Inoizko bisita kopuru handiena jaso du ataria.info-k azaroan

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 3a, 09:03

1.200dik gora bisita jasotzen ditu egunean webguneak. Gainera, webgunean hobekuntzak egin dira. 

Aldaketen hilabeteak izan dira Tolosaldeko Ataria-n irailetik, eta proiektua indartu nahian ari gara lanean. Bide horretan, webguneari garrantzi berezia eman zaio, eta bertan hobekuntzak egiteaz gain, jarioa bizitu eta eduki berriak osatzeko apustua egin da. Apustu horrek dagoeneko eman ditu lehen emaitzak.

Izan ere, azaroan zehar, inoizko daturik onenak izan ditu ataria.info-k: hilabeteko epean, ia 40.000 bisita. Urrian jarri berria zen marka gainditu da honenbestez. Egunean bataz beste 700 erabiltzailek egiten zuen geldialdia ataria.info-n irailera bitarte. Bada, dagoeneko 1.200dik gora dira azken hiru hilabeteotan egunean jasotzen diren bisitariak.

Iñaki Artola eta Jokin Altunak jokatutako finalak sortu du interes gehien azaroan, neurketa horren baitan sortu diren edukiek izan baitute jarraipen gehien sarean. Ez dira atzean geratzen AHTak Hernialden eragindako zuloaren jarraipena, Behobiaren harira egindako bideoak edota gure kolaboratzaileen zutabeak.

Aipagarriak dira ataria.info kontsumitzeko bisitariek erabiltzen dituzten euskarrien inguruko datuak. Gehienak ordenagailu bidez iristen diren bitartean, gora doaz mugikorretik (%41,82) eta tablet bidez (%5,2) sartzen direnak. Jatorrian ere esangura berezia dute sare-sozialek, bisitarien %45 sartzen baita horietatik. Facebook da erabiliena.

Hobekuntzak diseinuan
Hilabeteetako lanaren ondorioz, pasa den astetik aurrera, itxura berria du ataria.info-k. Erabiltzailearen bisita eroso bihurtze aldera diseinuan hobekuntzak egin dira: tipografia aldatu da, atalak gehitu dira, eta beste zenbait leku aldatu egin dira. Dena den, oraindik ez dira berritze lanak amaitu eta aurrerantzean ere horretan lanean jarraituko du Atariak.

Plataforma osagarria
Ataria.info, Tolosaldeko Atariaren plataforma osagarri bat da. Zer esan nahi du horrek? Ba, paperean irakur daitezkeen albisteak –batzuk osatuago– irakurtzeaz gain, beste mota bateko edukiak kontsumitzeko aukera dagoela: irratiko audioak, bideoak, eta bestelako albisteak.

Emaitza onak pozgarriak diren arren, kontzientzia piztekoak ere badira, izan ere, webguneak bizi iraun ahal izateko bisitak behar ditu, baina proiektu osoak aurrera egiteko harpidetzak izatea behar-beharrezkoa du Tolosaldeko Atariak.

Harpidedunek ez dute soilik egunkaria eta astekaria etxean jasotzeko ordaintzen: euskarazko tokiko webgune bat eta irrati bat indartu eta aurrera ateratzeko ere bai. Eta alde horretatik, eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie Tolosaldeko Ataria-k bere harpidedunei. Gainontzeko erabiltzaileei ere, proiektu honen parte izan daitezenaren deia zabaldu nahi die, Ataria-k behar dituelako, eta eurek ere Ataria behar dutelako. Lagunduiguzu erronka horretan!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!