Olaetxea eta Altuna bikain

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 1a, 12:13

Olaizola II.-ri 22-18 irabazi ostean ia finalerdietan da lizartzarra eta Altunak hurrengo faserako txartela lortu zuen, atzo, Gorkari 22-6 irabazi eta gero.

Partidu zaila zuen atzokoa Mikel Olaetxea lizartzarrak. Lehen aldiz Aimar Olaizolaren aurka jokatu zuen buruz buru Donostiako Atano III.a pilotalekuan eta partidu ederra egin ostean 18an utzi zuen Olaizola II.a, txapelketa irabazteko faboritoenetako bat, alegia.

Joko onarekin eta ausart jokatuz min handia egin zion Olaetxeak airez goizuetarrari. Partida parekatua izan zen ia amaieraraino eta lau tantoko aldea soilik azken emaitzan ikusi ahal izan zen harmailak beterik zituen Donostiako frontoian. Ezker gantxoaz baliatuta, 13 tanto egin zizkion Olaizola II.ri eta soilik bost pilota galduta borobildu zuen finalerdietarako sarrera eman diezaiokeen garaipena.

Ezkurdiak Bengoetxea VI.ri gaur irabazi ezkero, Olaetxea lau t'erdiko txapelketaren finalerdietan izango da. Leitzarrak irabazi ezkero, ordea, azken honen aurka hamasei tanto egitea nahikoa izango du lizartzarrak hurrengo faserako sailkapena lortzeko.

Altuna dagoeneko sailkatuta

Erraz irabazi zion Jokin Altunak Gorkari, errazegi, 22 eta 6ko emaitzak erakusten duen bezala. Partida estua eta gogorra ikustera joan zirenek, ez ziren horrelakorekin aurkitu. Dotore egin zuen bere lana amezketarrak, eta behin eta berriz azaleratu zituen dituen pilotari dohain eder eta gustagarri horiek,  erasoan zein defentsan: hanka bizkorrak, komeni zenean pilota goitik zintzilikatu, eta aukera zuenean agudo erasora; egin zituen tanto ederrak, zailtasun handikoak, ezker horman bizkarra, hirugarren koadrotik eskuin boleaz eskuineko puntara egin zuen hura adibidez. Sakez egindako falta huraxe orban bakarretakoa.

Hala ere, berak egindako tanto eder askori, Gorkaren beste hainbeste huts ikaragarri gehitu zitzaizkion; azken tantoak labur dezake partiduaren zati handi bat: Jokin frontoitik kanpo arrastaka eta Gorkak, lehen bi koadroen barruan hankak, esku eskurako pilota lurrera.

Kontuak kontu, 22-6 irabazi eta finalerdietarako sailkatua dago. Beste taldean, erabakita geratu zen zein izango den Iñaki Artola alegiarraren aurka finalerdia jokatuko duena, Riko IV. errioxarra izango da, atzo 22-18 irabazi baitzion Rezustari. Hasiera eman zioten bien artekoak eman behar ote dio amaiera Promozio Txapelketari?

 

  • Olaetxea 22 - Olaizola II. 18:

          Partidaren iraupena: 52:24 minutu guztira; 10:17 minutu jokoan.

          Sakez: Olaizola II.ak 1 eta Olaetxeak 1.

          Sakean falta: Olaizola II.ak 1.

          Pilotakadak guztira: 259.

          Egindakoak: Olaizola IIak 12 eta Olaetxeak 13.

          Galdutakoak: Olaizola IIak 7 eta Olaetxeak 5.

          Markagailua: 1-1, 2-5, 3-6, 4-7, 7-7, 8-8, 9-8, 12-9, 12-12, 13-14, 14-14, 14-15, 15-16, 15-17, 16-19, 18-20 eta 18-22.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!