Alegialdeko haurren %18a, pisu arazoekin

Imanol Garcia 2014ko abe. 5a, 08:30

Haur eta gazteengan ohitura osasuntsuak zabaltzeko egitasmoa jarri dute abian Alegian eta Altzon hainbat eragilek. Lierni Agirre erizainak eta Andu Martinez de Rituerto irakasleak eman dituzte azalpenak.

 

Alegian eta Altzon martxan jarri dute haur eta gazteengan ohitura osasuntsuak bultzatzeko egitasmoa. Alegiako osasun zentroak bildutako datuen arabera, 5 eta 14 urte bitarteko haurren %18,22ak pisu arazoak ditu, hau da, gehiegizko pisua edo gizentasuna dute. Zehazki, %10ak gehiegizko pisua du eta %8,2ak gizentasuna.

Gorputzaren masa indizea kontuan hartuta jaso dituzte datuak. 5 eta 9 urtekoen artean %16,08ak ditu pisu arazoak, mutilen %12,62ak eta nesken %20ak. 9 eta 14 urte arteko adin tarteari dagokionez, %17,33ak ditu arazoak, mutilen %9,83ak eta nesken %26,21ak. Generoari dagokionez, nesketan arazoa larriagoa da,  %22,3ak baititu arazoak (%14ak gehiegizko pisua eta %8,27ak gizentasuna). Mutilei dagokionez, %11,56ak ditu arazoak (%6,56ak gehiegizko pisua eta %5ak gizentasuna).

Lierni Agirre Alegiako osasun zentroko pediatria erizainak azaldu duenez, «hemen lanean hasi ginenean konturatu ginen ume askok pisu arazoak zituztela. Hori ikusita, Alegia eta Altzoko hainbat eragile biltzen hasi ginen gaiaren inguruan zerbait egiteko». Osasun zentroaz gain, Eusko Jaurlaritzako Tolosa-Goierri osasun publikoak, eta San Juan, Aralar eta Imaz Bertsolaria ikastetxeak ari dira bultzatzen egitasmoa, bi herrietako udalen laguntzarekin. Datuek adierazten dutenaz gain, beste kezka iturria ere tendentzia izan da, Andu Martinez de Rituerto Aralar institutuko irakasleak azaldu duenez: «Nik ere eskolan neurketak egiten ditut eta ikusi nuen igoera bat zegoela, gorako tendentzia zegoela. Horrez gain, haur eta gazteen artean sedentarismoak gora egin duela ikusi da».  

Zenbait gomendio
Ikusi zuten gurasoak inplikatzea beharrezkoa dela arazoari irtenbidea emateko, eta horregatik lehenengo ekimena aste honetan egindako bilera-solasadia izan da. «Espero baino jende gutxiago etorri da», azaldu du Martinez de Rituertok. «Hala ere, aurreikusita genuen, eta familia guztiei iritsiko zaie eskolen bitartez bai elikaduraren inguruan eta baita ariketa fisikoaren inguruan solasaldi horretan emandako informazioa».

Emandako gomendioen artean, elikadurari dagokionez, fruta eta barazki ugari jan behar direla, egunean bi edo hiru, azaldu zuten. Astean bi edo hiru aldiz lekak jatea ere garrantzitsua da. «Bost otordu egitea garrantzitsua da», esan du Agirrek. «Azukrea eta koipea dituzten elikagaiak ahal diren gehien gutxitu behar dira, besteak beste, opil industrialak eta txokolatea». Edari azukredunak asko edaten direla ere konturatu direla dio Agirrek, eta egarria izanez gero ura edan behar dela gomendatu du. Jatorduak familia giroan egitea ere garrantzitsua dela diote.

Ariketa fisikoari dagokionez, ideia sinpleak ematen saiatu zirela azaldu du Martinez de Rituertok: «Munduko Osasun Erakundeak 18 urte artekoentzat gomendatzen du gutxienez intentsitate ertain edo altuko ariketa fisikoa egitea. Ez du esan nahi ordubete jarraian korrikan aritu behar direnik, izan daiteke jolas garaian soka saltoan ibiltzea, harrapaketan, futbolean...». Kirol batean aritzea nahikoa ez dela gaineratu du: «Ez du bermatzen behar bezainbesteko ariketa fisikoa egitea. Beraz, joko espontaneoa berreskuratu behar da». Bestetik, etxetik eskolarako bidea ahal den aktiboena egitea gomendatu dute. Adin batetik aurrera kirol antolatuan parte hartzera ere bultzatzen dute eta familia giroan kirola egitea ere.

Aurki beste ekimen bat jarriko dute martxan: urtarrilean hasita gosari osasuntsuei buruzko jarduerak egingo dituzte eskoletan, ikasleek ikusteko nola hobetu ditzaketen beraiek egiten dituzten gosariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!