Aniztasun funtzionala duten langileen integrazioan egindako politika publikoak salatu ditu LABek

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 3a, 12:46

Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta LAB sindikatuak azaldu duenez, politika publikoek "porrot egin dute gizarte inklusiboa eta aukera berdintasuna lortzeko asmoetan".

Agerraldia egin dute LAB sindikatutako Gaituak arloko ordezkariek, eta aniztasun funtzionala duten emakume eta gizonek "historikoki era guztietako diskriminazio eta trabak" pairatu dituen kolektiboa osatzen dutela zehaztu dute. Maria Apellaniz Gaituak arloko arduradunak azaldu duenez, "sistema kapitalistak desgaitasuna bazterketa tresna bezala erabili du, eta horren bidez pobrezia eta menpekotasunera kondenatu gaitu, giza eskubideak ukatzeaz batera".

Horren harira, agerraldian azken urteotako politika publikoak salatu dituzte: "Gure kolektiboaren jarduera-tasak bataz bestekoaren azpitik egoten jarraitzen dute, soldata maila ziztrinek ez dute bizitza duin eta independentea bermatzen eta lana aurkitzeko ez daukagu aukera berdintasunik".

Lana bilatzeko "aukera bakarrenetarikoa" Enplegu Zentro Bereziak (EZB) izaten direla diote: "Enpresa hauek diru publikoa jasotzen duten arren, oraindik ere lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik kobratzen duten langileak badaudela" salatu dute. Desgaitasuna ez dela negozioa esan dute: "Ez da eskulan merkea, ez gara erraz manipulatzen ahal den jendea. Ez dadila inor aberastu gure kontura". Horren harira, "irabazteko asmoz egindako EZBak debekatzea eta gainontzekoak demokratizatzea" eskatu dute. Administrazioei enpresa horiei ematen zaien diru publikoaren erabilpenaren gaineko "kontrol zorrotza" egitea eta langileei eragiten dieten erabaki foro eta legeetan "parte hartzea bermatzea" eskatu dute.

Azkenik, "gure herriaren gehiengoaren interesei erantzuten dien eredu ekonomiko eta sozial bat behingoz eraikitzeko" exijitu dute: "Lan integraziorako eredu erreal bat bultzatuz, baztertzen gaituzten oztopo denak ezabatuz eta guztiontzako kalitateko bizitza duina bermatuz". LAB sindikatuko Gaituak arlotik "ikusezin bihurtuko ez gaituen sistema integrala" aldarrikatu dute. Pentsio "duinak" exijitu dituzte, eta Espainiako Gizarte Segurantzak "prekarietatean eta mendekotasunean bizitzera kondenatzen" dituztela salatu dute. "Guk ere, hemen lan eta bizi gara, eta beraz pentsioak bertan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu".

Agerraldian Javi Sanz izan da, Gureak taldeko LAB sindikatuko ordezkaria, eta Tolosaldeko Katea Legaia enpresako ordezkariak ere.

'Arrosaren artista'

Hain justu, gaurko eguna baliatu dute Katea Legaiako LAB sindikatuko ordezkariek argitalpen bat aurkezteko. Aitor Arroyo tolosar gazteak idatzi duen kontakizun laburra, Arrosaren artista izenekoa, argitaratu dute, eta aniztasun funtzionalak dituzten pertsonen kolektiboa bizirik dagoela aldarrikatzeko baliatu nahi dute. Kontakizun labur hori eskualdeko kultur egoitzetan eta komertzioetan eskuratu ahalko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!