Bi lagun eta txapel bakarra
aurten tokatu da hala,
alde batetik Amezketa ta
bestetik Alegi dala.
Ezaguturik bion jarrera
horren jator ta apala
gaurtik aurrera segi zazue
orain artean bezala,
Altunak eta Artolak ondo
merezitako finala.
Inguruetan zaletasuna
da gauza oso garbia
frontoi batean ia batera
Amezketa, Alegia...
Bion eremu ta muga denez
oraingoan lau t´erdia,
animo, bulla, gertutasuna
hain da gauza nabaria
askoz gutxigo ez da izango
ondorengo afaria.
Hasierako partida nahiz ta
horren zitzaigun arraro,
ingurukoak emozionauta
ospatu nahiean klaro.
Zure izenean zenbat parranda,
zenbat une, zenbat trago,
gu ziur gaude, helduko zara
oraindik askoz harago:
animo Jokin ta zorionak
herria zurekin dago!
Ixiar Atuna (Amezketa)
Hedabideen fokuarekin
hemen iritzi, han mar-mar:
«batek teknika du ta besteak
Perurenak aina indar»
kalera joan eta jendeak
«zer egin behar dek bihar?»
batzutan astun izanagatik
ez genuke ahaztu behar:
lehen hiru-lau ziren zaleak
orain hamarretik hamar.
Dudak uxatzen pasa ta gero
larunbataren bezpera
pilotariak kotxean eta
zaleak autobusera.
Pankartan: «Aupa Jokin» ta «Iñaki
txokotatik finalera»
azkalazak´e jan genituen
meriendakin batera!
Baina irribarra erakutsiaz
joan ginen afaltzera.
Laguntasunak irakaspena
badu ordea inguruan
adiskide bat gurutzatzean
finalaren helburuan.
Ezin zirela jarri sartua
geneukalako barruan:
galtzen duena lur azpian ta
irabazlea zeruan.
Animo Jokin, egongo gaituk
egun gutxiren buruan!
Mikel Artola (Alegia)
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!
EGIN ATARIKIDE!