Harmailetatik: Josu Ozaita

Ataria 2014ko aza. 25a, 13:12

Anoeta inguruko tabernetan izugarrizko giroa zegoen, eta ez zen Realaren partidarik. Altuna III.a-Artola partidarako eztarriak prestatuz zebiltzan neska-mutil taldeak ziren Donostiako inguru haietan saltsa jarri zutenak.

Eta hori frontoian nabaritu zen, futboletik maileguan hartu eta pilotan betirako geratu diren abesti eta oihuekin. Primerako festa izan zen larunbatekoa, lau t’erdiko promozioko finalari esker: 1.400 ikusle (200 sarrera soilik saldu gabe). Artekariek komentatu ziguten ezagutzen ez zuten jende berria zegoela harmailetan. Hau notizia ona da frontoiak ez betetzearen krisiarekin larrituta dabiltzan enpresentzat.
Norgehiagoka hasterako, artekarien begiradek harmailetako jendearen apustu-gosea zirikatu nahi zuten. «Cien a ochenta» zen hauen haserako abestia (noizko artekariak euskaraz? Fosildurik geratu behar al dute ohitura batzuk?). Artekarien artean zen Ataria-ko sugandila ere, Sextakoek partidak hurrengo egunean ikustera behartu nahi gaituzten bitartean, euskarri guztiekin notizia zuzen-zuzenean etxeraino eramateko asmotan.
Partida ez zen oso dirdiragarria izan, konturatzerako amaitua baitzegoen. Nik hiru fasetan banatuko nuke borroka: lehenengoa, 4-0 bitartekoa izan zen. Artolak agintzen hasi eta lehia bideratu nahi izan zuen. Bigarrengoan aldiz, Altunak nerbioak aparkatu eta festaz gozatu nahi zuela aldarrikatu zuen. Agian, partidak eman zigun tarterik politena izan zen. Markagailua 4 eta 4: Artola nerbioak sumatzen eta Altuna pilota dantzan jartzen. Axeria dugu Altuna eta gustatzen zaio pilota batetik bestera mareatzea. Partida oso irekia zegoen eta artekariak oilategi moduan isildu gabe zebiltzan. «Hi ala ni!» ez zegoen besterik frontoian.
Baina bertsolariak plaza du maite eta hala erakutsi zigun pilotan ere. Nerbioak baztertu eta segituan hasi zen azken puntuan pentsatzen. Hortik aurrera indarrak agindu zuen kantxan axerikeriaren gainetik. Artola ehiztari paperean jarri eta artekariak eseri arazi zituen. Di-da batean haurrei eskumuturrekoak banatzen zen mutila.
Haurrek eta gazteek jada Messi eta Ronaldoren kamisetak armairuan sartu eta Altuna eta Artolarenak atera dituzte kalera. Pilota eskualdean modan jartzen ari da eta hori notizia ona da. Urte politak ditugu esperoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!