Ane Urruzola, txapeldunorde Euskadiko VIII. Soinu Zaharren lehian

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abenduaren 1a

Maddi Otegi billabonatarra, eta Mapi Egues eta Izaro Urrestarazu ibartarrak ere aritu ziren lehian, Pasaiako kiroldegiko oholtzan.

Zortzigarrenez ospatu zituzten, pasa den larunbatean, Euskadiko VIII. Soinu Zahar txapelketa eta XXXIV. Aurresku txapelketa. Emakumezkoen sailean Ane Urruzola billabonatarra bikain aritu zen eta, egindako lanaren erakusgarri, bigarren postua eskuratu zuen Pasai Donibaneko kiroldegian.

Guztira, 13 neska aritu ziren Gipuzkoako dantzen pausoekin jolasean, eta Ormatxulo, Upelategi eta Kontrapasa dantzatu behar izan zituzten lehen fasean. Aurreko hiru dantzetako lehen zortzi sailkatuek, ondoren, Erribera soinu zaharra dantzatu zuten.

Aipatzekoa da, Ane Urruzolarekin batera Maddi Otegi billabonatarra ere sailkatu zela azken fasera, eta Mapi Egues eta Izaro Urrestarazu ibartarrak ere lehian aritu zirela.

Aurresku txapelketari dagokionez,ez zen eskualdeko ordezkaririk izan gizonezkoen sailean, eta Iker Larunbe atarrabiarrak bosgarrenez eskuratu zuen garaikurra; Soinu Zahar txapelketa, berriz, Izar Etxeberria oiartzuarrak eskuratu zuen, bigarrenez.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!