Beste edozein egun bezalakoa da abenduaren 3a. lan eguna da, hala egokitzen denean, eta aisiarako eguna, berriz, igandez esnatzen denean. Urteko azken hilabeteko hirugarren egunak, ordea, badu esanahi berezirik euskal komunitatearentzat: haren eta honen nazioarteko egunen munduan, Euskararen Nazioarteko Eguna da abenduaren 3a.
Bakartu, zapaldu eta askotan gutxietsitako hizkuntza horretako hiztunek beren aldarriak plazaratzeko bide eta modu guztiak erabiltzen dituzte dataren harira, eta Tolosaldean makina bat herritar aritu dira horretan.
Izan ere, halako egunek balio izaten dute kontzientzia pizteko, belaunaldi gazteei pasa den hamarkadetako gordinkeriak erakusteko, euskalduntasuna kantuan ospatzeko nahiz euskal idazle handien aipuak kaleko artearekin uztartzeko.
Euskaraz bizi nahi dut, Euskaraz gara, Hizkuntza bizirik da, Euskal Herrian Euskaraz, Euskarak 365 egun, Guk euskaraz eta beste hamaika lelorekin bat egiteaz gain, ordea, euskaldunek beren egunerokora euskara gonbidatzea da, halako egunak aldarrikapenetik ospakizunera pasatzeko gakoa.
Anje Duhalderen abestia gogora ekarriz, hizkuntza zaharra gutxiago maitatu baina gehiago gozatzea baita herritar askoren lan, gogo, nahi eta ametsen helburua.
Baña nik, izkuntza larrekoa, nai aunat noranaikoa
Eta Lizardiren aipuari eutsiz, euskara noranahi eraman eta nonahi erabiltzeko modukoa dela erakutsi dute eskualdeko herritarrek.
Haur eta gaztetxoak izan dira, batez ere, antzerki, dantza nahiz kantuekin Euskararen Nazioarteko Eguna lau haizetara zabaldu eta ospatu dutenak; kaleak ere itxuraldatu dituzte margoz eta literaturaz.
Tolosaldeko egitaraua, ordea, ez da gaur eten, eta bihar ere izango da kultur jarduerarik. Alegian, adibidez, Saroa Bikandiren ipuin kontaketaz gozatu ahal izango da, liburutegian, 17:00etatik aurrera. Amasa-Villabonan, aldiz, ahozko literaturari begira jarriko dira eta, 19:00etatik aurrera, bertso bisita egingo dute udalak, Mintzolak eta Bertsozale elkarteak antolatuta; Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu ere bertan izango dira.
Azkenik, Amezketan, ostirala bitarte ikusgai izango da, Zumadi eskolan, euskarazko hitz politen hormairudia.