«Euria eginez gero zulotik behera materialak eroriko dira»

A. Imaz/I. Agirre 2014ko urr. 28a, 11:06

Euskal Herriko Unibertsitatean geodinamika eta geoteknia irakaslea da Tomas Morales. Ikasleekin batera urtero bisitak egin ohi ditu ETSaren tunelak ezagutzera eta Hernialden sortutako zuloaren inguruko  beste ikuspuntu bat du berak bere ezagutzari esker.

Normalak dira horrelako zuloak sortzea tunelak egiten direnean?
Tunela egiten ari zaren heinean lortzen duzu bertako harriaren ezaugarrien benetako informazioa. Honenbestez, tankerako istripuak gertatzen dira, baina nik ez nituzke normaltzat hartuko, istripu diren momentutik ez dira normaltzat jo behar.

Istripuak gertatuko diren? Noski zero arriskurik ez dela existitzen. Behin egoera kontrolatzen denean, tunel barruan segimendurako ekipamendua ezartzen denean, kontrol horretan diru eta indar gehiago jartzen denean, lan horietan istripuak ekidin egingo dira.

Zergatik gertatzen dira horrelako istripuak?
Kontuan izan behar da tunel bat egiten dugunean hutsune bat sortzen ari garela. Hutsune honen inguruan ezegonkor geratu daitekeen materialen bat baldin badago hutsunera eroriko zaigu. Normalean, zulatzen den espaziotik oso gertu dauden harri txikiak edo ez oso handiak erortzen dira.

Kasu honetan lur azalean sortu den zulo handiak atentzioa deitzen du. egonkortasuna lortzea benetan zaila izango da orain seguruenik ere. Orain, tunelaren barrutik lana egiteaz gain kanpotik ere erantzun beharko da soluzio erreal bat emateko. Benetan konplexua da hau eta ikertu beharreko erantzuna ematea behar beharrezkoa da honelako kasuetan.

Zuloa sortu zenetik orain arte handitu egin da. Handitzeko arriskuak jarraitu dezake?
Hasiera batean, azpitik lurra ezegonkortu denez, lurrak eboluzionatzen jarraituko du tunelera iritsi arte. Dirudienez tunela zigilatu dute eta honen antzeko hainbat ekintza desberdin  burutu ondoren ingurunea egonkortuta dago. Noski, tunelaren ingurua egonkorturik dago baina ez zuloa bere horretan, euria eginez gero, zuloko gune horretatik materialak beheraka eroriko dira, horregatik nahitaezkoa da lanean jarraitzea.

Zuloa kontrolatuta dagoela esaten dutenean tunelaz ari dira orduan.
Bai, tunelaren inguruneaz ari dira. Hainbat neurri hartu dira tuneletik bertatik, egin behar den moduan. Logikoki bertatik hartu behar dira lehenengo neurriak, bertatik sortu baita arazoa. Hala ere, tximinia guztia desegonkortu da eta behin hau sortuta, honen egonkortasuna ezin da bermatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!