Irristaka taldeka hirugarren sailkatu da

Asier Imaz 2014ko azaroaren 27a

Pasa den larunbatean ospatu zen irristakako denboraldiari amaiera emanez, Euskal Master ligako jardunaldia, eta taldekako 4. Indoor Gasteiz hiria saria. 

Txapelketa hauek Gasteizko San Andres kiroldegian jokatu ziren.
Tolosako Irristaka taldea bertan izan zen eta hainbat kategoriatan parte hartu zuen. Taldekako Indoor Gasteiz hiria sarian, bi talde ezberdinekin parte hartu zuen. Batean denak mutilak izan ziren: Aranburu, Azurmendi, Imaz eta Perea eta bestea mixtoa, Artola, Atxega, Nazabal eta Vieitesek osatua.
Honela geratu zen talde tolosarra kategoria ezberdinetako sailkapenetan: Master 40 gizonezkoen sailkapen orokorrean, Unai Perea izan zen bigarren sailkatua, Joxe Nazabal laugarrena eta Beñat Azurmendi bosgarrena. Emakumezkoen sailean aldiz, Mirari Artola hirugarren postuan gelditu zen.
Master 30 gizonezkoetan Igor Aranburu 4. sailkatua izan zen, eta emakumezkoetan, postu berean geratu zen Xela Vieites.
Taldekako sailkapen orokorrean 3. gelditu zen Tolosako Irristaka. Taldetik adierazi dutenez, «ohorea izan da estatu mailan dagoen talde eta patinatzaile onentsuenekin pista partekatu eta beraiekin parte hartu ahal izatea». Tartean, munduko txapeldun gelditu berri den Patxi Peula gasteiztarraren aurka ere lehiatu ziren. Orokorrean oso balorazio baikorra egin zuen taldeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!