Osasun publikoaren afera

Eusko Jaurlaritzak "informazioa ukatzea" salatu du TOPAk

Maier Ugartemendia 2014ko aza. 29a, 16:02

Abenduaren 13an, Tolosako Trianguloatik, 12:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete Tolosaldeko herritar guztiei

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinadorak prentsaurreko bat eskaini du gaur hogeita bost eragilerekin batera Tolosaldean 2015ean ezarriko den Osasun Sistema Integratuaren sistema "salatzeko"  eta "kudeaketa publikodun eskualdeko ospitale bat" aldarrikatzeko. TOPAren izenean hitz egin dute Kristina Pelaez eta Teresa Agirrezabalak, eta OSI sistemaren inguruan dagoen "isiltasuna eta informazio gordetzea" salatu nahi izan dute. Sistema hori "ez dutela onartzen" adierazi dute, horrek "Asuncion klinika pribatua Osasun Publikoaren Zerbitzuaren antolakuntza sarean txertatzea" dakarrelako. Honen aurrean, "kudeaketa publikodun eskualdeko ospitale bat" aldarrikatu dute, eta era berean, "espezialitateko anbulatorio publikoa berreskuratzea" ere eskatu dute.

Pelaezek eta Agirrezabalak salatu dute "informazioa ezkutatzen" zaiela, eta horrela herritarrek ezin dutela osasun ereduaren inguruan "iritzia eman". Gainera, horrek gobernu baten "maila demokratiko eskasa" erakusten duela uste dute, eta Eusko Jaurlaritzari herriaren borondatearen gainetik "interes alderdikoiak eta ekonomikoak" jarri dituztela. Gainera, informatuak izateko eskubidea ere "lapurtu" dietela salatu dute.

OSI sistemak "Gipuzkoa eskualdetik kanpo jartzea" ekarriko luke TOPAren ustez. Honela, Tolosaldea "klinika pribatu bat duen Euskadiko OSI bakarra" izango litzatekeela ere adierazi du. Honela, Euskao Jaurlaritzaren asmoa ospitale publikoaren ordez, "klinika pribatua ezartzea" dela uste du TOPAk: "Enpresa pribatuei ematea osasun publikoaren arloan etekin handiena duena, hau da, gastu gehien duena publikoari utziz".

Aseguramendu eta Kontratazio Zuzendariaren erantzuna

Gaur egin dituzten salaketak, azken asteotan  Lurralde Zuzendaritzatik eta Osasun Sailetik jaso dituzten erantzunetan oinarrituta daude. Izan ere, Pelaezek eta Agirrezabalak jakitera eman dute Lurralde Zuzendaritzan informazioa eskatu zutela, eta bertatik Rafael Uribarren Lurralde Zuzendariak eskutitz bidez honakoa erantzun zietela: "Iruditzen zait ez garela solaskide egokienak ez Lurralde Zuzendaritza ez Lurrealde ordezkaria, erakundean duzuen kezka argitzeko". Eskaera Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Aseguramendu Kontratazio Zuzendaritzara bideratzeko esan zieten. Baina, bertako zuzendari den Iñaki Berraondorengandik jasotako erantzuna honakoa izan zen: "...proiektuak une honetan duen zehaztasun maila dela eta ezin dugu horri buruzko informazioa aurreratu. ... proiektua zehazten joaten den neurrian, Osasun Sailak eman beharreko informazioa emango du, ohiko mekanismo eta hedabideen bitartez. ... Dakizuen bezala osasun jardueraren eskumena Jaurlaritzarena da; era berean prestazio sozialak Aldundien eta udalen eskumenak dira."

Erantzun hauek jaso ostean, TOPAk uste du EAJren gobernuak informazioa "ukatzen" dietela, eta ezjakintasunean mantendu nahi dituela "erabakiak atzera bueltarik gabekoak izan arte".  Honela, euren ustez "Aldundi eta udalen parte hartzea bertan behera" utzi nahi du. Horregatik, "inposaketa" baten aurrean daudela salatu dute, eta honen aurrean "matxinada" ikusten dute erantzun emateko bide moduan.

Gauzak honela, "Tolosaldeko herritarrei" dei egin diete abenduaren 13an Trianguloatik, 12:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

ATXIKIMENDUA ADIERAZITAKO ERAGILEAK

15M Tolosaldea

Aralar

Bilgune Feminista

Bonberenea

CCOO

Euskal Herria Sozialista

Eusko Alkartasuna

Foro Republicano de Tolosa

Gainditzen

Gipuzkoako Erretiratu edo Pentsionisten Elkartea (GEPE)

Izquierda Unida - Ezker Anitza

Junta de Amaroz Auzo ELkartea

Kaleratzeak Stop Desahucios (Andoain)

Kaleratzeak Stop Desahucios (Tolosa)

LAB Pensionistak

LAB Sindikatua

Palestina - Al - QUDS - Jerusalem - Elkartea

Sortu

Tolosaldeko Gazte Abertzaleak

Tolosaldeko Zero Zabor Plataforma

Zahartzaro Duinaren Aldeko Plataforma

Tolosaldeko herrietako alkateak

Tolosaldea Sahararekin

Ernai

Berdinbide

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!