Sei protagonista, sei Behobia-Donostia

Asier Imaz 2014ko aza. 6a, 13:04

Igandean 30.000 korrikalari baino gehiago dira Behobia-Donostia lasterketa herrikoian elkartzekoak. Tartean, Tolosaldeko Maika, Eli, Gema, Maite, Itsaso eta Idoia.

Behobia-Donostia lasterketa herrikoia igandean ospatuko eta lehiatuko da. 30 mila atleta baino gehiagok eman dute aurten izena. 50 urte beteko ditu aurten lasterketak, eta 20 kilometro zehatz egin beharko dituzte parte hartzaileek. Berrikuntzen artean, hain zuzen ere, ibilbidea aldatu dute antolatzaileek, hasiera batean egiten zuten ibilbidea berreskuratuz. Datuak datu, Behobia-Donostia kutsu herrikoiak egiten du berezi. Festa bat da. Eta jai horretan, protagonistak ez dira atletak bakarrik. Hauei animoak emateko elkartzen diren guztiak ere Behobia-Donostiaren parte dira.

Tolosaldetik, urtero bezala, ordezkaritza zabala joango da igandean lasterketara.


Ordularia, postua eta helmuga
Hilabeteak prestatzen pasa ondoren, azken astean sartu dira Behobia-Donostia zaleak. Urduritasuna, lasaitasuna, kezka... sentsazio guztiak nahasten dira aste honetan, eta horri buelta emateko, errezeta, azken hilabeteetako berdina da: prestaketa.

Gema eta Maite tolosarrak emakume talde batekin korrika ibiltzen dira urte guztian zehar, Itsaso Leunda triatletaren laguntzarekin, denbora librean kirola eginaz.

 

Egun bereziak bizitzen ari dira: «Helburu bezala Behobia jartzen dugu batzuk. Hori buruan izanda, askoz hobe ibiltzen zara. Batzutan txakalaldiak ematen dizu, eta entrenatzera joateko gogo handirik ez duzu izaten. Helburu bat izateak lagundu egiten dizu, txakalaldi horiei aurre egiten», dio Gemak. Igandean, bere bigarren Behobia egitera irtengo da; «hasiberrien broma iaz egin genuen». Aurten beste aldarte batekin dagoela dio korrikalari tolosarrak.

Gemaren ondoan Maite dago, estreinaldiko Behobiaren aurrean. Urduritasuna nabari zaio, eta ez du ezkutatzen, baina kideen laguntza izango duela badaki: «Pertsona urduria naiz, eta beldur pixka bat ematen dit, baina gauza hauek egin egin behar dira. Berezia izango da. Ea nola ateratzen den. Beste neskek lasai hartzeko esaten didate, ondo joango dela eta».
Fisikoki prest daude Gema eta Maite. Iragan larunbatean ibilbidea ezagutzen izan ziren, eta Gema ziur dago guztiek ondo amaituko dutela lasterketa. Hain zuzen ere, hori da euren helburua: helmugara iristea.

Maika aurreko biekin batera ibiltzen da entrenamenduetan, astearte eta ostegunetan, 19:30etik 20:30era. Bosgarren Behobia da aurtengoa berarentzat. Bereziena lehen urtekoa izan zela dio. «Helburua amaitzea zen, eta lasterketaz gozatu egin nuen. Ondorengo urteetan, zure marka hobetzen saiatzen zara; beti ere gure mailan, noski. Kontua zera da, zure burua gehiago behartzen duzula».

Ibilbide berriaren inguruan baikor dago Maika: «Ezagutzeko bertara joan ginen, profesionalak bezala», dio barrez. Eli ere lasterka ibiltzen da emakume taldearekin Berazubin. Igandean Donostian egongo da, baina ez lasterka, ikusle bezala. Lasterketa, beraz, beste modu batera biziko du: «Iaz lesioekin ibili nintzen, eta ez nuen izena eman. Pena eta inbidi pixka batekin egongo naiz igandean, baina guztiak animatuz. Korrika hasi aurretik ere joaten nintzen, eta orduan desberdina zen. Igande honetan lehen bezala ikusle moduan egon arren, sufritu egingo dut; beraiek noiz iristen diren jarraituaz».

Itsaso Leunda ere Behobian egongo da, entrenatzen dituen emakumeekin batera. Uste baino sasoi hobean dago hernialdearra, eta hori aprobetxatu nahi du, beraz, proba lehiatzera joango dela dio. Hala eta guztiz ere argi du bera ez dela atleta, triatleta baizik. Ordularia kontrolatzeaz gain, helmugan beste neskengan pentsatzen egongo dela dio Leundak.

Azkenik, Idoia Arregi dago, Irristaka taldeko patinatzailea. Ibartarrak helmugara iristearekin batera, ordulariari baina postuari begiratuko dio: «Korrikalariek ez bezala, patinatzaileek postuari gehiago begiratzen diela esango nuke». Patinatzaileentzat bereziki kezkagarria da egun hauetako eguraldia. Denboran eragin handia dauka eguratsak, eta horregatik postuei begiratzeko ohitura. Horrez gain, euriarekin gurpil bereziak jartzen dituzte patinetan, «izanez gero».

Idoia Arregi aurreko kirolariekin ados dago, lasterketa oso berezia dela esatean. Ibartarrak korrika behin baina gehiagotan egin du ibilbidea, baina aurten berezia izango da patinekin egingo duen lehen aldia izango baita.

 
 
Datuak
 
50. Behobia-Donostia
Eguna. Abenduak 9, igandea.
Parte hartzaileak. 30.701ek eman dute izena. Horietatik %80 gizonezkoak, %20 emakumeak. 2013an, 28.342k eman zuten izena. Gizonezkoak %82, emakumezkoak %18.
Irteera orduak.
• 09:30ean, gurpildun aulkikoak.
• 09:40ean, patinatzaileak.
• 10:00etan, korrikalariak.
Kategoriak. Juniorrak, etorkizunekoak, seniorrak, beteranoak eta ezinduak.
Ibilbidea. 20 kilometro. Iaz, 19.870 metro. Irteera puntua 700 metrotan aurreratu da.
Iazko podium-a. Pedro Nimo, Marc Roig eta Chema Martinez , gizonezkoetan. Claudia Beobide, Elena Loyo eta Itziar Mendez, emakumezkoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!