"Lehen enpresa bizilaguna lehiakide soil moduan ikusten zen; orain ez"

I. Terradillos/I. Urkizu 2014ko urr. 29a, 10:19

Tolosaldearen garapenean parte hartzen izeneko jardunaldia izango da, gaur, Lehiberri zentroan. Garikoitz Aranburu Idiazabalgo Ampo enpresako kontseilu errektoreko kidea da, eta hizlarietako bat izango da.

Zertan aritzen da Ampo?
Duela 50 urte Idiazabalen sortutako kooperatiba da eta, hasieran, galdategi edo fundizio bat sortu zuten eta, hainbat kide fundizio enpresa hartatik irten ziren, klandestinitatean Ampo sortzeko. 29 pertsona inguru hasi ziren egitasmo hartan, eta, aipatu bezala, aurten 50. urtemuga ospatzen ari gara. Gure enpresak hainbat aro bizi izan ditu, eta hasieran galdategia zenari, Poyam balbulagintza gehitu zitzaion gero. Matesa kasuak entzute handia izan zuen hemen, eta Poyam ixtera zihoala, Ampok lagundu egin zion. Jada 2000. urtean, MCCn sartu ginen, bi urte geroago irten eta Koldo Saratxagak sortutako Ner Group-en sartzeko.

Eta zein dira zuen proiektuaren oinarriak?
Pertsonengan oinarritutako proiektu bat da eta, bertan, autogestionatutako taldeetan funtzionatzen dugu, liderrek taldearen indarra dute. Horrek guztiak behar bezala funtzionatu dezan, pertsonenganako konfiantza ezinbestekoa da, noski, eta, adibidez, ez dugu fitxatu beharrik; proiektuz proiektu lan egiten dugu guk. Gaurko hitzaldian, beraz, aipatu dudana abiapuntu hartu eta Ampo zer den erakusten saiatuko naiz.

Zenbat langile ditu, gaur egun, Ampok?
Gaur egun 700 langilen inguru aritzen gara; horietatik 500 Idiazabalen aritzen gara, eta, beste 200 Indiako lantegian aritzen dira.

Historia eta langileria sendoa dituen enpresa da Ampo. Osasunez ere hala al dabil?
Bai, egia esan ondo gaude. Urte bukaerara baxuago helduko gara, baina datorren urterako proiektu handiak ditugu; egitasmoak ez ditugu galdu, baina atzeratzen ari zaizkigu. Dena den, itxaropentsu gaude, eta, azken finean, erronka handiak ditugu esku artean.

Krisiari eutsi dion enpresetako bat zarete, beraz.
Bai, hala uste dugu. Ikusi egin beharko da aurrerantzean zer gertatzen den, baina horretan saiatzen ari gara. Uste dut, urteetan barrena, Ampok jakin izan duela norabide ona hartzen, eta aldaketak egin behar zituen garaian egiten, askotan zaila izan den arren. Hitzaldian aipatuko dugun gauzetako bat gure filosofia izango da, eta horren barruan honako galdera dago: enpresa zertarako dago, etekinak ateratzeko bakarrik, edo bestelako inplikazioa lortzeko? Inplikazioa diogunean, langileen konpromisoaz ari gara: beti bezeroen ondoan egotea; polibalente izatea; edo, bezeroen arazoak ezagutu eta hori enpresari helaraztea, denon artean konponbide bat aurkitzeko.

Horrekin batera, enpresaren kokapena ere garrantzitsua izango da, ezta? Goierri ekonomikoki eskualde sendoa da.
Bai. Goierrin oso enpresa indartsuak daude, eta ikusten ari gara enpresa horiek ondo finkatuta zeudela sorreraz geroztik, krisiari horrela eusteko. Adibidez, Tolosaldea saretzen egitasmoaren pareko, Goieki proiektua dugu hemen, eta enpresa traktore indartsuak daude tartean: Irizar, Orkli, Ampo, Indar, Lortek... Horrela, beraz, talde horren barruan guk dugun esperientziaz ere ariko gara Lehiberrin, nahiz eta Tolosaldeko errealitatea desberdinagoa izan.

Goierrin ekonomiaren zama daramaten enpresa indartsu asko daude eta, Tolosaldean, berriz, gehiago dira enpresa ertain nahi txikiak. Zein da desberdintasun horren garrantzia zure ustez?
Enpresa handi eta indartsuak izatea oso-oso garrantzitsua da, batez ere, gaur egun nazioartean ibili behar delako. Guri iruditzen zaigu Goierrin oso enpresa indartsuak daudela, baina, egia da, mundura begira jartzen garenean, gure enpresak ez direla hain handiak. Asian, adibidez, gure enpresak baino hamar aldiz handiagoak daude gaur egun. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait Tolosaldea saretzen bezalako jarduerak antolatzea, munduan bakarrik ibilita oso zaila delako aurrera egitea. Enpresen arteko sinergiak aprobetxatzea eta nolabaiteko elkarlana sustatzea benetan ezinbestekoa da, gero zenbait helburu lortu nahi izanez gero.

Zein da zuek indarrean jarri duzuen eredua?
Gure komertzialak munduan barrena asko ibil daitezen saiatzen gara, eta, jardun horretan, adi ibil daitezen. Era berean, esparru bertsuetan aritzen diren inguruko enpresekin harremanetan aritzen gara etengabe. Eta, hain zuzen, hor aldaketa bat gertatzen ari dela uste dut, izan ere, lehen enpresa bizilaguna lehiakide soil moduan ikusten zuten enpresek; gaur egun alderantzizkoa gertatzen da, eta informazioa partekatzea oso aberasgarria da.

Aurrera begira, enpresagintzarako hezkuntza ere ezinbestekoa da, ezta?
Goiekin erronka interesgarri batekin ari gara orain, eta zein sinergia sortzeko aukera dugun ikusten saiatzen gara. Ondorio batera iritsi ginen, adibidez: kontratazioak egiterakoan zenbait akats egiten ditugu. Enpresa bakoitza bere bizipenak kontatzen hasi da, izandako arazoekin-eta, eta zenbait ondorio atera ditugu. Hori hezkuntzara helaraztea da gure nahia, erabilera emateko asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!