Kataluniako galdeketa Tolosaldeko biztanleen begietatik

Ataria 2014ko aza. 6a, 11:31

Trini Palau

Tolosan bizi den kataluniarra

«Ez dakit Espainiako Gobernuak ez duen ulertzen edo ez duen nahi ulertu herri katalanak egin duen eskaera. Iritzi bat irakurri dut, gurasoak Kordobakoak ziren gizon batena, Kataluniaren independentziaren aldeko plataforma bat sortu duena; eta bertan dio ez duela nahi bere seme-alabek horrelako egoerarik bizitzea. Beraz, uste dut ez gaudela hain oker bertakoak garenok. Norbait, bere familia Kataluniara joan behar izan duena bere bizimodua ateratzera, urte eta erdian independentista egin da bakarrik Espainiako Gobernuak Katalunia nola tratatzen ari den ikusita... Horrek erakusten du hau ez dela ameskeri bat. Bada zerbait herri katalan xehean, hainbeste jende konprometituta egoteko. Nik ezin dut bozkatu, baina nire familiakoak boluntarioak dira, mahaietan daude, mugimenduetan... Nik nahi nuen elkarrizketa egotea, elkar entzutea, eta kontsulta egin ahal izatea. Ezezkoa atera daiteke ere, edo hainbesteko beldurra dute baiezkoa aterako denarena? Kontsultari ezezkoa emanez independentziaren aldeko jende gehiago izatea lortu dute».

«Igandean kontsulta egingo dela esaten didate familiakoek. Dirudienez udal guztiek leku bat utzi behar dute bozkatzeko. Leku horietatik ateratzen badituzte, kalean egingo da kontsulta, kalea guztiona delako».

Armando Roca

Tolosan bizi den kataluniarra

«Lehenengo kontuan izan behar da jendeak zer pentsatzen duten Kataluniaz. Gurasoengandik jaso izan dugun hezkuntza da ezberdinak garela, ez inoren aurka, ez hobeagoak edo txarragoak, ezberdinak. Egun gertatzen ari dena etortzekoa zen, hainbestekoak izan dira jaso diren aurkako jarrerak... Eta ez da izan ikuspegi nahikorik. Gai hau landu nahi izan bazen modu positiboan, hoberena akordioa bat izango zen, baina maila berean: eseri eta ikusi zer egin dezakegun eta zer akordioetara iritsi gaitezkeen. Baina hori ez dute Madriletik jakin egiten. Ez dute lortu ikustea datorren hau Estatu espainiarraren kolonizazioaren amaiera dela. Garai baten bukaera da, besteen gainetik jartzekoaren garaiaren amaiera. Fruitua helduta zegoen, eta oraingo gertaera guzti hauekin Europatik konturatzen dira nolakoa den Espainia».

«Omnium Cultural eta ANC elkarteak gidatzen dituzten bi emakumeak itzelak dira, gaiaren pisua daramate. Herritarrengandik gertu daude, eta herritarrek diotena entzuten dute. Egun dagoen sentimendua hain da orokorra, kataluniarrek aldaketa nahi dutela. Kataluniak egingo du beharrezkoa Europan eta Mediterraneoan egokitzeko. Madriletik ez dira konturatzen nolako ontasuna duten beste herriek. Ez dakit zer egingo duen Espainiako Barne ministroak, baina barregarri geratuko dira igandean. Zer egin behar dute pertsonek bere bozka ez emateko?».

Joseba Landa

Bartzelonan ikasten ari den ibartarra

«Esperotakoa zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kontsulta bertan behera uzteko erabakia. Espainiako konstituzioan ez da sartzen erabakitzeko eskubiderik... Artur Mas saiatu da, debekatu zioten, erabakia onartu zuten, eta prozesu parte hartzaile bezala bideratu nahi zuen, eta horren aurrean hedatu zen iritzi bat herritarren aurrean bigarren horrek ez zuela ezertarako balio eta ez zela bozkatzera joango. Zer gertatu da? Auzitegi Konstituzionalak bertan behera uzterakoan, baliorik ez zuen kontsultari sekulako balioa eman diola. Azkenean Espainiatik ari dira esaten hemen ez dagoela erabakitzeko eskubiderik, ezta modu sinbolikoan ere. Katalunian independentzia gogoa piztu duena Espainiako Gobernua izan da. Bazegoen independentzia sentimendua, baina ez egun ikusten dena. Politikariek ere esaten dute, adibidez CUPekoek, etengabe Raxoiri eskerrak eman behar zaizkiola, kontsultaren aldeko propaganda guztia berak egiteagatik. Federalismoak nolabaiteko indarra bazuen, eta Raxoiren debeku guztiekin independentziaren aldeko joera hartu dute».

«Igandeari begira zalantzak daude gertatuko denaren inguruan. Boto paperak badaude, eskolak irekita izango dira... Kontsulta egiteko aukera izango da, baina zer gertatuko da?».

Maialen Jauregi

Gure Esku Dago ekimeneko kidea


«Tamalez espero genuen bertan behera utziko zutela kontsulta, eta ez gara harritu. Zer edo zer esan nahi du ez bazaitu harritzen horrelako erabaki drastiko eta antidemokratiko batek. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukerarik ez badute ematen, tamalgarria da. Horren aurrean, nolabait desobedientziaren aldetik jo beharko litzateke, eta herriak erakutsi beharko luke erabaki nahi duela».


«Guretzat Katalunia eredua da lortu duen guztiarengatik. Eta gu atzetik joanik, bidea erakutsiko digu. H

onek, alde batetik, katalanek izandako esperientzia horrek guztiak balioko digu

ikusteko guk nola jokatu dezakegun, eta baita Madriletik ere nola jokatzen ari diren ikusteko. Guk bestelako esperantzarik ere ezin dugu izan. Gure garaia iristen denean badakigu zerekin egingo dugun topo, eta berriz ere ez gaitu sorpresaz harrapatuko. Esperantza da azkena galtzen dena, baina ezezkoa entzuteko prest egon behar dugu, eta horri erantzuna emateko ere. Debeku horri aurre egiteko prest egon beharko gara, tamalez».

«Igandera begira, Kataluniatik jasotzen ari garena da herriari eskaera egiten ari zaiola benetan erantzuteko. Eta nik pertsonalki espero dudana da aterako dela. Espainiako Gobernuak ez du argi esaten noraino iristeko prest dagoen, eta ikusteko dago Mossos d'Esquadrakoek zer egingo duten. Nik uste igandera arte egiatan gertatuko dena inork aurreikusterik ez duela izango».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!