Euskarazko irakaskuntzak 100 urte

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 2a, 13:00

Migel Muñoa, Ixaka Lopez Mendizabal, Antonio Maria Labaien, Joxe Azkue, Patrizio Orkaiztegi, Xabier Peña, German Kabarbaien... Tolosaldeak baditu euskarazko irakaskuntzaren hainbat aitzindari.

Ehun urte bete dira aurten lehenengo euskarazko ikastetxea martxan jarri zela. Migel Muñoak abiatu zuen Donostian eta 1936ko gerra arte iraun zuen. Muñoa bera Donostian jaio bazen ere, bere familia Bidaniakoa zen eta bertako elizan lurperatzea eskatu zuen, bere familiaren panteoian.

Eta zein zen Migel Muñoa 1914ean euskara hutsean eta bere diruarekin euskarazko eskola bat abian jartzeko? Iban Muñoa bere ahaideak (bere birraitona Juanen anaia zen Migel) eman ditu azalpenak: «Migel Muñoa bidaniar jatorria duen Muñoa-Pagadizabal familiaren semea da. Santa Ageda baserrian jaio zen. Markos Antonio Muñoa izan zen bere aita. 20 urte zituela Argentinara joan zen eta han aberatsa egin zen, eta ondoren itzuli zen Donostiara eta han eraiki zuen bere etxea, baina beti Bidaniarekin, bere sorterriarekin, harreman oso estua mantenduz».

Markos Antonio Bidaniako Elola baserriko Manuela Pagadizabalekin ezkondu zen, bera baino 43 urte gazteagoa, eta bi seme izan zituzten, Juan eta Migel. Biak Donostian jaio ziren, baina gurasoak bidaniarrak izanik, lotura estua zuten hauek ere gurasoen herriarekin. «Bidania herrigunerik gabeko herria zen, eta eliza hilerriaren ondoan zegoen, toki deseroso batean. Markos Antoniok, bere azken urteetan, eliza berria eraikitzeko agindua eta dirua eman zuen. Hamasei-hamazazpi urte zituztela, Juan eta Migel Muñoa elizaren eraikitze prozesuan murgilduta egon ziren. Gaztetatik izan zituzten kultura eta arkitekturarekiko jakin-nahia».

Elizaren ondoan Muñoa jauregia eraiki zuten, eta plazaren inguruan apaizaren etxea eta eskola txikia eraiki zuten. Hain justu, 1919an udalak herrian egindako guztia eskertu eta plazari Juan eta Migel Muñoa izena jarri zioten. Esker on hori, gainera, euskara hutsean jarri zuten. «Nik uste dut haiek bidaniar sentitu zirela beti. Norbaitek aukeratzen badu bere lur ematea, bere azkeneko txokoa, Bidanian izatea... Non jaioko garen ez dugu aukeratzen, baina non nahi dugun gelditu bai», esan du Iban Muñoak.

Irakaskuntza eta antolakuntza, euskaraz

Juan eta Migel «euskaltzaleak, abertzaleak eta aberatsak» ziren, eta «ikusten zuten tristura handiz Bidanian euskara hutsean bizi ahal zuten mundu hori, Donostian, XX. mende hasiera horretan, ezinezkoa zela. Donostian euskara bazter hizkuntza moduan tratatzen zela ikusten zuten». Testuinguru horretan, Migel Muñoak «euskararen eta euskaltzaletasunaren» bidea hartzen du eta 1914ean irekitzen du Donostian euskara hutsean irakasten zen lehen eskola. Iban Muñoak azaldu duenez, «ez zen bakarrik euskaraz irakasten, antolakuntza osoa ere euskaraz zen».

Migel Muñoak ez zuen, dirudienez, itxaropen handirik, hasiera pisu txiki batean izan baitzen: «Bere ezuste izugarria izan zen bi urtetan dagoeneko 200 ikasle inguru zituela». Eskola doakoa zen, jaten ematen zen bertan, eta aisialdiko uneak ere zaintzen zituzten. Euskarazko materialik ez zegoenez, Migel Muñoak berak bultzatu zuen ikasketa liburuak sortzea. «Bera ez zen filologoa, edo pedagogoa, bera euskaltzalea zen, eta laguntzen zuen jakitunei bidea emanez. Ez zuen libururik idatzi, baina lagundu zuen liburuak argitaratzen eta zabaltzen».

Iban Muñoak azaldu duenez, Migelek «segituan ikusi zuen bide ona hartu zuela eta hortik jarraitu zuen. Hasierako pisua eta gero, Alde Zaharrean eraikinak erosi zituen, eta mutilentzat eskola, neskentzat eskola eta haur eskola jarri zituen martxan. Berak zuen ondasuna inongo frenorik gabe erabiltzen zuen. Azkenean ugaldu eta zabaldu zuen hori dena».

Euskal ikastetxearen historia bat-batean amaitu zen 1936ko gerrarekin. «Tropa frankistak Donostiara iritsi zirenean Juan eta Migel atxilotu egin zituzten, euskaltzaletasunaren pertsona erreferente bezala». Etxean kontatu diotenez, Argentinako kontsula joan omen zen agintaritzara esanez bi pertsona horiek bere ardurapean zeudela eta Argentinako enbaxadoreak emandako dokumentazioa zuela. Donostiatik atera eta Iparraldera joan ziren Muñoatarrak, Donibane Lohitzunera. «Hor bukatzen da familia aberats baten historia eta hasten da, beste hainbat familiekin gertatu zen bezala, erbesteratutako familia baten historia».

Muñoatarrei Donostiako eta Bidaniako ondasunak kendu zizkioten eta enkantean jarri. «Bere ondareak konfiskatuak izan ziren eta modu oso azkar batean, enkante bidez-eta, banatu zen. Adibide gisa, Bidanian dagoen Muñoa jauregiaren enkantea kasualitatez Donostiako Falangeko lehendakariak irabazi zuen». «Garai horretan izan zen arpilatzearen beste adibi-de bat» dela dio Iban Muñoak: «Azkenean aitarekin 80ko hamarkadan Bidaniara itzuli ginenean, ez zegoen inondik inora berreskuratzerik ondare guzti hori. Legeak onartzen ditu jabe berri horiek eta horrela bukatzen da historia. Badirudi ahaztu egin behar dela, baina ez dugu ahaztu nahi. Orain belaunaldi berrikoak galdera egiten ari gara».

Migel eta Juan ez ziren behin ere itzuli bizirik Gipuzkoara. Hil eta 15-20 urte beranduago posible izan zen gorpuak Bidaniara ekartzea, eta egun elizan bertan dagoen familiaren hilobian daude. «Zarata handirik egin gabe ekarri zituzten, eta gero gurasoek berriro alde egin behar izan zuten Iparraldera, aiton-amonak han bizi zirelako». Euskaltzaletasunaren haziak familian jarraitu zuen, eta, esaterako, Iban Muñoaren anaia izan zen Seaskako lehen ikasleetako bat. «Euskararekiko maitasuna etxean beti izan dugu. Gogoan dut amonak lehenengo aldiz gazteleraz entzun zidanean, zortzi urte inguru nituela, ia-ia negarrez hasi zen».

Ikastolen elkarteak omenaldia egin berri dio Migel Muñoari, lehen euskal ikastetxea sortu zeneko mendeurrena bete zelako. «Oso hunkigarria izan zen guztiontzat», esan du Iban Muñoak. «Badakit nire gurasoek eta aiton-amonek tragedia bat bezala bizi izan zutela eta ez zen asko hitz egiten honetaz. Orain ikustea bere figura berreskuratu dela, eta Ikastolen Elkarteari eskertzen diogu hori, gure familiarentzat hunkigarria eta aberatsa izan da; azken finean konturatzea orain dela ehun urte, garai hartan, horrelako ekimen bat bultzatzeak bere meritua duela».

Tolosako lehen ikastola

Migel Muñoak Donostiako ikastetxea martxan jarri eta hortik urte gutxira, Tolosan euskaraz irakasteko ekimen bat jarri zen abian. 1922. urtean urtarrilaren 9an sortu zen Tolosako Gorriti plazaren 22. zenbakian herriko lehen ikastola.

Aurreko urtean orri bat banatu zuten, euskaraz eta gazteleraz, Euskera maite al-dezu? izenburuarekin, eskola sortzeko premia zabalduz tolosarren artean. Ikastetxe berriaren batzorde eragilea osatzen zuten Patrizio Orkaiztegi, Joxe Azkue eta Ixaka Lopez Mendizabal ziren sinatzaileak, eta, izenburuko galderari jarraipena eginez, horrela zihoen orriak: «Eta Euskera maite dezularik, ez al-dituzu beñere malkoak begitara irten-naian nabaitu, Tolosa'ko kalean, urte gutxi barru, Euskarak beruntz daraman joaira ikusita?». Orrian bertan «hizkera baten erortzea haurrengan nabaritzen dela— diote, eta Tolosan “haurren ezpainetatik euskara ihesi— doala.

Aipatutako hiru eragile horiez gain beste izen batzuk ere baziren ikastola horren bultzatzaileen artean: Antonio Maria Labaien, Ramon Larrañaga, Doroteo Ziaurriz, J. Antonio Irazusta, Pepe Eizagirre, Periko Laskibar, Jose Mari Agirre Lizardi...

1936ko gerra aurreko ikastola horri buruz lan bat egin zuten Bakartxo Goikoetxeak eta Izarne Drabasak, eta bertan urte haietan Tolosan bizi zen testuingurua zehazten dute: «Tolosan bi talde azaltzen zaizkigula esan dezakegu: karlistak eta euskaltzaleak. Udalean gehiengoa karlistek zutenez euskaltzaleen ekintzei, gehienetan behintzat, uko egiten zieten. Horregatik, ikastola sortu zenean udalak ez zuen inongo laguntzarik eman, alderantziz, trabak jarri baizik ez zuen egiten».

Aurrera egin zuen ikastolak, baina ez oztoporik gainditu gabe. Madrilgo Gobernutik ixteko agindua eman zuten. Horrela jasotzen dute Goikoetxeak eta Drabasak gertakaria bere lanean: «Primo de Rivera garaian, Madrildik Tolosara Macapilac gobernuko ordezkari bezala bidali zuten. Gorritiko plazako ikastola parean zegoen Hostal Ereñaga omen zuen ostatuz. Bere iritziz, ikastolan politika egiten zen eta gainera, parean lo egiten zuela eta, goizero haurren zaratekin (berak zionez abestu beharrean uau-uau egiten zuten) ezinezkoa zitzaion lo egitea. Bi arrazoi hauengatik itxi arazi zuen ikastola. Noski, Madrildik ere ez zuten begi onez ikusten ikastola».

Berriro irekitzea lortu zuten ikastolaren eragileek, eta Gorritikoa txiki geratu zenez, Laskorain kalean beste gela bat ireki zuten 1930. urtean. Migel Muñoak Donostian sortutako eskolari gertatu moduan, 1936ko gerra irabazi zutenek Tolosako ikastola itxi egin zuten. Gerraren ondoren, 1967. urtean, egungo Laskorain Ikastola jarri zuten martxan.

Xabier Peña, Bilbon aitzindari

Xabier Peña tolosarra Migel Muñoaren eskolaren urte berdinean jaio zen, 1914ean, eta 1980an hil zen. Bidegileak sailerako egindako liburuxkan, Elixabete Garmendiak garbi azaltzen du Peñaren eragina: «Bilboko gerra osteko euskal giroa aipatu, eta berehala aterako da Xabier Peñaren izena, batez ere euskarako ikasle izan zituen haien ahotik. Mila ikasletik gora igaro ziren bere eskuetatik 1949 eta 1980 bitartean, zuzenean nahiz berak antolatutako gau-eskoletan. Hori izan zen bere lan erraldoia, hutsetik eta isilean hasitako mugimendua. Ez zen, ordea, nagusiei euskara irakastera mugatu, euskal unibertsoaren beste atal batzuei ere heldu zien. Bilboko lehen ikastolaren sorrera bultzatu zuen 1957an, San Nikolas ikastolarena. Eta 60ko hamarkadan euskarazko irratsaioak zuzendu zituen Herri Irratian. Euskararen zabalkundea izan zen bere bizitzaren ardatza, eskueran zituen baliabide guztiak hartara jarriz».

Gerra ondorengo Bilboko euskalgintzan, beraz, garrantzia handikoa da Peña. Ikastolaren sorrerari dagokionez, 1956an Parisen ospatu zen Munduko Euskal Biltzarrean jasotako eragina nabarmena izan zen. «Biltzarrak arreta berezia jarri zion irakaskuntzari, eta ordurako han-hemenka zebilen kezkari haize eman zion: euskarazko irakaskuntza antolatu beharra zegoen haurrentzat», jaso du bere testuan Garmendiak.

Xabier Peñak Elbira Zipitriarekin eta haren jarraitzaile zen Karmele Esnalekin harremanetan izan zen Pariseko biltzarrean. Zipitriak, ordurako, gerra osteko lehen ikastola antolatua zuen Donostian. «Horixe zen Peñak Bilborako nahi zuena», idatzi du Garmendiak. «Gurasoak bildu, lokalak bilatu, eta andereñotarako M. Angeles Garai zeukan begiz jota. Hortaz, hurrengo urtean, Zipitriarenean zen garai praktikak egiten, hilabete besterik ez, gainerako guztia prest baitzegoen. Eta horrela, 1957ko urriaren 9an ireki zen Bilbon gerra osteko lehen ikastola izango zena, San Nikolas elizako katekesi gelan, hamahiru ikaslerekin. Hilabete batzuetara, urtarrilean, beste haur talde bat hasiko zela eta bigarren andereñoa bilatu zuten, Agurtzane Alberdi, hau ere Xabier Peñaren ikaslea. Hortik aurrera Peñak ikastolari lotuta jarraitu zuen, udalekuen antolaketan, andereño gaiak alfabetatzen, eta geroago, Lauro ikastola sortu zenean, bazkide izan zen».

Elbira Zipitria Migel Muñoak sortutako eskolan irakasle izan zen. Horrek ere erakusten du, lehen euskarazko ikastetxeak ez zirela haurrek euskaraz ikasi eta hezteko bakarrik, baita euskaltzaletasunaren habi eta iturri ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!