Bi lagun eta txapel bakarra aurten tokatu da hala, alde batetik Amezketa ta bestetik Alegi dala. Ezaguturik bion jarrera horren jator ta apala gaurtik aurrera segi zazue orain artean bezala, Altunak eta Artolak ondo merezitako finala.
Inguruetan zaletasuna da gauza oso garbia frontoi batean ia batera Amezketa, Alegia... Bion eremu ta muga denez oraingoan lau t´erdia, animo, bulla, gertutasuna hain da gauza nabaria askoz gutxigo ez da izango ondorengo afaria.
Hasierako partida nahiz ta horren zitzaigun arraro, ingurukoak emozionauta ospatu nahiean klaro. Zure izenean zenbat parranda, zenbat une, zenbat trago, gu ziur gaude, helduko zara oraindik askoz harago: animo Jokin ta zorionak herria zurekin dago! Ixiar Atuna (Amezketa) Hedabideen fokuarekin hemen iritzi, han mar-mar: «batek teknika du ta besteak Perurenak aina indar» kalera joan eta jendeak «zer egin behar dek bihar?» batzutan astun izanagatik ez genuke ahaztu behar: lehen hiru-lau ziren zaleak orain hamarretik hamar.
Dudak uxatzen pasa ta gero larunbataren bezpera pilotariak kotxean eta zaleak autobusera. Pankartan: «Aupa Jokin» ta «Iñaki txokotatik finalera» azkalazak´e jan genituen meriendakin batera! Baina irribarra erakutsiaz joan ginen afaltzera.
Laguntasunak irakaspena badu ordea inguruan adiskide bat gurutzatzean finalaren helburuan. Ezin zirela jarri sartua geneukalako barruan: galtzen duena lur azpian ta irabazlea zeruan. Animo Jokin, egongo gaituk egun gutxiren buruan! Mikel Artola (Alegia)