Lizartzako eskola eraberritzea "lehentasuna" dela aldarrikatu dute alkateek legebiltzarrean

Mikel Iraola 2014ko azaroaren 25a

Lizartzako alkate Begoña Balerdi eta Eneko Maioz, Orexakoa, Legebiltzarrean izan dira gaur goizean Lizartzako eskolaren egoera txarraren berri ematen. "Hitz politak" entzun dituztela esan du Maiozek, baina "lehentasunak markatu" egin behar direla.

Hezkuntza batzordean egin dute agerraldia, eta bertan, eskolak bizi duen "larritasun egoera" salatu dute: "Adibide grafikoek garbi uzten dute zein behar dauden" azaldu du Eneko Maioz, Orexako alkateak.

Adostasun orokorra jaso dute erantzun gisa, baina hala eta guztiz ere, Lizartzara bidaiatzeko gonbita luzatu diete udal ordezkariek: "Horrelakoetan hitz politak entzuten dira beti. Denak ados zeuden behar horiekin, eta etorriko direnaren konpromisoa azaldu dute".

2017. urteko plangintzaren barruan da Lizartzako eskola berria, eta epe horiek mozten saiatuko direla ere esan dute. Baina Maiozen arabera, "EAJk argi utzi du Jaurlaritzaren lehentasunak mugiezinak" direla. "Egoera gertutik ikusteko esan diegu eta horren arabera markatzeko lehentasunak. 1,5 milioiko aurrekontua izango dute, eta hori portzentaje oso txikai da hezkuntzarentzat".

Martxoan, TOLOSALDEKO ATARIA-k bideo honetan ezagutarazi zuen eskolaren egoera larria:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!