Jatorri ezberdineko familiak elkarrekin bazkaldu eta ezagutzeko

Imanol Garcia Landa 2014ko urriaren 31

Bertako eta kanpotik etorritako familiak mahaian elkartu eta elkar ezagutzeko aukera ematen duen egitasmoa da Bizilagunak. SOS Arrazakeriak bultzatutako proiektua da.

Hirugarren edizoa izango da aurtengoa, eta Tolosaldean aurreko bietan harrera ona izan duela esan du Anaitze Agirre Larreta SOS Arrazakeria Gipuzkoako kideak. Egitasmo honen bidez, kanpoko eta bertako familiak elkartzen dira bazkaltzeko igande batean. Aurten azaroaren 23an izango da. "Helburua da elkar ezagutzea, normalean harremanetan jartzen ez diren pertsonak elkarrekin egotea, eta izan ohi diren estereotipoak eta aurreiritziak apurtzea", azaldu du Agirre Larretak.

Bizilagunak proiektuak ematen duen aukera nabarmendu du Agirre Larretak: "Inmigrazioari buruz eta aniztasunari buruz gure gizartean positiboan lan egin nahi dugunak bagaudela. Beraz, hori ere ikustarazi nahi da, hemen jende asko dagoela elkarbizitzaren alde eta balore positiboen alde".

Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio teknikariak esan duenez, lehenengo urtean 14 familiak hartu zuten parte Tolosaldean, iaz 22 izan ziren, eta aurtengorako izena emanda daude iazko erdiak. "Espero dugu iazko kopurura iristea", esan du Moralesek eta parte hartzera animatu du. Izena eman nahi duenak info@mugak.org helbidera idatzi dezake edo 943 32 18 11 telefono zenbakir deitu.

Azaroaren 23an izango da bazkaria, eta bi familiekin batera dinamizatzaile bat izatean da. Azaroaren 29an Donostiako Victoria Eugenia antzokian ekitaldia izango da parte hartu duten familia guztiekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!