Gaztetatik genero berdintasuna lantzen

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 20a, 11:12
Bidania-Goiatzen topaketa egin zuten egitasmoan parte hartu duten hainbat gaztek.

Tolosaldeko hainbat herri txikitan berdintasunaren gaia jorratu dute Lahia Nahia elkartearekin

Txikiak Berdinbidean egitasmoaren bitartez hainbat herri txikitako gaztetxoak parekidetasunarekin lotutako lanketa egin dute, tartean, Tolosaldean. Lahia Nahia elkarteak dinamizatu du prozesua eta bertako kidea den Oihane Ugarteburuk azaldu duenez, «proiektu honen helburua mila biztanle baino gutxiago dituzten herrietako gazteekin saio batzuen bitartez berdintasuna lantzea izan da, eta gero lanketa egitea Beldur Barik egitasmoaren inguruan».

Nerabeei zuzendutako proiektua da, hau da, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundua. Tolosaldean, zehazki Bidania-Goiatz, Lizartza, Alkiza, Orendain, Albiztur, Aduna, Larraul, Gaztelu eta Altzo herrietan ari da lanean Lahia Nahia elkartea. Proiektua hasi zen 2013ko irailean eta orain bukaera ematen ari zaie. Azaroak 25an Emakumearen Aurkako indarkeriaren kontrako eguna da eta azaroaren 29an Beldur Barik egitasmoaren jaialdi orokorra egingo da.

Proiektua martxan jartzeko, herrietan bilerak egin zituzten bai udaleko ordezkariekin, gurasoekin, eskolarekin eta gazteekin ere. «Gazteei zuzendutako proiektua da, baina bere komunitate guztia kontuan hartu nahi izan da», zehaztu du Ugarteburuk. Animatu ziren gazteekin bost tailer egin zituzten, berdintasunarekin lotutako hainbat gai jorratuz, eta gero herri bakoitzean bi ekimen nagusi zeuden aurreikusita: alde batetik mural bat egitea eta gero Beldur Barik lehiaketara bideoak aurkeztea herri guztietako gazteek batera.

Berdintasuna lantzea, eta hausnarketa eta pentsamendu kritikoa sortzea gazteetan izan da helburu nagusia. «Herriaren arabera gaiak ezberdinak izan dira», azaldu du Ugarteburuk. «Proiektua martxan jarri genuenean gazteei galdetzen zitzaien zer ulertzen zuten berdintasuna kontzeptu bezala, non ikusten zuten ez zegoela berditasunik. Beraz gaiak moldatu dira herri bakoitzean sortu diren beharren eta interesen arabera».

Gai anitzak

Jorratu duten gaietako bat kirola izan da, mundu horretan berdintasuna falta dela esanez. Emakumearen aurkako indarkeria ere leku askotan landu dute. Abortoa ere gaien artean izan da, Madriletik legea aldatu nahi zutela eta. Beste gaietako bat «maitasun erromantikoaren ideia izan zen, eta horrek ekartzen dituen rol tradizionalen errepikapena». Komunikabideetan eta publizitatean emakumeari buruz ematen den «irudi sexista» ere landu dute. «Gaiak nahiko anitzak izan dira eta, esan bezala, herri bakoitzean sortu diren interesen arabera aukeratu dira».

Lanketa horien helburua izan da «gazteak eurak izatea alde batetik euren herrietako errealitatea aztertzen dutenak, eta adibideak ikusten dituztenak eta nola aldatu, eta, bestetik, euren sarea zabaltzen aritu gara, herri ezberdinetako gazteak topaketetan batuz», esan du Ugarteburuk. «Azken erantzuna oso positiboa izan da».

Gai guztiak lantzerakoan, Ugarteburuk dioenez, «ikusi da oraindik diskriminazioa ematen dela, eta jarrera sexista pila bat ematen direla». Azken urteetan Ugarteburuk uste du «asko» azaleratu dela «indarkeria fisikoaren gaia bikote harremanetan zentratzen bagara, adibidez, baina bikote harremanetan gazte hauen adinean dauden indarkeria harremanak, bai jeloskortasuna, bai rol tradizionalak errepikatzea, bai harreman horietatik kanpo emakumearen irudia, edertasun eredu guztien presioa, publizitatea... Hor lan pila bat dago egiteko».

Beldur Barik egitasmoa

Proiektua bukatzeko herri ezberdinetako gazteak topaketa batzuetan elkartu eta Beldur Barik lehiaketarako bideoak egitea izan da. Beldur Barik egitasmoaren helburua indarkeria sexistaren prebentzioa bultzatzea da gazteen artean. «Bideo lehiaketaz gain, bere webgunean hainbat unitate didaktiko dituzte gai askoren inguruan», azaldu du Ugarteburuk. «Hori dena gazteen esku jarri eta gero, hainbat bideo egin dituzte herri txikietatik, bai Tolosaldeko herriek zein beste eskualde batzuetatik».

Bihar Errezilen herri txikietako Beldur Barik topaketa egingo dute, eta bertan, besteak beste, lehiaketarako prestatu dituzten bideoak ikusiko dira. Gero azaroaren 29an lehiaketa orokorreko jaialdia izango da Urretxun eta Zumarragan, eta bertan sari banaketa egingo da.

Txikiak Berdinbidean proiektua lehen aldiz egin da. «Azkeneko ebaluaketa falta bazaigu ere, gure ustez balantzea oso positiboa da», azaldu du Ugarteburuk. «Helburu orokorrak bete direla esan dezakegu. Orain foru aldunditik ikusi beharko dute jarraipena emango zaion eta nola izango den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!