Elkarretaratzea deitu du Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak larunbaterako

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko azaroaren 20a

"Atzera bueltarik ez duten ondorioak jasaten" ari garela salatu du plataformak, eta hori dela eta, manifestazioa egingo da larunbatean, 12:30ean Trianguloa plazatik.

Asteazken arratsaldean agerraldia egin zuten eskualdeko hainbat eragilek Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanarekin batera. Bertan, azken asteetan Hernialdeko zuloa dela eta piztutako alarmaren aurrean beraien iritzia luzatu zuten.

Urte askotako «borrokan» egindako salaketak «errealitate bihurtu» direla esan zuten prentsaurrekoan. Anoetan lehortu diren bi errekak, Adunan nahiz Anoetan agortu diren iturriak, uda amaieran Alkiza errekan hilik agertu ziren amuarrainak... guzti hauek aipatu zituzten ordezkariek eta gertaera isolatuak ez direla azpimarratu zuten: «Egoerak bere horretan jarraituz gero, atzera bueltarik gabeko ondorioek jarraituko dute».

Proiektuaren gastu ekonomikoa «etengabe» goraka doala salatu zuten agerraldian. «2015eko aurrekontuan %68a gizartearen beharrizanetatik urrun dagoen proiektu honetarako izango da» baieztatu zuten eta diru publikoarekin «esku pribatuak aberasten» jarraitzen dutela ere gaineratu zuten « eskualde honetan osasungintza publiko baten aldeko apusturik egiten ez den bitartean».

Elkarretaratzea larunbatean
Aurreko arrazoi guzti hauen aurrean, Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak eta atxikimendua emandako hainbat eragilek larunbat honetarako elkarretaratzera deitu dute. «Handinahi ekonomikoek lurraren jarraibidea oztopatu ez dezaten eta interes pribatuak publikoaren gainetik egon ez daitezen» hitzordua jarri zuten Tolosako Trianguloa plazan, 12:30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!