Orexan eta Berastegin kultur asteak amaitzen

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 31a, 11:00
Orexa eta bere inguruko arkeologia hitzaldia eskaini zuen, Arkeolango Mertxe Urteaga arkeologoak

Orexan bihar emango diote amaiera kultur hamabostaldiari eta Berastegin igandean kultur asteari

Orexa eta Berastegin kultur asteetan barneratu dira azken egunetan. Orexan urriaren 17an hasi zuten kultur hamabostaldia, eta bihar amaierara iritsiko da. Berastegin, duela astebete hasi zuten eta igandean amaituko da.
Gaur Iduzkilore antzerki konpainia amateurrak Telesforo Monzonen antzezlan bat eskainiko du. Bihar arratsaldean haurrak izango dira protagonista eta gauean herri afaria eta parranda izango dituzte.


Berastegiko azoka
Berastegin, gaur jarraituko dute pasa den astean hasitako kultur astearekin. Gaur eta bihar artean haurrei eta helduei zuzendutako hitzaldi eta ikuskizunak izango dira, pintxo poteaz gain.
Igandea, berriz, azokaren eguna izango da. 11:00etatik aurrera frontoia eta futbol zelaia postuz beteko dira. Eta azokako postuez gain, VII. ardi-ahari eta bildots lehiaketa, VIII. animali erakusketa, XII. argazki lehiaketako sari banaketa, VI. arroz-esne lehiaketa eta XXIII. gazta lehiaketa izango dira.
Arroz-esne lehiaketan parte hartzeko, esate baterako, nahikoa da igandean bertan 11:00etan herriko pilotalekuan aurkeztea arroz-esnea. Norberak nahi dituen osagaiak erabili ditzake, baina bi litro esne erabili behar dira eta ontzi bakarrean aurkeztu behar da.
Gazta lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek, berriz, igandean 10:00 aurkeztu beharko dituzte gaztak frontoian. Etxeko ardi esnearekin egin behar da, eta gazta bakarra aurkeztu daiteke. Irabazleak 150 euro irabaziko ditu.

Egitarauak


OREXA
URRIAK 31, GAUR
22:00. Hazparneko Anderea antzerkia, Iduzkilore antzerki taldearen eskutik.
AZAROAK 1, BIHAR
17:00. Maider Osa ipuin kontalaria: Belarriak erne, begiak zabalik.
Ondoren. Merienda eta puzgarriak.
21:00. Herri afaria.
Ondoren. Gabezin taldea eta DJ Bull goizaldera arte.
BERASTEGI
URRIAK 31, GAUR
16:15. Artzainen parkea Kulkiren eskutik, eskola atarian. Tartean, txokolate jatea.
19:00etatik aurrera. Pintxo potea herrian zehar.
21:30. Mendizaletasunaz hitzaldia, Felipe Uriarteren eskutik, erabilera anitzeko gelan.
AZAROAK 1, BIHAR
19:00. Piano bat bertsotan ikuskizuna, erabilera anitzeko gelan.
AZAROAK 2, IGANDEA
11:00. Azoka.
13:30. Lehiaketa guztietako sari-banaketa.
18:00. Talo jatea eta goizeko lehiaketetako gazta eta arroz-esneen dastaketa, ardoak eta sagardoak lagunduta. Tartean Maialen Argote eta Irati Irurtzun trikitilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!