Euskarari eta bertako nekazariei laguntza, Zuberoan eta Nafarroan

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 11a, 20:10

Nafarroa Hegoaldeko eta Zuberoako elikagaiekin osatutako otarrak, eskuragai

Gabonak gerturatzen ari dira, eta elkartasuna adierazteko aukerak ere zabaldu egiten dira urtearen garai hauetan. Horietako bi dira Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzari eta Zuberoako Eperra Ikastolari laguntzeko. Lurralde horietan euskara bultzatzeko eta bide batez bertako produktuak zabaltzeko bi egitasmo daude abian.
Ekimen horietako bat Zuberoako ikastolen aldekoa da. 2003an hasi zen Eperra Ikastola Gabonetako otarrak eskaintzen. Bi helburu ditu: tokiko janariak ezagutaraztea eta ikastolaren egoera ekonomikoa hobetzea. Hain justu, ikastolaren diru iturriaren %5a da otarren bidez lortzen dena.

Bi otar eskuratzeko aukera dago, bat 39 eurokoa eta bestea 51 eurokoa. Eskaera egiteko modua ondorengoa da: Laboral Kutxako 3035 0059 870 590 09 89 62 kontuan sartu behar da dirua, eta zure izena eman transferentzia egiterakoan. Abenduaren 5erako nikere@ikaskoli.eu posta elektronikora mezu bat bidali behar da, izena emanez, telefonoa, zenbat otar nahi dituzun eta non jasoko zenituzke esanez. Otarra abenduaren 12an jasoko da. Tolosaldean ekimenaren ardura Ainhize Ramilak darama eta 625 706 580 zenbakira deitu daiteke informazio gehiago jasotzeko edo eskaerak bideratzeko.

Ikastolen Elkartea, Zazpiak Bat, Sortzen eta Aek-rekin elkarlanean bultzatutako egitasmoa da Errigora. 50 euroren truke, nafar produktuz osatutako saskia jaso daiteke. Euskal Herriko hainbat txokotan eskuratu ahal izango da eta ateratako dirua (%25), «euskara ofiziala ez den» eremuko euskalgintzako proiektu ezberdinetara bideratzen da.

Tolosaldean ondorengo lekuetan egin daitezke Errigora egitasmorako eskaerak: Anoetan, Anoetako Ikastolan; Ibarran, Uzturpe Ikastolan; Iruran, Irurako Ikastolan; Tolosan, Inmakulada ikastetxean, Laskorain Ikastolan eta Xirimiri kafetegian; Villabonan, Amasa okindegian, Jesusen Bihotza Ikastolan eta Kixubi okindegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!