Bihotz eta buru, Kataluniara

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 6a, 10:58

Eskualdeko herritarrek gertutik jarraituko dute igandean Katalunian gertatuko dena; gogo bera dutelako batzuek, eta sustraiak han dituztelako besteek.

Gorriz margotua zuten, milioika kataluniarrek, egutegian 2014ko azaroaren 9a erakusten duen laukitxoa. Estatu propioaren aldeko aldarrikapenek gora eta gora egin dute azken urteotan, eta iaz Artur Mas presidenteak erreferenduma iragarri zuenez geroztik, herri-koordinakundeen nahiz alderdi politikoen agenda markatu du galdeketak.

Euskal herritarrek gertutik jarraitu duten gaia da subiranotasun katalanarena, bai baita erabakitzeko nahi edo gogo bera duen gehiengo bat bertan, ekainaren 8ko giza-kateak erakutsi bezala. Bide horretan, Tolosaldeak ere badu zuzeneko loturarik Kataluniako prozesuarekin, eskualdean bizi diren kataluniarren bidez, eta katalunian bizi diren Tolosaldeko herritarren bidez.

Eskozian berriki hautetsontziak ireki izanak are gehiago bizitu du Kataluniako galdeketarako giroa, baina, gauzek ez dute orain urtebete aurreikusitako bidea jarraitu: Espainiako Gobernuak azaroaren 9ko prozesu parte hartzaileari jarritako helegitea tramiterako onartu zuen, herenegun, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

Horrek, besteak beste, zera esan nahi du: erakunde ofizial orok deituriko erreferenduma legez kanpokoa litzatekeela, bai behintzat, igande honetan. Izan ere, Generalitateak 20 egun izango ditu, orain, Konstituzionalaren erabakiari alegazioak jartzeko.

Auzitegiak, ordea, bost hilabeteko epea luke horren aurrean erabaki bat hartzeko. Izan ere, Generalitatearen aurkako bi helegite aztertu beharko dituzte epaileek: galdeketa deitzeko, parlamentuak onartutako Kontsulta Legearen babesa baliatu baitzuen Artur Mas presidenteak, Auzitegi Konstituzionala herenegungo erabaki bera hartzera bultzatuz.

Hori guztia aste honetako gertakariei gehituta, beraz, ez dirudi epaitegia iganderako erabakirik plazaratzeko moduan izango denik.

Kataluniarrak, ordea, denbora eskasian dabiltza, eta iganderako nolabaiteko berme baten beharra dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Horregatik, iragarri dute, jada, Espainiako Gobernuari salaketa jartzeko duten asmoa, helegitea adierazpen askatasunaren aurkakoa dela argudiatuz.

Auzitegi Gorenera joko dute salaketa jartzeko, eta honek erabakia igandea baino lehen hartzeko itxaropena dute. Izan ere, parte hartze prozesua debekatuko balute, gizarte eragileen eskuetara pasatuko lukete, igandeko galdeketaren antolakuntza guztia.

Baina, zergatik litzateke galdeteketa legezkoa, Assemblea Nacional Catalana eta Omniun Culturalek antolatuko balute? Espainiako Konstituzioa da arrazoi nagusia; bertan bildutako legeek ez dute halako erreferendumik baimentzen, eta egoera hori aldatzeko bide bakarra Konstituzioa bera aldatzea da. Hain zuzen hori eskatu dute PSCko kideek, baina luzerako kontua dirudi.

1978ko itzaletik ezin alde egin

Lege konstituzionalen trabak, kataluniari bezalaxe, Euskal Herriko prozesu subiranistari ere hainbat oztopo jarriko lizkioke, eta, beste hainbat ezaugarrirekin batera, horixe da bi nazioak eskoziarrengandik bereizten dituen faktore nagusia.

Izan ere, Erresuma Batuan ez da ehunka orri eta artikuluko konstituzio itxirik. Westminsterreko parlamentuan gehiengoz lortutako lege konstituzionalekin osatzen dituzte artikuluak, pixkana eta egoeraren arabera. Horrek maniobra politikoak egiteko askatasun handia ematen die hango politikariei, eta Eskoziako erreferenduma antolatzeko gakoetako bat izan da.

SNPko buru Alex Salmondek, Eskoziako alderdi nazionalekoak, gehiengoz irabazi zituen Eskoziako bozak, programako proposamen nagusitzat independentzia hartuta. Horregatik, Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek Edinburgoko Akordioa sinatu zuen Salmondekin, 2012ko urrian: autonomia legean salbuespen bat egin, eta Eskoziarrei eurei erreferenduma deitzeko eskubidea eman akordio horren bitartez, bi urterako, 2014ra bitarte.

Eskoziarrek aukera hori baliatu dutenez, badirudi zaila izango dela, denbora batez, Eskozian erreferenduma errepikatzea. Hala ere, hango gizartean ahoz aho dabilen gaia da, 2016an hauteskundeak izango baitira, berriz, Eskozian.

Ideologien talka, iganderako presio

Legeetan idatzirik dagoenaz harago, Artur Masen gobernuak bestelako presioak ere baditu igandean gertatuko dena plazaratzeko.

Batetik, galdeketa babesten duten alderdi politikoek parte hartze prozesuari eusteko konpromisoa eskatu diote Generalitateari; era berean, bozkalekuetan lanean ariko diren 40.000 boluntarioentzako babesa ere eskatu du zenbaitek.

Galdeketa egitearen aurka daudenek, ordea, aipaturiko lege konstituzionalak izango dituzte arma, galdeketa egiteko aukerak kikiltzeko.

Ideologiak ideologia eta nortasunak nortasun, badirudi Espainiako Gobernuak ekonomian nabarituko lukeela, gehien, Kataluniak estatu propioa sortzea; hala azaldu berri dute, behintzat, Joseba Barandiaran eta Adrian Zelaia ekonomian adituek. Espainiara turismo arrazoiengatik bidaiatzen duten lau pertsonatik bat Kataluniara joaten da, eta industrian ere eragin nabarmena du hango jardunak: espainiar estatuan Barne Produktu Gordin altuena duen erkidegoa da.

Aterkipeko elkartasuna

Mosaikoen errekorra puskatu nahi du, Gure Esku Dago egitasmoak, larunbatean.

Ekainaren 8ko giza katearen ondoren herritarrak non diren neurtzearekin batera, kataluniarrei elkartasuna adierazteko antolatu dute 5.000 baietz! egitasmoa, «haien bide bera jarraitu behar dugula uste baitugu», dio Maialen Jauregik.

Egunotan izango da izena emateko azken aukera, eta Zurriolan aterki eta kapak erabiliko dituzte, inoizko mosaiko handiena sortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!