Autobus zerbitzu berria aurkeztuko du Foru Aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko urr. 29a, 10:56

Hirugarren fasean egindako ekarpenei esker zerbitzu berria jarriko da martxan hurrengo urtean.

Gipuzkoako autobus zerbitzua hobetzeko asmoarekin Herritarrekin Martxan izeneko prozesua jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den urrian. Hainbat fasetan antolatu da zerbitzua berritzeko eta hobetzeko prozesua eta herrialdeko eskualde guztietan zehar gerora martxan jarriko den autobus zerbitzuaren aurkezpen bilerak egiten ari dira. Gaur izango da Tolosaldeko bilera hori Tolosako kultur etxean, 18:30ean.

Laugarren fasean aurkitzen da ekimena eta azken fase honetan zerbitzu berriak edo hobetuak herritarrei ezagutzera eman nahi dituzte Foru Aldunditik.

Egitasmoaren lehen fasea 2013ko urrian eta azaroan hasi zen. Fase honetan zehar, herritarrekin, hainbat eragilerekin eta herrialdeko udalekin datuak kontrastatu eta ekarpenak jaso ziren. Bigarren fasean, aurtengo martxora bitarte, autobus zerbitzua hobetzeko aurreproiektuak idatzi zituen talde teknikoak. Hirugarren fasean herritarrek ekarpen gehiago egin zituzten autobus zerbitzua hobetzeko eta laugarrene fase honetan, herritarrei urtarriletik aurrera martxan jarriko diren aldaketak zein diren adieraziko zaie.

Autobus zerbitzuaren inguruan egindako iradokizun eta proposamenak, guztira, 193 izan ziren eskualdean. Herritarren parte hartzearekin osatu nahi izan dute ibilbidea eta eskualdeko geraleku eta autobus ibilbideetan aldaketa dezente izango dira urtarriletik aurrera.

Unibertsitatera bidaia luzea

Anoeta eta Irurako unibertsitate ikasleek ere autobus zerbitzua berritzeko beharra ikusi dute azken urteetan. TSST autobus linea eskualdeko hiru udalerritan geratzen da bere ibilbidean zehar: Iruran, Villabonan eta Tolosan.

Villabonako nahiz Tolosako unibertsitate ikasleek zuzeneko autobus zerbitzua dute Donostiako EHUren kanpusera egunero joateko. Irura eta Anoetako ikasleek ez dute aukera hau, ordea, eta geldialdi guztiak egiten dituen TSSTeko autobusak hartu behar izaten dituzte unibertsitatera garraio publikoan joan nahi badute behintzat. Ia denbora bikoitza eskatzen du bidai honek eta urtarriletik aurrera egoera hau konpontzea aurreikusten da Herritarrekin Martxan izeneko Foru Aldundiaren ekimen honi esker. Izan ere, Donostiarako autobusaren ibilbidearen barruan autobus geltoki bat ere jarriko da Anoetako herri sarreran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!