu ditu, eta euren herrietan odol emaileen taldeak bizi duen egoera ezagutzeaz gain, odola ematearen garrantziari buruz ere hitz egin dugu. Rufino Garikano da Tolosako taldearen arduradunetako bat, Margari Urdangarin Alegiako taldeko arduraduna eta Lurdes Otegi Berastegiko taldearena. Hirurak odol emaile izan ziren euren herrietako taldeetan parte hartzen hasi aurretik. Rufino Garikano, esate baterako, 1979 inguruan hasi zen odola ematen, eta urte askotan odol emaile gisara Tolosara joan ondoren, duela bederatzi urte odola eman ondoren, mokakdutxoa jatera joan zenean, oraindik arduradun izaten jarraitzen duen Mari Jose Agirrezabala, besteak beste, «urduri» ikusi zuen. Bere laguntza eskaini zien, eta zenbait kontutan lagundu zien; baina, handik hilabete batzutara Agirrezabalak osasun arazo batzuk izan zituen, eta orduan sartu zen Tolosako taldean buru-belarri lan egitera Garikano. Egun emaztearekin eta Agirrezabalarekin banatzen ditu lanak.

Margari Urdangarin Alegiako taldearen arduraduna da. Bera duela 25 urte hasi zen odola ematen. Bere senarra hil berria zen, eta kalean zihoala odol emaileen furgoneta ikusi zuen, eta bere buruari honakoa esan zion: «Nire senarrak besteen odola hartu bazuen, nik ere emango nuke nirea, balioko balu!». Egun hartatik eta 65 urte bete zituen arte odol emaile izan da Urdangarin. Emateko aukera izan zuen guztietan eman zuen. Izan ere, egun 70 urtera arte odola ematen jarraitu badaiteke ere, lehen 65 urtetan zegoen muga. Gauzak honela, Alegiako taldean eta odol emaileen artean «hasiera-hasieratik» lanean aritu zen Anttonita Iriarte alegiarrari laguntzen hasi zen Urdangarin, eta Iriartek utzi zuenean, duela hamasei urte inguru, sartu zen ordezkari lanak egitera.

Lurdes Otegi berastegiarra ere odol emaile zen Berastegiko taldearen ardura hartu aurretik. Baina, berak ez zuen beste norbaiten txanda hartu. Otegi eta bere koinata Marixol Atxukarro Tolosara joaten ziren odola ematera, eta Berastegin ere taldea osatzea pentsatu zuten: «Zergatik ez egin herrian? Agian jendea etorriko litzateke!». Odol emaileen elkartean galdetu zuten, eta 20-25 lagun elkartuz gero, Berastegira ere joan liratekeela esan zioten. Hortaz, 2000. urtean herrian zehar zerrendak jarri zituzten, herritarrek izena emateko, eta «ehundik gora» apuntatu ziren. Nahikoa pertsona bilduta, urtean bi aldiz odola emateko aukera jarri zuten Berastegin. Aldi bakoitzeko 60 pertsona inguru joaten ziren odol ematera eta urtean hirutara pasatzea erabaki zuten. Hasiera batean, odola eman ondorengo mokadutxoak prestatzeko herriko dendetan ibili behar izaten zuten laguntza eske. Egun Berastegiko Udalaren laguntza jasotzen dute gastuak ordaintzeko. Otegiren ustez, odol emaileen taldea herrira eramateak «onura handia» ekarri du. Jendeari odola ematea erraztuz gero, jende «gehiago» joaten baita odola ematera.

Tolosa eta Alegiako taldeen sorrera, berriz, ez dakite ziur noiz izan zen. Garikanoren esanetan, Tolosan elkartea sortu aurretik ere Mari Luisa Agirre zena, «odol emaileen bila aritzen zen duela 60 urte baino gehiago». Alegian ere urtea zehazki ez jakin arren, Urdangarinei Anttonita Iriarte askotan kontatu izan dio, gogoan duela hasiera hartan lau edo sei odol emaile bakarrik biltzen zirela Alegian.

Hiru herrietan egun hiru pertsona arduratzen dira lanak banatzeaz. Tolosan, esate baterako, Garikano bera egoten da jendaurrean, eta berarekin egoten da pertsona bat. Hiru pertsona txandatuz ibiltzen dira berari laguntzeko. Mari Jose Agirrezabala ere taldean ibiltzen da oraindik. Tolosan ere udalaren diru laguntza jasotzen dute gastuei aurre egiteko. Alegian ere hiru lagun biltzen dira, eta ohikoak diren lanez arduratzen dira: kartel informatiboak jarri, mokaduak prestatzeko erosketak egin eta prestatu, elkartearekin lotura lanak egin eta hutsune edo beharren berri eman, jendeari harrera egin... Gastuei aurre egiteko udalaren laguntza izaten dute. Tolosan kultur etxean ematen dute odola, Alegian anbulategian eta Berastegin eskolan.

Odol emaileen belaunaldi aldaketa
Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen arabera, 2014ko otsailean, esate baterako, %25eko beherakada izan zuten odol emateek. Aldiz, gure eskualdean badirudi odol emateak «mantendu» egin direla orohar, eta belaunaldien arteko erreleboa ere gertatzen dela uste dute Garikanok, Urdangarinek eta Otegik. Tolosan hilero dago odola emateko aukera, eta Garikanoren esanetan, «aldiko 70-90 odol emate» izaten dira, «urtean 1.000 inguru». Alegian, urtean hiru bider ematen dute eta aldiko «40-44 odol emate» izaten dira, guztira urtean 120 inguru. Berastegin, hiru aldiz ematen dute odola, eta aldiko «42-52 pertsonak ematen dute odola»; 2014. urteko odol emateak amaituta, aurten 140 odol emate izan dituzte Otegiren esanetan.

Tolosan, esate baterako, odol emaileen kopurua «gora aldera» joan dela uste du Garikanok. Lehen Tolosaldeko herri gehiagotatik joaten ziren Tolosara odola ematera, baina orain leku gehiagotan dago odola emateko aukera eta batez ere tolosarrak dira bertaratzen direnak. Hala ere, sei ohe izatetik bederatzi izatera pasa dira eta hala ere, «gelditu gabe» aritzen direla dio. Alegian odola ematen hasten diren «gehienak» odola ematen jarraitzen dutela dio Urdangarinek. Berastegin, oso pozik daude gazteen aldetik jasotzen duten erantzunarekin, «zoriontzeko» zerbait dela uste du Otegik.

Esan bezala, belaundaldi gazteetan jarraipena egotea oso garrantzitsua da. «Ahoz ahokoak» odol emaileak erakartzen baditu ere, herrietako arduradunek kartelak jartzen dituzte ahalik eta gehien zabaltzeko noiz den odol emateko eguna, eta kanpainaren bat ere egin izan dute. Zenbait herritan jada eskoletan hasten dira haurrak kontzientziatzeko lanak egiten. Etorkizuna beraiek baitira.

Ehundik gora odol emate
Rufino Garikanok esan bezala, «jende fin asko» dago eta odola ematera txintxo-txintxo joaten direnak ugari dira. Odola 25 aldiz eta 40 eta 50 aldiz ematen dutenak medailak jasotzen dituzte. Tolosan, esaterako, Victor izeneko 69 urteko gizon batek ehundik gora odol emate ditu bizkarrean. Alegian, aurten 75. aldiz odola eman duen emaile bat dute, eta 25etik, 50etik edo 60tik gorakoak ere badituzte. Berastegin, odola ematen duela urte batzuk osatu zutenez taldea, herritar gehienak orduan hasitakoak dira, eta batez ere 25 emanalditik gorakoak dituzte. Baina, Axun Lizartza herritarrak, esate baterako, 60 emanaldien medaila jaso zuen 2012an.

Esan bezala, odol emaileen eskuzabaltasuna mugagabea da, eta odola etenik gabe ematen jarraitzen dutenen esfortzua beharrezkoa. Baina, beharrezkoa da odol emaile berriak biltzen joatea ere. Horregatik, Garikanok, Urdangarinek eta Otegik ez dute zalantzarik egiten odol emaile berriak odola ematera animatzerakoan. Batzuek beldurrei ere aurre egin behar izaten die, asko baitira odola ikuste hutsarekin gorputz txarra izaten dutenak.

Hain zuzen ere, hiru arduradunak elkarteari lotuta gogoratzen dituzten bitxikeriak gai horri lotutakoak dira. Tolosan, adibidez, emakume bat omen dago odola ematera joaten den aldiro zorabiatzen dena: «Egun batean zorabiatu gabe odola eman zuen eta guztiei kontatzen aritu zen». Garikanoren ustez, «izugarrizko meritua» du. Berastegin ere badituzte zorabiatzen diren odol emaileak, tartean herriko medikua eta botikaria. Egun batean, biak zorabiatu zitzaizkie odola ematerakoan, eta Otegik orain «broma» hori egiten dietela onartzen du. Berastegiko eta Tolosako herritar hauek bezala, zorabiatzen direnak ugariak dira, eta hala ere, hutsik egiten ez dutenak.

Berastegin badute odol taldeekin lotutako beste bitxikeria bat ere. 0- taldekoak direnen kopurua «handia» da bertan. Talde honen odola beste edozein taldeei egokitzen zaiena da; guztientzako baliagarria. Gipuzkoan, %13-14 badira talde honetakoak, Berastegin %37ra iristen dira.

Jarraitzearen beharra
«Odola ez da nonbaitetik sortzen», eta hortaz odola ematen jarraitzea ezinbestekoa da. Garikano lehen aldiz odola ematera joaten direnak «txantxak eginez» animatzen saiatzen da, baina bereziki odola eman ondoren sentitzen den «satisfakzioa» azpimarratuko luke odol emaile berriak animatzeko: «Nahiz eta ez ikusi norengana doan odol hori, badakizu norbaiti on egiten ari zarela». Urdangarinek odola sortzeko «beste biderik» ez dagoela esango lieke zalantzan daudenei. Otegiren ustez ere, «lehenago edo beranduago» guk edo inguruko norbaitek odola jasotzeko beharra izaten du, eta «odola hartzeko eskubidea izateko, norbaitek eman ere egin behar du».

Etokizunari begira jarriz gero, odol emaileen elkartea lanean eta odol emaileak odola ematen ikusten dituzte hiru arduradunek. Hirurek dituzten ardurak uztean, lanean jarraituko duten pertsonak egongo direla uste dute. Odola lortzeko bide bakarra emaileena izaten den bitartean, odola ematen jarraituko duten pertsonak egongo direla uste dute. Eta belaunaldi aldaketa egongo dela ere uste dute.

Garikanoren esanetan, odola «artifizialki» sortzen ere hasi omen dira, baina beste «hamar edo hogei urte» pasa omen daitezke benetan zerbait lortzeko eta bitartean euren lanak eta esfortzuak ezinbestekoa izaten jarraitzen du.

Urrezko bihotzak
Rufino Garikano, Margari Urdangarin edo Lurdes Otegi bezelako pertsonen lana ezinbestekoa da, pertsona askorentzat beharrezkoak diren odol tantak jasotzeko. Eta eurak bezala lanean jarraitu ahal izateko ezinbestekoa da odola emango duten pertsonak egotea. Baldintza gutxi batzuen barruan sartuz gero, edonor izan daiteke odol emaile.

Aurreiritziak eta beldurrak alboan utzi eta odola ematera lehen aldiz joanez gero, guzti hori alboan utzi eta odola ematen jarraitzeko nahia pizten da. Izan ere, zure bizitzako minutu batzuren truke, beste pertsona bati minutu askotako bizitza ematen diozu.

Odol emaileen elkarteak, gainera, bereziki gazteei zuzentzen die odola ematen jarraitzeko deialdia. Izan ere, beraiek dira etorkizuna, eta beharrezko odol emaileak izaten jarraitzeko beharrezkoa da belaunaldi aldaketa ematea. Hortaz, helduak eta bereziki gazteak, tanta bat duen kartela kalean ikusiz gero, edo odol emaileen furgonetaren deia kalean entzunez gero, zalantzarik gabe hausartu pauso hori ematera; ez zarete damutuko trukean jasoko duzuenarekin. Esker ona.

BALDINTZAK

Odola ematera joatean pletora-sintomak, egoera fisiko txarra, ahultasun edo desnutrizio-egoera, anemia, ikterizia, zianosia, disnea, adimen-ezegonkortasuna edo alkohol, droga edo beste produktu batzuk kontsumitzeagatik intoxikazio-sintomak dituzten guztiak baztertuta geratuko dira (1996ko otsailaren 16ko 41 zk. EBO).

1 - Adina: 18 eta 65 urte bitartean.

2 - Pisua: 50 kg-tik gora.

3 - Tentsio diastolikoa (baxua): 50 mmHg eta 100 mmHg artean.

4 - Tentsio sistolikoa (altua): 100 mmHg eta 180 mmHg artean.

5 - Pultsua: Erregularra eta 50 eta 110 pultsazio bitartean.

6 - Gizonen Hemoglobina-kopurua: 135 Gr-tik gora/litroko.

7 - Emakumeen Hemoglobina-kopurua: 125 Gr-tik gora/litroko.

8 - Gizonen odol-emanaldien maiztasuna: gehienez 4 aldiz urtean.

9 - Emakumeen odol-emanaldien maiztasuna: gehienez 3 aldiz urtean.

10 - 2 odol-emanaldien arteko gutxieneko epea: 2 hilabete.

11 - Baraurik ez da odolik eman behar.

12 - Osasun normal bat edukitzea: odola eman aurretik, talde medikuak historia bat egiten du eta miaketa bat ere bai, odola emateko aukerarik dagoen ikusteko.

13 - Hepatitisa edo HIES kutsatzea errazten duten arrisku-jokabiderik ez edukitzea.

14 - Azken urtean paludismo edo txagak izan diren gune endemikoetara bidaiatu ez izana. (Hego edo Ertamerikako, Afrikako eta Asiako zenbait herrialde).

ODOLA EMATEA

· Odola emateko bete behar diren baldintza mediko eta legezkoak bete ondoren, odola ematea oso gauza erraza da, ez du minik ematen, eta 10 minutu eskas behar dira hori egiteko.

· Emanaldi bakoitzean 450 cc odol ateratzen da gutxi gorabehera.

· Pertsona batek urtean gehienez zenbat aldiz eman dezake odola?

- Gizonek 4 aldiz

- Emakumeek 3 aldiz

· Odola ateratzeko tresna guztiak behin bakarrik erabiltzen dira, horregatik inork ezin du inolako gaixotasunik harrapatu odola emategatik.

· Besoa tolestatzeko aldean dauden zainetako batetik ateratzen da odola.

· Odola eman ondoren emaileari mokadutxo bat eskaintzen zaio.

· Odola emateko zentrotik ateratzen denerako organismoa ondo dago.

ESKUALDEAN ODOLA EMATEKO LEKUAK

Alegia - Anbulategia
Amezketa - Kultur etxea
Anoeta - Anbulategia
Asteasu - Kultur etxea
Berastegi - Muñagorri eskola
Ibarra - Anbulategia
Ikaztegieta - Polikiroldegia
Irura - Herri eskola
Tolosa - Kultur etxea
Villabona - Anbulategia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!