Zezilia deunak musikaz bustiko du eskualdea

Naiara Roldan de Aranguiz 2014ko aza. 21a, 10:40

Azaroaren 22an, larunbatean, musikarien omenez Zezilia deuna ospatzen da. Bezpera egunez eskualdeko musikariek instrumentuak soinean hartu eta kalera ateratzen dira. Melomanoek gainontzeko herritarrei musika doinuak helaraztea eta bide batez, euren bizimodu eta afizioa ospakizun bihurtzea bilatzen du honako egunak.

Musika: batzuentzat arnas egitea bezain beharrezkoa eta besteentzat pelikula batean gertakarien atzean gehiegi sentitu eta erreparatu gabe entzuten den hori da.

Edonola ere, historian zehar musikak eta musikariek izan duten garrantzia ukagaitza da. Baina noiztik ospatzen da Zezilia deuna? Gregorio XIII.ak 1594. urtean izendatu zuen musikarien patroi II. edo III. mendean bizi izandako Erromako Zezilia martiria. Jatorria jauntxo familian zuela eta, pentsatu izaten da musika instrumenturen bat joko zuela (lira, zitara, harpa...). Honela, Erdi Arotik aurrera organoa jotzen eta kantari irudikatu izan da.

Ekitaldiak herriz herri

Gurean Zezilia deuna aipatzeko orduan berriz, bestelako irudia datorkigu burura, musikan hastapenetan dauden horiek ikasitakoa kaleratzekoa, alegia. Eskualdean horren erantzule nagusi Loatzo Musika Eskola da. Loatzo Musika Eskolaren mankomunitate izaerari jarraiki, hedatuta dagoen zortzi herrietan emanaldiak eskainiko dira. Ikasleek Anoetan, Iruran, Altzon, Alegian, Ibarran, Villabonan, Zizurkilen eta Adunan parte hartuko dute kantatzen, dantzatzen zein musika jotzen.

Aipatu herrietan ospakizuna gaur, ostirala, arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Ikasleak musika kalera ateraz kalejiran ariko dira herri bakoitzean eta festari amaiera emateko txokolatada eskainiko zaie partaide guztiei. Honakoa eskualdeko musika harrobiari dagokionez, profesionalagoek berriz, musikaz gozatzeko aukera ezberdinak eskainiko dituzte. Villabonako Aljibe aretoak atzo eman zuen horretarako parada: Loatzo Musika Eskolako orkestrak eta ganbarako zenbait taldek emanaldi berezia eskaini zuten arratsaldeko 19:00etan. Hayden, Elgar, Häendel, Dvorák, Zimmer eta Mendelssohnen doinuak entzungai izan ziren Villabonako areto berritu honetan.

Tolosari begira jarriz gero berriz, Tolosako Musika Bandak Zezilia deunaren omenezko kontzertua joko du Leidorren, bihar, larunbata, arratsaldeko 19:00etan. Tolosako Musika Bandarekin batera taula gainean Tolosako Udal Txistulari Banda, Giroarte dultzaina taldea, Isidro Larrañaga akordeoi orkestra eta Musika Eskolako Dultzaina Taldea izango dira.

Tolosako Udal Txistulari Bandak emango dio hasiera aipatu kontzertuari, Iñaki Letamendia Loinazek zuzenduta. Ondoren, dultzaineroak igoko dira eszenatokira Iñaki Salbadorren aginduei jarraika. Isidro Larrañagak akordeoiak zuzentzeko ardura izango du jarraian, Franz Liszt-en Hungaria Rapsodia R 2 kantuarekin. Musika Eskolako Dultzaina Taldeak hiru abesti joko ditu Joxe Manuel Agirre Arostegiren gidaritzapean. Azkenik, Tolosako Musika Bandaren txanda iritsiko da: Cuban Sound, Conga del Fuego Nuevo eta Mar I Bel entzungai izango ditu publikoak, Enrike Arostegi Eguzkitzak zuzenduta.

Zezilia deunaren ekitaldiak

Azaroak 21, gaur

ADUNA

18:00. Zezilia deunaren kontzertua. Loatzo musika eskolaren emanaldia. Herriko plazan.

ALEGIA

18:00. Loatzo musika eskolako ikasleen kalejira, Alegian zehar. Zezilia deunaren bezperan. Larraitz auzotik abiatuko dira musikariak.

ALTZO

18:00. Loatzo Musika Eskolak eskainita. Herriko plazatik aterako dira musikariak kalejiran.

AMASA-VILLABONA

18:00. Loatzo musika eskolaren festa. Kalejira herrian zehar eta ondoren txokolatada eta musika emanaldia Berdura plazan.

ANOETA

19:00. Loatzoko ikasleen kontzertua, auditorioan.

Ondoren. Kalejira, plazaraino. Bertan, txokolatada partaideentzat.

IBARRA

18:00. Loatzo Musika Eskolak eskainita. Txumitxa atzeko plazatik aterako dira musikariak kalejiran.

IRURA

18:00. Loatzo Musika Eskolaren eskutik. Loatzo plazatik aterako dira musikariak kalejiran.

ZIZURKIL

18:30. Loatzo Musika Eskolako ikasleek kalejira egingo dute Zizurkil Goian.

Azaroak 22, bihar

TOLOSA

12:30-13:45. Zezilia deunaren kalejira Tolosako Musika Bandaren eskutik. Tolosako alde zaharrean.

19:00. Zezilia deunaren omenezko kontzertua. Tolosako Udal Txistulari Banda, Giroarte Dultzaina Taldea, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra, Musika Eskolako Dultzaina Taldea eta Tolosako Musika Banda. Tolosa, Leidor.

Azaroak 23, igandea

ASTEASU

12:00 Kalejira

12:30 Emanaldia (txalaparta eta bertsoak; Trikitixa eta pandero taldea; Usarrabi taldea; Ikastolako dantzariak era zaharrean; txistulariak; Oinkari eskolako dantzariak; Inolaz taldea; Ikastolako koru ttikia).

Erlazionatuak

Musikariak kalera atera dira

Tolosaldeko Ataria 2014 aza 21

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!